Itxaro Borda
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

M2

2021eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Gauza asko ikasi dugu pandemia honen karietara. Gutaz eta inguratzen gaituztenez. Egun oroz supermerkatura joatearen antzeko premiazko ekintzak eta balio gabekoak bereizarazi dizkigute. Pilits halatan, filmak eta liburuak... Egitura neoliberala eta kontsumoa sustatzera deitu gaituzte, eta aldi berean, dirurik eta lanik gabe geratu gara. Espazioa murriztu digute kilometro bakarreraino. Ordua, hamsterra errotan batean legez, korrika eta biribilka higatzen genuen. Pantailetan, jakintsuak agertu zaizkigu, pertsona bakoitzaren lur-huts bitala zein izan zitekeen eztabaidan. Lau metro karratu hondarrean, ez gehiago, ez gutxiago. Onar dezagun koronabirus urte hau ez dela debalde pasatu...

Lau metro karratuko eremua nahikoa al da bizitza otzan baten eramateko? Kasko zokoan, galdera, uher zebilkigun. Eta etxeari begirada borobila bota orduko, ohartzen ginen ez ginela egoitza handiagoetan ohatzen. Galderaren berehalako erantzuna. Pisu are itxiagoetan kokatzen direnak ere ezagutzen ditugu. Pribilegiatu batzuek ihes egin diote hertsitasun letal hori: Europan, osasun neurri zorrotzak jasan ordez, ihauteko oporrak Dubai aldean pasatzera hegaldatu dira. Dubain, guztia libre da, epidemiarik ez omen dago, ostatuak, jatetxeak, desertuak, aske dira denak, baina pentsatzeko libertatea eskas. COVID-19 garaian, naski, pentsatzea ere balio gabeko zeregin galduen sailean eman da.

Azken aldiko zutabean aipatzen nuen gure baitan errotua daramagun isolatzeko jaidura arketipal isildua. Egia da hiri gain-populatuetan bizi garela, eta ateratzen garenean, intimitatea sakrifikatzen dugula. Edo gure intimitateaz zaplaztatzen dugu plaza publikoa, nondik ikus. Epidemiak bakartzen gaitu eta elkarlanaren ildotik urruntzen. Nahikundeak hor, egoera larriaren oihan trinkoak gurutzatzen ditu. Bazterrak sutzen direnean, birus-marmutxa, tematsuago etamehatxulari hurbiltzen zaigunean, espazio bitala handitzen digute, hamar metro karraturaino, osagarria segurtatzeko ezinbesteko aldagaia bailitzan.

Funtsean, zein da behar dugun espazio minimoa? Hiru metro karratu, bi konfinamenduren artean, Atalante zinegelan programatu zuten Oskar Alegriaren Zumiriki obran bezala? Ala hamabi, HD Thoreauk Walden aintzira hegian 1845ean eraiki etxolaren eredura? Betidanik gustatu zait, negu minean, bere egurrezko palazioko supazterraz nola gozatzen zuen behin eta berriz irakurtzea. Badakigu, bukatzeko eta ororen buru, ilun eta triste jarri gabe, eternitatean, anitzez leku gutxiagorekin konformatu beharko garela...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.