Gorka Azkarate.
IRITZIA

Irrien (eta malkoen) lagunak

2019ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Gipuzkoako zein Euskal Herriko edozein txapelketatako saioren bat Oiartzunen kokatzen denean, beti sortzen da atmosfera berezi bat. Pasa den igandeko kartela ere erakargarria zen oso. Eta horri finalerako txartela(k) jokoan zeudela gehituz gero, ba gertatu zena gertatzen da, ez besterik: kiroldegi leporaino betea, eta bertso saio ederra hasieratik bukaerara.

Izan ere, barruan zeukaten guztia ematera oholtzaratu ziren sei bertsolariak; ez zen bakar bat ere ezkutatu, eta bakoitzak beretik baina guztiontzat, ertz ugariko saioa ondu zuten, entzuleon gozamenerako. Oraingoan, gainera, aurreko asteko saioko abisua ondo barneratuta, bikain sartu ziren ia denak hamarreko handiko gaietan zein bere rol politikoki ez zuzen horretan, eta bertsoaldi ederrak entzun ahal izan genituen ariketa horretan (bereziki deigarria Alaia Martinek ariketa honi eman zion abiadura eta sinesgarritasuna, Beñat Gaztelumendirekin osatu zuen bertsoaldi betean).

Ikaragarria izan baitzen, izan ere, Alaia Martinek osatu zuen lana. Txapelketa ezberdinetan izan dituen azken saioetan sentipena genuen ez zuela bere onena eman. Oiartzunen, arantza atera, eta (datorren igandeko saioaren faltan) bere burua ia-ia Illunben kokatu zuen. Ia-ia diogu, puntu gutxi batzuren tartea aterata Gaztelumendik lortu baitzuen zuzeneko txartela. Añorgarra bere ohiko mailan aritu zen kantuan, hots, txapelketa honetako beste bertsolari gehienentzat teknikoki eskuraezina den mailan. Horrek ez du esan nahi bertsoaldi guztietan bete-betean asmatu zuenik, baina asmatu zuenetan (kartzelakoan, kasu) merezitako puntu zakukada erdietsi zuen.

Ane Labakak ere majo gozarazi zituen Elorsoron bildutako entzuleak. Kartzelan puri-purian dagoen helduleku bat aukeratuta kantatu zuen, gauez erasoko dioten beldurrez etxeratzen den emakumearen roletik hain juxtu, eta bertsoaldi hori arratsalde guztian zehar egindako lanaren errematea izan zen. Kartzelan bertsolariek helduleku sinesgarriak aukeratzen dituztenean lortzen baitute, izan ere, entzuleak hunkitzea. Asier Azpirotzek ere, igandeko laugarren sailkatuak, lortu zuen beretik kantatuz entzuleak poltsikoratzea (potoren bat ere egin ote zuen, kontuak atera non legokeen bestela). Txapelketa honetan maila bikaina eman duen beste bertsolari bat, Ane Labakarekin batera Tolosako emaitzaren zain azazkalak jaten egon beharko duena. Saioan galduta ibili zela aitortu zuen Mantxik amaierako agurrean. Egia da gauza oso onak eta ez hain onak tartekatu zituela saioaren joanean, baina ez zitzaigun iruditu halako aitorpen umila merezi zuen saioa osatu zuenik. Puntuka, zortziko txikian... izan zituen ateraldi jenial horietakoak, saioari pisua kentzen diotenak, eta hori beti da eskertzekoa. Amaia Iturriotz izan zen seigarren Oiartzunen, eta jaso zuen puntuaketari erreparatuz soilik erdipurdiko saioa ondu zuela esango luke Elorsoron izan ez zen bertsozale batek. Saioaren amaieran uste orokortu xamarra zen agian goraxeago behar zuela nola puntuz hala postuz. Gogoratzekoak, edozein kasutan, Ane Labakarekin batera osatu zuen hamarreko handikoa eta Beñat Gaztelumendirekin osatu zuen seiko motza. Udaberriko fasetik hasita, oso urrun iritsi den bertsolaria, egindakoarekin pozik egoteko moduan dagoena.

Eta igandean, denak Tolosara (sarrera bat eskuratzea lortu dugunak, behintzat...).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.