Marta Pessarrodona. Idazlea

«Interesatu izan zaidan jende guztia ezagutu dut»

Hirugarren idazlea da Letra Katalanen Ohorezko saria jasotzen, eta seigarren emakumea. Poeta, saiakeragile, narratzaile, itzultzaile, literatur kritiko, editore eta artikulugile ibilbide luzeari esker, Katalunian gehien estimatuetako intelektual bat da Pessarrodona.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2019ko martxoaren 31
00:00
Entzun
«Zurekin hitz egitea da lehendabiziko saria», telefonotik, Marta Pessarrodona poetak (Tarrassa, Herrialde Katalanak, 1941). Jordi Cuixart dago hariaren bestaldean, Lledonersko espetxean. Hori izango du azken deia handik presoak, Madrilen egiten ari zaizkien epaiketan deklaratzera —otsailaren 1ean— eraman aurretik.

Omnium Culturalek 1969tik urtero-urtero eman duen Letra Katalanen Ohorezko Saria, aurten, Pessarrodonak jasoko du, ekainaren 3an. Egoeraren surrealismoaz mintzo zaio BERRIAri, etxetik, telefonoz: «Zail egiten da sinesten bizitzen ari garena. Aizu, frankismoa nozitu genuen, eta nahikoa».

Poeta gisa nabarmendu da, baita letra katalanetako hainbat izen handiren inguruko ikerketa lan eta biografiengatik ere. Virginia Woolfen eta Bloomsburyko taldearen gaineko Europako aditurik handienetakotzat jo ohi dute.

Letra Katalanen Ohorezko saria jasoko duzu ekainean. Sant Jordi Gurutzea jaso zenuen, 1997an; Generalitateak ematen duen Literatur Sari Nazionala, 2010ean. Zer garrantzi ematen diozu oraingo sari honi?

Nobel saria jaso izan banu bezala sentitzen naiz. Diruan alde pixka bat badago, baina gainontzean, antzeko [barre txikia]. Ez, benetan, oso garrantzitsua da sari hau.

6 urterekin, argi omen zenuen idazle izan nahi zenuela. 10 urterekin, Federico Garcia Lorca miresten hasi omen zinen.

Bai. Eta 13 urterekin Bartzelonako Maragall Institutura bidali nindutenean ikastera, ikasgelako poeta izan nintzen. 15-16 urterekin, Frantziara bidali ninduten abuztuan, etxe batera, frantsesa ikastera, eta garai hartan Françoise Sagan izan nahi nuen, lehen hiru eleberriekin irabazitakoarekin etxaldea eta kirol autoa erosi ahal izan zituelako. Urteekin, benetan nahi duzuna ikusten hasten zara. Institutu garaiko poemak, esaterako, gaztelaniaz ziren.

Eta noiz hasi zinen katalanez idazten?

18 urterekin. «Nahikoa da», esan nion neure buruari. Familia erabat katalan batekoa naiz, eta, 15 urterekin, Frantziatik gurasoei idatzitako gutun guztiak hasten dira: «Queridos papá y mamá». Nik gurasoei sekula ez diet esan, ez papá, ez mamá, eta ezta queridos ere. Nik katalanez egiten nuen egun osoa, eskolara, institutura edo unibertsitatera heldu arte. Nire hezkuntza erabat gaztelaniazkoa da. Ez dut gaztelera galdu nahi, jakina, hizkuntza horrek ez baitu gertatu zaigunaren errurik, baina nik «nahikoa da» esan nuen. Pompeu Fabraren gramatika katalana erosi, zazpi aldiz irakurri, eta jauzia eman nuen.

Lehen liburua 1968koa duzu.

Primers dies de 1968, bai. Lehen lan formala, baina, 1969koa izan zen, nire bigarrena: Setempre 30. Ariel editorialarekin atera nuen, kontratuarekin eta. Garai hartan,ez zegoen ez poesia bildumarik ez ezer. Merce Rododeraren Diamantearen plaza (La plaça del diamant ) 1962koa da, eta, urte hartan, bi aldizkari besterik ez zegoen katalanez. Eguneroko prentsan, El Correo Catalán izeneko egunkari batek sail txiki-txiki bat zeukan katalanez, eta kito. Diamantearen plaza-ren arrakasta ahoz ahokoarizor zaio, beraz.

Frankismo betean.

Bai, eta zori onekoa izan nintzen oso. Bi literatur poesia sari zeuden garai hartan. Haietako batera, txikienera, aurkeztu nintzen, eta ez ninduten saritu. 1967an, lagun batek nire poemak aurkeztu zituen beste sariketara, Carles Ribara. Gabriel Ferrater zen urte hartako epaimahaiko burua, eta berehala zabaldu zen Bartzelonan nire olerkiak gustatu zitzaizkiola. Beste bati eman zioten saria, baina, ni gazteegia nintzela eta berriz aurkezteko aukerak gero ere izango nituela esanez. Gabriel haserretu egin zen. Tarrassara etorri zen, ni ezagutzera, eta berehala bihurtu ginen bikotekide. Hil zen arte [Ferraterrek bere buruaz beste egin zuen 1972an].

Zenbateraino markatu zintuen harreman hark?

Sekula ez nuen nahi izan Gabrielekin ezkondu, izugarri maite nuen arren. Gogorra ere bai, baina funtsezkoa izan zen nire bizitzan. Ez edateko eskaerez —alkoholikoa baitzen— eta horren ondoriozko aldiroko banantzeez gain, gure arteko sesio bakarrakizan ziren ekitaldi publikoetara elkarrekin joateari uko egiten niolako. Oso argi neukan ez nuela inoren emazte gisa agertu nahi. Gabriel hil eta 25 urte pasatu ziren arte ez nuen hari buruz hitz egin. Ez nuen nahi Clementina Arderiu Carles Ribaren emazte berri bat izan.

Kontzientzia feminista ez duzu oraingoa.

Ez horixe. Unibertsitatean, mojak eta besteak geunden; eta besteak horretan, bi fakzio: Simone de Beauvoir irakurri genuenok eta irakurri ez zutenak. 1960an, gutun bat bidali nion Beauvoirri, Mémoires d'une jeune fille rangée [1958] liburuan irakurri niolako nola egin zioten eraso Le deuxième sexe [1949] argitaratu ostean. Eta hori, maitea, nire Biblia zen. Jende askorentzat oso garrantzitsua zela idatzi nion. Eta erantzun egin zidan! Labur, baina gozo oso. Honekin adierazi nahi dizut ez naizela loratu berri den feminista bat, eskola zaharrekoa naizela. Emakume kulturgile katalan zenbaiten memoria berreskuratzeko lana hor kokatzen dut.

Sarira itzuliz, baina, gauza bat esan nahi dut: emakume gutxi saritu gaituzte, baina are poeta gutxiago, eta harrigarria da, katalan poesiaren indarra ezagututa.

Hitz egin dezagun hiriez.

13 urterekin Bartzelonara bidali ninduten gurasoek egunero, bakarrik, trenez. Eta hara bezala, Londresera, Berlin zatitura eta New Yorkera bakarrik joan nintzen. Adur onekoa izan naiz, alaba bakarra izan eta halako hezkuntza eta bidaiak egiteko aukera eman zidatelako gurasoek. Hiri horiek guztiek utzi dute arrastoa nigan eta nire poesian. Doktore tesi bat ere egin dute horri buruz, baina aizu, Matí a Pedraza [Goiza Pedrazan] izeneko poema bat ere badaukat [barreka].

Zein bidaiatan egin zenuen topo Virginia Woolfekin?

Kasualitatea ere izan zen. Ingelesa ikasten hilabeteak neramatzan Londresen, eta gaztelania irakasle izateko aukera eman zidaten Nottinghamgo unibertsitatean, 1972an. Uda hartan, Woolfen biografia argitaratu zuen haren ilobak, Quentin Bellek. Gerora, lagun handiak izan gara Quentin eta biok, eta neuk itzuli nuen lan hori gaztelaniara. Baina ingelesa ikasteko hartu nuen berez biografia hura. Horregatik, beti esaten dut Virginia Woolf dela nire ingeles irakaslea.

Zein egilek izan dute eraginik handiena zure poesian?

Katalanez, Josep Carner maite dut batez ere, baina Foix eta Riba ere asko. Modernitateak liluratuta nauka. Modernitatea, baina, Europako zentzuan. Thomas Hardy eta T.S. Elliotengandik hasita, metrika propiorako eta nahi duzuna esateko libertate hori, maite dut. Auden ere bai. Azken hori itzuli ere egin dut.

Egile eta intelektual asko irakurri, itzuli eta ezagutu duzu.

Interesatu izan zaidan jende guztia ezagutu dut, ezer egin beharrik izan gabe. Hori gauza handia da, ezta?

Autobiografia idatzi beharko duzu.

Ez, ez, ez. Nitaz jakin nahi duenak irakur dezala nire poesia, hor kontatzen dudalako nire dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.