Tokio 2020. ATLETISMOA

Ion Izagirrek karranpak izan ditu, eta ez du amaitu erlojupekoa

Julen Etxeberria.
2021eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
«Ez dira amestutako Olinpiar Jokoak izan», zioen Ion Izagirrek atzo, erlojupekotik erretiratu berritan. Ormaiztegiko (Gipuzkoa) txirrindularia ezinean aritu zen une oro, karranpekin: «Oso atsekabetuta nago. Bi giharretan izan ditut arazo fisikoak; ezin nien pedalei eragin. Ez dakit zergatik».

Horrenbeste sufritu zuen, lanerdiak egin aurretik erretiratu zen. Hamabosgarren kilometroan zegoen lehen mugarria, eta bertan jada minutu bateko atzerapena zuen; hamabigarrena zen, eta onenak falta ziren iristeko. Handik gutxira erretiratu zen.

Oso zorte txarra izan dute euskal ziklistek Tokion. Lehenbizi, errepidekoan lehiatu bezperan, Joseba Elgezabal masaje emaileak positibo eman zuen koronabirusean. Ez lehiatzear izan ziren, baina, azkenean parte hartu zuten. Baldintza txarretan aritu ziren, hotelean sartuta egon ondoren, eta ezinegon handiarekin. Horrek ondorioak izan zituen: ezinean aritu ziren.

Atzoko lehiari dagokionez, Primoz Roglicek Tourra utzi izanaren arantza atera zuen, eta urrea irabazi zuen, Tom Dumoulinen eta Rohan Dennisen aurretik. Annemiek van Vleutenek, berriz, Tokion, errepidekoan bigarren izana goxatu zuen. Marlen Reusser sailkatu zen bigarren, eta Anna van der Breggen hirugarren.

Final-laurdenetara

Beste probetan, Espainiako gizonezkoen futbol selekzioak bana berdindu zuen Argentinarekin, eta Boli Kosta izango du aurkari final-laurdenetan. Unai Simonek, Mikel Merinok, Martin Zubimendik eta Mikel Oiartzabalek hasieratik jokatu zuten, eta Jon Moncayola 88. minutuan zelairatu zen. Merinok sartu zuen gola.

Eskubaloian ere final-laurdenetan dira Eduardo Gurbindo eta Julen Aginagalde, hiru partidetatik hirurak irabazita. 32-25 nagusitu zitzaion atzo Espainia Brasili. Gurbindok gol bat sartu zuen; Aginagaldek ez zuen jokatu.

Kevin Pepponet, berriz, lehian hasi da belako 470 mailan. Seigarren postuan dago lehen bi estropadak jokatuta: laugarren eta zazpigarren izan zen atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.