Donostiako 68. Zinemaldia. KRITIKA. Perlak

Etikaren eta gerraren arteko liskarra

Amaia Garcia.
2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun

'Wife of a Spy'

Zuzendaria: Kiyoshi Kurosawa. Aktoreak: Yu Aoi, Issey Takahashi. Herrialdea: Japonia. Iraupena:115 minutu.

Zinemaren bidez Japoniara bidaiatzeko modu asko daude. Kurosawak beti aukera oso interesgarriak aurkezten ditu, eta bere azken proposamenean gerra garaira eraman nahi gaitu, 1940. urtera zehazki.

Bigarren Mundu Gerraren hasiera da. Yusaku Fukuhara Kobeko merkatari bat da. Berak eta bere emazteak ez dute ulertzen bizi duten egoera; gerraren ondorioz, Fukuharak ezin ditu negozio guztiak aurrera eraman, eta egun batez Mantxuriara joango da, bertako egoera ezagutzera.

Bidaia horren ostean, Fukuhaharen ikuspuntu politikoa aldatu egingo da, eta estatuaren aurka jarriko da. Horrek arazo anitz ekarriko dizkio bere inguruari eta berari. Ezaguna duen armadako kide bat bere atzetik ibiliko da, bere jarduera zein den jakin nahian. Informazio hori lortzeko, armadako agenteak Fukuhararen emaztea zelatatuko du.

Bikotearen erlazioa guztiz aldatuko du egoera horrek, eta Fukuhara espioitzat jotzen dutenez, haren emaztea espioi baten emazte bihurtuko da.

Elkarrekin filmak egiteko afizioa dute pertsonaiek, eta horrek bere puntua ematen dio pelikulari. Ekintza indibidualen eta kolektiboen arteko gatazka da istorio honen oinarria.

Espioien inguruko istorio klasiko bat da, eta hainbat amaiera dituela pentsa dezakegu. Bidaia batekin amai daiteke filma, baina azkenean, bidaia horren ondorioak ikusiko ditugu. Fukuhararen emazteak eroturik amaitzen duela dirudi, baina agian bera izan daiteke eroetxeko argiena.

Hasiera batean zerbait kostatu arren, pixkanaka istorioan sartu nintzen. Merezitakoa da Kurosawak Venezian lortu duen zuzendari onenaren saria, batez ere azken amaiera apokaliptikoaren ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.