Xabier Gaztelumendik jantziko dio txapela Gipuzkoako irabazleari

Bertsozale Elkarteak agiri batean esan duenez, «eginiko lan isila» eskertu nahi diote. Abenduaren 14an jokatuko da finala, larunbatez

Xabier Gaztelumendi, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko kidea. B. ELKARTEA.
Erredakzioa
2019ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Bi aste barru jokatuko da 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala, Illunben, Donostian, hilaren 14an. Eta Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, Xabier Gaztelumendik jantziko dio txapela irabazleari. Donostiarra da Gaztelumendi, Añorgan jaioa, 1961ean. Bertsozale Elkartean 2002tik aritu da lanean: zortzi urtez diruzain, eta idazkari gero. Zuzendaritzan ere aritu da, eta bertsoaren mundua martxan jartzeko kontu operatiboetan. «Ezinbesteko lanak eta gehiago egin ditu, eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak omenaldi berezi hau egin nahi izan dio finalean, berak egindako lana itzulezina bada ere, fokupera ekarri eta merezimenduaren aitortza gisa», idatzi du elkarteak.

«Elkartearen historia ezagutzen duen edozeinek badaki elkarteari zein garesti atera izan zaion txapela nork jantziko duen hautatzeko eskubidea beretzat gordetzea eta horri eustea», esan du Gaztelumendik. «Eta, horregatik, aurten txapel emailea ni izateak uste dut oraindik harrotasun handiagoa eragiten didala».

Beñat eta Unai Gaztelumendi bertsolarien aita da Xabier, eta horren inguruan mintzatu da. «Gurasook zaila izaten dugu erabakitzea gure seme-alaben etorkizuna, baina guri tokatzen zaiguna da bide bat erakustea; gero beraiek erabakiko dute bide horri jarraitu ala ez». Etxean haurrekin bertsoa eta errima jolastuz lantzen zutela gogoratu du, eta horri jarraikiz natural eraman zituztela bertso eskolara, 10-11 urte zituztela.

Txapela emateko ekitaldian «urduri» egongo dela iragarri du bertsozaleak, eta zortea opatu die finalean ariko diren bertsolariei. «Beren barruan duten onena eman dezatela, eta baita talde lana ondo egiten asma dezatela ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.