Azken hitza inork ebats ez dezan

Eutanasia arautzeko lege proposamena berriz Espainiako Kongresuan dagoela eta, aldarri horren aldeko hainbat sendik eta profesionalek batzea erabaki dute: horrela, zein premiazkoa den oroitarazi dute. Maribel Tellaetxek azken arnasaren jabe izateko eskatu zuen: haren herrian elkartu dira.

Asun Gomez Bueno, Danel Lorente, Marcos Hourmann eta Txema Lorente, atzo, Portugaleten. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
arantxa iraola
Portugalete
2020ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Aste honetan berriz heldu da Espainiako Kongresura eutanasia arautzea ekar dezakeen lege proposamena. Egunotan duintasunez hiltzeko eskubidearen defentsan praktika hori legeztatzearen alde ari diren elkarteek urrats horren garrantzia onartu dute, eta, atzo, azken hitzaren defentsan jardun duten hainbat pertsonak hauspotu egin nahi izan zuten aldarriaren aldeko hatsa. Portugaleten (Bizkaia) elkartu ziren; izan ere, hangoa zen Maribel Tellaetxe, alzheimerrak erabateko ahanztura ekarri aurretik eskea eginda utzi zuen emakumezkoa: maite zituenak ezagutzeari uzten zionean, bizitzeari utzi nahi zion. Desio hori betetzerik ez zuen izan, baina haren etxekoek ozen zabaldu zuten aldeko aldarria: SOSamatxu kanpainak milaka atxikimendu lortu ditu. Ama hil ondoan ere eutanasiaren aldeko aldarria ozentzen jarraitzen dute. Horregatik, atzoko agerraldian hitza hartu zuten haren senar Txema Lorentek eta seme Danel Lorentek. Haien boza ozentzera hurbildu ziren, halaber, Asun Gomez Bueno eta Marcos Hourmann. Lehena Luis de Marcosen alarguna da: senarra oinaze izugarriak pairatuta hil zitzaion, eutanasia nahiko lukeela argi utzita, baina horretarako erarik izan gabe. Hourmann medikua da; zigortu egin zuten 2005ean gaixo bati eutanasia egin ziolako.

«Legeak akaso ez du balioko sor daitezkeen kasu guztientzat; ebazteko ezarriko dituen irizpideen inguruan ere badira eskariak, zalantzak», azaldu zuen Danel Lorentek. «Baina, abiapuntu gisara, lege on bat da. Izan ere, herritarrei era emango die, hala nahi badute, sufrimendu pairaezin bat bukatzeko». Horiek horrela, aski gogor gaitzetsi zituen lege proposamena aurkeztu eta bozkatzeko asteartean Espainiako Kongresuan egin zen saioan PPko eta Voxeko diputatuek legearen kontra esan zituzten hitz gordinak. Adierazi zuten praktika horrekin osasun gastuetan eta gizarte zerbitzuetan «aurreztea» dela helburua, eta legeak jokabide «totalitarioak» ekarriko dituela. «Benetako basakeriak esan zituzten. Gezur galantak izan ziren, gainera: falaziak», deitoratu zuen Lorentek.

Agerraldian, diputatu eskuindarrek zaintza aringarrien eta eutanasiaren arteko dikotomia ere hauspotu zuten, eta horren atzeko iruzurraz ere ohartarazi nahi dute Lorente-Tellaetxe familian: «Gizartea nahastea besterik ez dute bilatzen zaintza aringarriekin eutanasia saihestu daitekeela esanda: gezurra da, prozedura ezberdinak dira, gaixotasunaren egoera ezberdinetarako. Batak ez du bestea ordezkatzen; zaintza aringarriak ezinbestekoak dira, eta ezinbestekoa da eutanasia. Ez dago mugitu ezinik geratu dena mugituko duen zainketa aringarririk, galdutako kontrol kognitiboa bere onera dakarrenik; ez zegoen gisan, adibidez, nire amari bere autonomia, bere poza, bere energia, bere oroitzapenak eta bere maitatzeko gaitasuna berriz ekar ziezaiokeen zaintzarik». Voxeko ordezkariak jarduna amaitu zuen jainkoa hizpide hartuta: «Jainkoak barka ditzala lege hau onartzera doazenak». Erantzun egin nahi izan zion atzo Lorentek. «Haren jainkoak barka diezaiola egia faltarengatik, sentiberatasun faltarengatik, zorroztasun faltarengatik, ardura faltarengatik. Zorionez, akonfesionala da gure herria; nik ez dut behar inolako jainkoren barkamenik, ez baitut jainkorik. Etxean, duintasuna eta askatasuna dira ardatzak».

Horiek horrela, lege egoki bat ontzeko «sinesmenetan» oinarritutako debateak baztertzera egin behar dela esan zuen: «Arrazoia nagusitzea nahi dugu. Eta, areago, eskatzen dugu lege hau blindatuta uzteko, etorkizuneko legealdietan etor daitezkeen inkisidoreek ez dezaten haren kontra egin». Luzamendurik gabe aritzeko ere esan zuen: «Arren, jardun dezatela pauso bizkorrez; egunero ari da jendea sufritzen, gure amak sufritu zuen bezala».

Geroan lege zabalago bat nahi lukete, egun «ezarritako kanonetan» aintzat hartzen diren irizpideetatik haragokoa. Egun hiltzen laguntzeko erabiltzen diren praktiketan ere jarduera hobea nahi dute. Amaren azken orduak oroitu zituen Lorentek: ja sedatuta zegoela, luzeak, gogorrak. Hari eskua emanda egon zen. « 72 ordu? Beharrezkoa al zen? Morfina, morfina eta morfina. Ez zen besterik». Lehendik ebaki izan duten mezua berritu zuen: «Hori tortura da: tortura».

.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.