Indarkeria matxista

Zigortuta, baina aske

Epaileek erabaki dute sanferminetako erasotzaileak ez espetxeratzea epaia irmoa ez bada. Baztertu egin dute ihes egiteko eta delitua berriz egiteko arriskua

Ekainean Bilbon eginiko manifestazioa, sanferminetako talde bortxaketako erasotzaileak aske geratu zirela salatzekoa. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun

Gutxienez urtebete inguru egongo dira aske, ezarritako baldintzak betez gero. Iruñeko 2016ko sanferminetan emakume bati sexu abusua egiteagatik, bost gizon zigortu zituen Nafarroako Probintzia Auzitegiko epaimahaiak, eta horrek berak erabaki du erasotzaileek baldintzapean aske jarraitzea. Baztertu egin ditu fiskaltzaren, akusazio partikularraren eta herri akusazioen eskariak; epaia irmoa izan arte zigortuak espetxeratzea galdegin zuten, badaezpadako neurri gisa, ihes egin dezaketelakoan eta antzeko delituak berriro egin ditzaketelakoan. Epaimahaiaren gehiengoak, baina, ez du halakorik uste; adierazi du legediak «salbuespen gisa» soilik baimentzen duela neurri hori ezartzea, eta kasu honetan ez dagoela horretarako arrazoirik. Hala dio atzo ezagutarazitako autoak.

Bi magistratuk bozkatu dute espetxeratzearen kontra: Raquel Fernandinok eta Ricardo Gonzalezek. Eta alde, Jose Francisco Cobok. «Bagenekien zein izango zen bi epaileren botoa; beraz, haren [Fernandinoren] esku zegoen dena, eta zigortutakoak aske mantentzearen alde egin du azkenean», deitoratu du emakumearen abokatuak. Auziaren instrukzio fasean erasotzaileak behin-behinean espetxean mantentzea babestu zuen Fernandinok, baina, epaia kaleratu ostean, iritziz aldatu zuen, eta Gonzalezekin bat egin.

Cobok, berriz, bere iritziari eutsi dio. Ekainean egin bezala —orduan irten ziren espetxetik—, boto partikularra kaleratu du. Nabarmendu du erasotzaileei ezarri zaien zigorra «larria» dela —bederatzina urteko espetxealdia—, eta bi epaimahaik berretsi dutela hori, bera presidente zuenak eta Nafarroako Auzitegi Nagusikoak. Gogoratu du Espainiako Zigor Kodearen arabera delitu larritzat hartzen direla bost urtetik gorakoak. Era berean, haren ustez, zigortuek emandako argudioak —gizartean integratuta daudela, ezarritako baldintzak bete dituztela...— «ez dira nahikoa» ondorioztatzeko ez dutela ihes egingo.

Epaimahaiaren gehiengoak, baina, zigortuen alde egin du. Hori defendatu duten bi magistratuek azaldu dutenez, favor libertatis printzipioan oinarritu dute euren erabakia. Argudiatu dute badaezpadako espetxeratzea salbuespen neurri bat dela Espainiako legedian, eta ezin duela «helburu zigortzailea» izan, ezta «zigorra betetzea aurreratzeko» helburua ere. Adierazi dute baldintzapean aske direnetik zigortuek epaimahaiak ezarritako «baldintza guztiak» bete dituztela, eta, beraz, ezin dela aurreikusi ihes egin dezaketela.

Besteak beste, debekatua dute biktima bizi den erkidegora joatea eta Espainiako mugetatik irtetea. Haietako bat, baina, pasaportea berritzen saiatu zen, aske geratu eta hiru egunera. Hilabete geroago, beste erasotzaileetako bat lesioengatik eta lapurretagatik atxilotu zuten —lau hilabete egin zituen kartzelan horregatik—, baina, magistratuen arabera, hori ez da «arrazoi nahikoa» sexu abusuagatik jarri dieten zigorrarengatik espetxeratzeko. Azaldu dutenez, oso bestelakoak dira delitu horiek, eta larritasun «apalagokoak» dira.

Gainera, delitua berriz egiteko arriskurik ere ez dute ikusten bi magistratuek. Bost erasotzaileetako lau beste sexu eraso batengatik auzipetuta daude, baina hori ere ez da arrazoi nahikoa, bi epaile horien arabera, badaezpada espetxeratzeko. Kordobako Pozoblanco herrian (Espainia) 2016ko maiatzean izandako sexu eraso batengatik daude auzipetuta. Gonzalezek eta Fernandinok arrazoitu dute horri buruzko epaiketa ez dela egin, eta, beraz, ez dagoela leporatzen zaiena frogatzen duen epai irmorik.

Sanferminetako auzia dela eta, 2017ko azaroaren amaieran epaitu zituzten bostak Nafarroako Probintzia Auzitegian, eta apirilean jakinarazi zuten epaia. Delitua ez zuten sexu erasotzat hartu, indarkeriarik eta intimidaziorik izan ez zelakoan. Hala ebatzi zuten Fernandinok eta Cobok. Gonzalezek, berriz, erasotzaileen absoluzioa defendatu zuen, boto partikular batean. Ekainean, bostak aske uztea erabaki zuten, Fernandinok ordura arte agertu zuen iritzia aldatu ondoren.

Abendu hasieran epaimahai horren epaia berretsi zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiak —bi boto partikular egon ziren, sexu erasotzat jotzearen alde—; bostak berriro espetxeratzeko eskatu zuten fiskalak eta akusazioek, eta horri emandako erantzuna da atzoko autoa. Auzia, berriz, Espainiako Auzitegi Gorenean dago, batzuen eta besteen helegiteak direla eta. Ebazpen irmoa kaleratu arte, urtebete inguru inguru joan daiteke, bi aldeetako abokatuen arabera.

«Erabateko desadostasuna»

Zigortuek aske jarraitzearen aldeko erabakiarekin «erabateko desadostasuna» adierazi dute Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak, eta jakinarazi dute erregu helegite bat aurkeztuko dutela autoaren aurka. Aukera hori aztertzen ari da akusazio partikularra ere, baina, nabarmendu duenez, oso zaila da horrelako helegiteek aurrera egitea.

Joseba Asiron alkateak salatu du justiziak irizpide desberdinak dituela akusatuen aulkian esertzen direnen arabera, eta Altsasuko auziagatik espetxeratutako gazteen egoera gogoratu du. «Epaileen eta gizartearen arteko arrakala sakona areagotzen dute horrelakoek».

Soledad Murillo Espainiako Berdintasunerako estatu idazkaria ere kritiko agertu da, eta honako hau idatzi du Interneteko sare sozialetan: «Men egiten diot [erabakiari], baina ez dut errespetatzen. Zein merke ateratzen den taldean bortxatzea: 6.000 euroko bermea eta behin-behineko askatasuna».

Iruñeko Astelehen Lilak taldeak, berriz, jakinarazi du protesta gisa atzo iluntzean egin asmo zuen elkarretaratzea astelehenean egingo dutela. Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak ez zion eman atzokorako baimena.

"Auzi honek ezkutuan uzten ditu indarkeria sexual gehienak"

Tematiak berean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.