Hauteskundeak. Alderdi sistema

Botoa, trinkoago eta egonkorrago

Bizkaia eta Gipuzkoa alderdi biko sistema baterantz hurbildu dira azken hamarkadan. Araban eta Nafarroan, boz batetik bestera gero eta gutxiago aldatu dira emaitzak

jon olano
2023ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Joan den igandeko udal eta foru hauteskundeek alderdi bat indartu dute nagusiki Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan: EH Bildu. Baina, hauteskunde jakin batzuez harago, igandeko emaitzek aditzera ematen dituzte ondorio batzuk: batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan, eta EAJk behera egin arren, alderdi biko sistema bateranzko joera sendotu dela —Araban, joera hori eten egin da—, eta Nafarroan, alderdi sistema gero eta egonkorragoa dela, garai batzuetako aldakortasuna atzean utzita.

Alderdi kopuru efektiboa erabili ohi da neurgailu gisa; gauza bat da parlamentu batean zenbat alderdik lortzen duten ordezkaritza, eta beste bat zenbatek daukaten pisu esanguratsu bat. Hori horrela, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako boto joerei dagokienez, patroi antzekoak antzematen dira hiru lurraldeetan eta Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan: euskal alderdi sistema pluralismo mugatutzat jo daiteke, oro har hiruzpalau alderdi nagusik osatzen dutelako sistema hori.

Baina Bizkaian eta Gipuzkoan, hori pixkanaka alderdi biko sistema baterantz gerturatzen ari da; Bizkaian, bi hauteskunde jarraian kateatu dira, alderdien kopuru efektiboa murriztuz doala —egun, 3,1 dira, batez besteko historikoaren azpitik—, eta beste hainbeste gertatzen da Gipuzkoan —gaur egun, 3,1; batez bestekotik behera—.



Haatik, boto kontzentrazioa ere erabili ohi da sistema politikoaren ezaugarriak identifikatzeko; alegia, botoen edo parlamentuko eserlekuen zer ehuneko biltzen dituzten lehen bi indarrek. Eta, hor ere, joera argia da Bizkaian eta Gipuzkoan: azken 40 urteetako boto kontzentraziorik handieneko hauteskundeak izan dira igandekoak; hau da, bi batzar nagusietan, 1983az geroztik —2003an eta 2007ko salbuespenekin, ezker abertzalearen zerrenden ilegalizazioak baldintzatuta— lehen bi alderdiek ez zuten lortzen EAJk eta EH Bilduk lortu duten adinako ordezkaritzarik. Gipuzkoan, boto kontzentrazio horren joera goranzkoa da azken bi hauteskundeetan, eta gauza bera gertatzen da Bizkaian azken hiru bozetan; bi kasuetan, bi alderdi abertzaleek lau batzarkidetik hiru dauzkate. Aldiz, Araba da historikoki alderdi kopuru eta boto fragmentazio handiena izan duen lurraldea, eta igandeko bozketak ere berretsi du lurraldeak dinamika propioa duela, Bizkaitik eta Gipuzkoatik aldenduta.

Nolanahi ere, hiru lurraldeetan, zikloak bereizten dira: polarizazioa lehen hauteskundeetan (1979), EAJren eta PSEren indartzea autonomia estreinatu berritan (1983), fragmentazio handiagoa EAJren zatiketaren eraginez (1987), botoen metaketa handiagoa 2003-2007an ezker abertzalearen zerrenda batzuen ilegalizazioaren eraginez, eta, oro har, kontzentraziorako joera bat azken hamarkadan.

Zinegotzi metaketa

Joan den igandearen kasuan, ezker eta eskuin abertzaleen hazkundea gertatu da, EH Bilduren hazkundea EAJren beherakada baino handiagoa izan delako. Botoetan ikus daiteke hori, baina baita, adibidez, tokiko ordezkaritzan ere; Hego Euskal Herria aintzat hartuta, eta 2019ko kopuruekin alderatuta, PSE-PSNk, PP-UPNk eta Elkarrekin Podemos-Zurekin Nafarroak 39 zinegotzi galdu dituzte; EAJ-Geroa Baik eta EH Bilduk, berriz, 70 irabazi. Joera argia da, gainera: 2011n 2.009 zinegotzi, 2015ean 2.270, 2019an 2.351 eta 2023an 2.421.

Hortaz, sistema politikoaren soiltze hori gertatu da, besteak beste, ordezkaritza apalagoa duten alderdien kaltetan; Bizkaian eta Gipuzkoan, Espainiako Estatuko alderdien parte diren indarrak apalduta. Datu bat: orain arte, Elkarrekin Podemos EH Bilduren aurretik zegoen lau udalerritan —Barakaldo, Portugalete, Irun eta Tuteran—, eta orain Erriberako hirian baino ez dira gehiago Ahal Dugu-koak.

Nafarroan, berriz, boto kontzentrazioan edo alderdien kopuru efektiboan bainoago, erreparatu beharrekoa da alderdi sistemaren egonkortasuna edo aldakortasuna, eta igandeko hauteskundeek zein joera indartu duten. Alderdien eskaintzaz gain, Pedersen indizea erabili ohi da horretarako; behatzeko hautesleen botoak zenbateraino aldatzen diren hauteskunde batetik hurrengora. Bilakaera oso argia da: 2011z geroztik, indize hori jaitsi baino ez da egin, eta egun batez besteko historikotik oso urrun dago. Baina hori ez da Nafarroako bilakaera esklusiboa: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere, historikoki egon diren gorabeherak baino askoz egonkorragoa da botoen aldaketa.

Mugimendu gutxi Araban

Bolada batzuk bereiz daitezke Nafarroan: 1980-90eko hamarkadak aldakortasun handikoak izan ziren, nagusiki eskuin espainiazalearen berregituraketek eta aukera batetik besterako boto fluktuazioek eraginda. 2000-2010eko hamarkadan, dezente egonkortu zen panorama, baina hamarraldi horretan ezker abertzalearen ilegalizazioak eta abertzaletasunaren berrantolaketak eragin zituzten boto aldaketa nagusiak. Fase hori Geroa Bairen eta Bilduren sorrerarekin amaitu zen.

Harrezkero, Podemosen sorreraren eta espazio horren berregituraketaren salbuespenarekin, sistema politikoa egonkortu egin da, eta Pedersen indizea murriztuz joan zen 2015eko eta 2019ko hauteskundeetan, historikoki Nafarroan egon den ehunekoaren batez bestekotik behera. Bada, joera hori berretsi dute igandeko bozek: aldakortasuna murriztu egin da, edo, bestela esanda, alderdiek gorabehera txikiagoak izan dituzte aurreko bozketarekin alderatuta.

Gauza bera nabari da Araban ere; 1999az geroztik, hauteskunde bakarrean hazi da bozketa batetik hurrengorako aldakortasuna —2015ean, bereziki Ahal Dugu-ren agerpenaren eraginez—. Joan den igandean, indize hori 6,5 puntukoa izan zen; Hego Euskal Herriko apalena. Hain zuzen, datu horrek kontraste handia egiten du Araban historikoki egon den joerarekin, lau herrialdeetan hura baita batez beste aldakortasun handiena erakusten duena —batez beste, 21,01—.

Desmobilizazioa

Azkenik, igandeko bozketaren ondoren ez da bilakaera argirik antzematen, baina parte hartzeak ere gogoetarako beta eman diezaioke klase politikoari: Araban, Bizkaian nahiz Gipuzkoan, 40 urteetako bigarren abstentziorik handienak gertatu ziren. Araban eta Bizkaian, 1991n izan ziren parte hartzearen ehunekorik txikienak —%57 eta %58—, eta Gipuzkoan, soilik 2007an izan zen eskasagoa parte hartzea, ezker abertzaleko hautagaitzak debekatuta zeudela. Hiru herrialdeetan, hamar hautesletik lau geratu ziren bozkalekura joan gabe.

Aurrez ere agertu izan dira zantzu batzuk: Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako parte hartzea deialdiz deialdi txikituz joan da 2001az geroztik, eta azken bozketakoa (2020) izan zen 40 urteetan ezagututako abstentzio ehunekorik handiena; COVID-19aren pandemiaren testuinguruan, botoa emateko eskubidea zutenen erdiak geratu ziren etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.