Lan osasuna. Jesus Uzkudun. Asviamieko kidea

«Laneko prekaritateak gaixotasuna ezkutatzen laguntzen du»

Egungo sistemaren arabera, lanak eragindako gaixotasuna duen beharginak frogatu egin behar du non harrapatu duen gaitza. Horregatik dio Uzkudunek prekaritateak gaixotasunak ezkutatzen laguntzen duela.

JON URBE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Lan osasunaren arloan urte luzez lan egindakoa da Jesus Uzkudun (Donostia, 1947) Asviamieko kidea. Euskadiko CCOOko lan osasuneko arduradun izan zen, eta beharrak eragindako gaixotasunak azaleratzeko lanean aritu zen denbora horretan guztian. Gaur egun, amiantoaren eraginez gaixotutako beharginen eskubideak aldarrikatzen dihardu.

Laneko istripu batean hildako langile bakoitzeko, hemezortzi hiltzen dira gaixotasunez, Europako Lan Osasunaren agentziaren arabera...

Bai, eta Europako Batzordearen arabera, laneko heriotzen %53 beharraren eraginez sortutako minbiziek eragiten dute. Baina gure erakundeek ahaztu egiten dute hori, ez dute neurririk hartzen. Hor ez dago amiantoa bakarrik, silizea ere badago, soldatze keak eta beste ere badaude. Osalanek begiak ixten ditu, eta ez du ikerketarik egiten.

Egin beharreko lanei muzin egiten zaie?

Langile bat bost metrotik erortzeko arriskuari garrantzia ematen zaio —eta badauka, ez nahastu—, baina bestelako gaitzei, pixkanaka hiltzen duten horiei, ez. Aurten, Asviamiek 22 langile hildako kontatu ditu, eta ministerioaren erregistroan hamabi daude minbiziagatik, eta zazpi amiantoagatik. Ez dituzte erregistratzen.

Zergatik?

Erretiratuak direlako. Mutualitateek ordaintzen ez dutenez, Gizarte Segurantzari dagokio, eta ezkutuan geratzen da. Gauza bat da erretiratu horiek gaixo agiririk ez izatea, baina lan gaixotasun gisa ezkutatzeak arazoa ikusezin bihurtzen du. Estatistiketan agertzen ez denari ez zaio kasurik egiten.

Erregistro horien kasuan, Osalanek enpresariei egozten die azaleratzearen ardura, eta dio langileren batek salatzeko moduko egoera ikusiz gero salatu egin behar duela. Iraul daiteke egoera borondatearen bidez?

Sindikatuak eta elkarteak ez bagara mugitzen, ez dago itxaropenik. Tristea da, baina minbizia duen pertsona batek berak frogatu behar du duela 40 urte amiantoarekin lan egin zuela. Silize hautsak minbizia eragiten duela onartua dago, baina zenbat langile ikusten dituzu kalean rotaflexarekin baldosak mozten?

Azpierregistroari aurre egiteko, sindikatuen lana nahikoa da?

Ez, beharrezkoa da sindikatuetan lan osasunaren kultura indartzea. Korporatibismo handia dago, eta entzun izan dut erretiratuak bakean uzteko horiek ez dutelako bozkatzen.

Enpresariak eroso daude?

Bai, oso. Mutualitate, enpresari eta erakundeen aldetik akordio bat dago, eta sindikalismoak ez baldin badu gaia serio hartzen, laneko gaixotasunak ezkutuan jarraituko du.

Gizartean aldaketarik sumatzen duzu lan osasunaren arloan?

Bai, baina atzerapausoak ematen ari garela esango nuke. Lan istripu gehiago daude, eta ez dut uste hori kasualitatea denik. Maila batean duela urte batzuk lortu genuen gaiaren inguruan halako zarata bat sortzea, baina berriz ere atzera goazela sumatzen dut.

Lan arloan dagoen prekaritateak eragina izan dezake aipatzen duzun atzerapauso horretan?

Bai, prekaritateak zaildu egiten baitu lan gaixotasuna onartzea. Azken batean, langileak frogatu behar du non kaltetu den, edo non hartu duen gaixotasuna. Bada, eta hogei enpresetan jardun baduzu, zailagoa da hori jakitea. Ez da gauza bera bizi osoa enpresa batean eman baduzu... Horregatik diot laneko prekaritateak gaixotasuna ezkutatzen laguntzen duela. Erregistroetan ez agertzeak ez du esan nahi gaixotasunik ez dagoenik, ezkutuan geratzen direla baizik. Agendaren erdian jarri beharra dago laneko gaixotasunarena. Bestela, ikusi besterik ez dago, sindikatu denek nola erantzuten duten langile bat istripuan hiltzen denean. Asviamie elkartetik kalkulatzen dugu iaz 22 lagun hil zirela amiantoak eraginda, eta, guk egin ditugun mobilizazioez aparte, ez dut bestelako ezer ikusi. CAFek urtero egiten du ekitaldi bat, baina hortik aurrera ezer ere ez. Lan gaixotasunaren kultura ez dago indartuta, eta ildo horretan lan handia daukagu egiteko.

Lan istripuena izozmendiaren punta besterik ez dela, alegia.

Bai, noski. Baina zer gertatzen da lanean izandako istripu baten ondoren hiltzen ez denarekin? Edo hainbat egun gerogo hiltzen denarekin? Edo bizi osorako elbarri geratzen denarekin? Isilik geratzen da. Nik beti esaten dut, prebentzioan aurrera egiteko, kalte ordainak erreklamatu behar direla. Ez badago kalte-ordainik, hemen inor ez baita mugitzen. Autoa gaizki aparkatu dudalako isuna jartzen baldin badidate, hurrengoan bi aldiz pentsatuko dut araua hausterakoan. Enpresekin berdin gertatzen da. Baina gaur egun gertatzen den bezala, araua ez beteta ez bada ezer gertatzen, zertarako bete legea? Lan gaixotasun asko ez da enpresarien errua bakarrik, enpresako medikuek eta prebentziokoek ere estali egiten dituzte.

Osalanen arabera, lan istripuak %39,5 jaitsi dira mende hasieratik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.