inaki petxarroman
ANALISIA

Segurtasuna, lokatz artean

2021eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun

Izan zitekeen urtegi baten mendiari eusten dion horma jaustea, edo izan zitekeen zentral nuklear baten erreaktore bat lehertzea. Izan zitekeen erraustegi baten labeak su hartzea, edo industria kimiko baten isurketa hilgarri bat. Antzeko hondamendiak gertatu dira munduko hainbat tokitan. Instalazioak seguruak zirela pentsatuko zuten kudeatzaileek kasu horietako gehienetan, publikoek zein pribatuek, atzera bueltarik gabeko une batera iritsi ziren arte.

Ikusi gehiago:Joaquin Beltran bilatzeko lanak bertan behera utziko ditu Eusko Jaurlaritzak

Zaldibarko zabortegian une hori 2020ko otsailaren 6an heldu zen. Abisuak baziren entzun eta ikusi nahi zituztenentzat. Baina beste interes batzuk nagusitu ziren. Ikerketek argituko al dute zergatik?

Atzo BERRIAk argitaratutako txosten teknikoen ondorioek (Kantabriako eta Bartzelonako Unibertsitate Politekniko irakasleek egindakoak) erakutsi dute lehendik nahiko jakina zena: segurtasunari behar baino garrantzi eta arreta gutxiago eman ziotela kudeatzaileek, publikoek zein pribatuek.

[YouTube]https://youtu.be/darNv3QcmIQ[/YouTube]

Zaldibarko zabortegia malda handi batean zegoen, batez besteko 19 graduko pendiz batean. Eta horrek, jakina, grabitatearen oinarrizko lege fisikoen eraginez, segurtasunari buruzko alarma etengabe piztuta izatera behartzen zituen kudeatzaileak; eta, jakina, egonkortasuna bermatzeko era guztietako neurriak zorroztera. Zabortegiaren lehen proiektuan 130 metroko zabalerako eta 100 metroko garaierako diketzar bat eraikitzea planteatu zuten ingeniariek. Hori behera botatzea ez zen erraza izango. Eraiki zen proiektuan, baina 18 metroko garaierako horma bat egin zuten. Eraikuntza askoz merkeagoa zen, eta, nahiko segurua izateko, zabortegian isuritako materialen zigilatze prozesuan arreta jartzeko eskatzen zuten proiektu hori diseinatu zutenek. Hots, zabortegiaren ontzi bakoitzaren zigilatze edo ixte prozesua egiteko, bi aldeetatik zimurtutako geotestil xaflak erabiltzeko eskatu zioten enpresari. Zabortegia martxan jarri zutenean, baina, soilik 0 fasean erabili zuten modu hori. Beste bitan, soilik alde batean zimurtutako geomintza erabili zuten. Eta goialdeko azken bietan, zimurtu gabeko oihal leunak baliatu zituzten. Luiziaren ikerketa egin duten adituek ohartarazi dute zigilatzean erabilitako geotestil leunek 4,5 erresistentzia ahalmen txikiagoa dutela bi aldeetan zimurtutakoek baino.

Zabortegiaren egonkortasuna, hau da, segurtasun faktorea, beti izan zen oso apala Zaldibarren. Hori ere ohartarazi dute. Alegia, Zaldibarren denbora zeramaten suarekin jolasten. Esan liteke, hasiera-hasieratik. Esate baterako, zabortegiaren barruko mugimendu geologikoen jarraipena egiteko ikerketak ere behar baino askoz gutxiago egin zituztela jakinarazi dute. 64 hilabetean 17 irakurketa besterik ez zituzten egin. Mugimenduak atzemateko mugarriak ere gutxi zeuden, eta, bereziki, instalazioaren beheko aldean. Goialdea jausi zen behera.

Ukaezina da zabortegia kudeatu zutenek dutela horren ardura zuzena. Baina egoera horretaz jabetu ez zen administrazioari ere interpelazioa egiten dio segurtasunarekin horren arin jokatu duen ausarkeriazko kudeaketa horrek. Instalazio industrialak ez baitira seguruak berez... Huts egitearen probabilitatea zerora gutxitzen duten kudeaketak eta jarraipen zorrotzak bihurtzen dituzte seguru.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.