COP26

Ikatza, dirua eta emisioak, asteburura luzatu duten negoziazioan

Bigarren zirriborroak leundu egin du ikatza eta erregai fosilentzako diru laguntzak baztertzeko eskaria. Emisio murrizketak 2022an zehaztea jaso du

Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Negoziazioak azken txanpan sartu dira Glasgown (Eskozia), Nazio Batuen Erakundeak klima larrialdiari aurre egiteko antolatu duen nazioarteko COP26 goi bileran. Estatuek atzo amaitu behar zituzten elkarrizketak, baina, adierazpenak ia 200 estatu parte hartzaileen aho batezko adostasuna behar duenez, eta batzuek eta besteek interes oso desberdinak dituztenez —askotan aurkakoak—, elkarrizketak korapilatsuak izaten ari dira, eta gaur arte edo igandera arte luzatuko dira.

Adierazpen bateratu bat lortzeko azken ahaleginetan, akordiorako bigarren zirriborroa publiko egin zuten atzo goizean. Aurreko zirriborroan bezala, ikatza energia iturri gisa erabiltzeari uzteko eskaria jasotzen du testuak, baina diskurtso leunagoarekin. Gainera, herrialdeei eskatzen die orain arte hartu dituzten konpromisoak COP27rako gainditzeko, ezarriko dituzten planak Parisko Hitzarmenean jasotako helburuekin bateragarri izan daitezen. Eta herrialde aberatsek garabidean direnei eman beharreko diru kopurua ere eztabaidagai dute.

COP26 hartzen duen eraikinaren kanpoaldean, berriz, ekintzaile ekologistek protestak egin zituzten, goiz eta arratsalde, agintariei exijitzeko neurri ausartagoak har ditzatela.

COP26ren sustatzaileek eginkizun argi bat jarri zioten goi bilerari hasieratik: Lurraren berotzeak mendearen amaieran 1,5 graduko tenperatura ez gainditzea, industriaurreko datuekin alderatuta. Egoera horretara iritsi ahal izateko, adituen iritziz, gakoa izango da ikatzaren eta gainerako erregai fosilen erabilera baztertzea.

Akordiorako lehen zirriborroak estatuei eskatzen zien «ikatza eta erregai fosilei bideratutako diru laguntzak baztertzeko neurriak azkartzeko», epemugarik zehaztu gabe. Bigarren zirriborroak, berriz, ñabardura batzuk egin dizkio. «Tratatu gabeko ikatz energia» baztertzeko neurriak azkartzea galdegin du —hau da, karbonoa xurgatzeko sistemarik erabiltzen ez duten ikatz azpiegiturak alboratzea—, eta «eraginkorrak» ez diren erregai fosilentzako diru laguntzak amaitzea.

Horrez gain, dokumentuan nabarmentzen da estatuek 2030. urterako emisioak murrizteko hartuak dituzten konpromisoak indartu behar dituztela, helbururik zehaztu gabe, eta datorren urteko COP27rako plan ausartagoak aurkezteko eskatu die, 1,5 graduko xedeari eutsi ahal izateko.

Finantzaketa da elkarrizketetan erdigunean den beste gaietako bat. Garabidean diren herrialdeak estatu aberatsenei eskatzen ari dira finantza konpromisoak betetzeko. Horiek, klima aldaketaren erantzule historikoak direnek, 2009an adostu zuten urteko 85.000 milioi euro bideratuko zituztela garabidean dauden estatuetara, 2020tik aurrera. Konpromiso hori bete eta diru kopuru handiagoa bideratu beharko lukete 2025erako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.