mikel elorza
ARKUPEAN

Taupadarik ez

2023ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Desagertu ez bazen ere —Nafarroako foru erkidegoan ezin abortatzearena ez da kontu batere zaharra!—, gure inguruari dagokionez memoriaren zimurretan jausia zen abortuaren gaia. Oro har.

Berritu dute. Espainiako Gaztela eta Leongo Gobernutik proposamen zahartzailea aurkeztu dute Voxekoek —Viktor Orban presidente hungari-arrak irekia duen bidetik—, abortatzera doazenek beren erabakiaren garrantziaren kontzientzia osoa izan dezaten —alegia, ea atzera egiten duten—. Eta da hain zuzen ere abortatu aurretik fetuaren bihotz-taupadak entzunaraztea; are, 4G irudi bat erakustea umekiarena.

Erabakia hartua duena horrek atzenduaraziko duela pentsatzeak erabakia hartzen duenarekiko daukan aurreiritzi oker, matxista eta estereotipatuaz gain, itxura har dezake hasiera batean proposamen egoskorraren trazarena, langak jarri nahia zuzenean debekatu ez dezaketelako. Baina hori baino askoz gehiago da: beste eraso bat da, beste eraso bat emakumeen erabakimenaren aurka, emakumeen aurka.

Ez dute halako neurririk proposatu basektomia egitera doan pitilindunarekiko, erabakia birpentsa dezan ez dute derrigortuko fetu baten bihotzaren taupadak entzutera, prostataren ekografia bat egitera espermatozoideen pole position-a ikusteko, merendola baten bideo hunkiberak ikusaraztera... neurriok generobakarrekoak izan ohi direlako. Eta beti bera da generoa.

Haurrak derrigorrean munduratzearen kontu horrekin gizarte gisa dugun seta latza da, eta basektomia egitera doanari ohartarazpenak egiten bazaizkio ere, sufritzailea emakumezkoa da: ama izateko presioa, ez izanaren estigmatizazioa... Plazara gutxitan ekartzen dugun gai tabu horietarik beste bat, abortuarenarekiko kide.

Zalapartaren burrunbaren barruan, dena den, afera modu eraikitzailean hartzea erabaki dut. Eta hariari tiraka jarraitu. Sareetan irakurri dudanari segika, proposa liteke bankariak eta epaileak bidaltzea, derrigorrean, astebetez familia batekin bizitzera, hotzak eta Caritasek emandakotik janez, edo are jan gabe ere, haien etxegabetzea erabaki baino lehen. Ea erabakia kontzientzia osoz hartzen duten.

Inditexeko buruak ere, denda klon bat ireki aurretik, Bangladeshera bidaliko ditugu, han joskintzan dihardutenekin sasoitxo bat egin dezaten, tarteka bertan behera etortzen diren fabrika horietako batean, egunean 14 ordu lanean lau xemaikoren truke. Errealitateaz tindatzeko, amiñi bat.

Gas eta petrolio enpresetako enprendedore eta goi karguak ere, kargu goragokoak hartu aurretik, bolada batez berogailurik gabe bizitzen edukiko ditugu, paretak paperezkoak dituzten etxe horietan, txabolategi batean.

Eta klima aldaketaz jarduteko Davosera 1.500 hegaldi partikularretan iritsi diren hagintariak ere, zer arraio, goi bilera hasi aurretik migranteentzako zentro batean edukiko ditugu, txarrantxaz inguratuta, batzarrera iristeko laku izoztu bat plastikozko txalupa zulatu batean igaroaraziz.

Eta orduan agian konturatuko ginateke... okerragoa izango litzatekeela. Indartuta irtengo lirateke, oilartuago, conquis espirituarekin belarrietaraino jarrita, esanez «ni behetik hasia naiz, nik badakit zer den gabezia eta ez zara zu orain niri lezioak ematera etorriko...». Ideia guri joango litzaiguke kontrako eztarritik.

Alferrikakoa baita hauek inoren bihotz taupadak entzuten jartzea. Eurenak bakarrik aditzen dituzte, eta ez sentimenduekin lotzeko, ezpada sentsazioekin. Pultsometroa da hauen bihotzeko kutuna.

Ez dizkiegu baldintzak ezarri behar, beraz: debekatu egin beharko genituzke, zuzenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.