Koronabirusa. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Uztailaren 12an dira bozak

Iñigo Urkulluk argudiatu du osasun egoerak hobera egin duela eta uztailean egitea dela «erabakirik arduratsuena». Egoerak okerrera eginez gero, «beste aukera bat» egongo litzateke udazkenean

Iñigo Urkullu lehendakaria, atzo, hauteskundeetarako data iragartzeko agerraldian, lehendakaritzako egoitzan. IREKIA.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Uztailaren 12an egingo dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, igandearekin. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak atzo jakinarazi zuen hauteskundeen data, ezohiko gobernu kontseilua bildu eta gero. Dokumentu teknikoak aztertuta, alderdi politikoei entzunda, eta gobernu kontseiluan eztabaidatuta hartu zuen erabakia. Urkulluren ustez, hauteskundeak uztailean egitea «erabakirik arduratsuena» da, eta datak «berme guztiak» eskaintzen ditu.

Joan den ostegunean bildu zen Urkullu alderdi politikoekin hauteskundeak noiz egin zehazteko, baina adostasunik gabe amaitu zen bilera hori, oposizioak ez baitu ontzat jotzen bozak uztailean egitea. Egun hartan bertan Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak aurreratu zuen osasun bermeak egon badaudela hauteskundeak uztailean egiteko, datozen hilabeteetarako aurreikuspena delako izurritea urritzea. Atzo, Urkulluk berak baieztatu egin zuen uda betean izango direla bozak, uztailaren bigarren igandean. Osasun arloari, segurtasunari eta lege arloari buruzko argudioak eman zituen hauteskundeen beharra azaltzeko eta aukeratutako data arrazoitzeko.

Urkulluren hitzetan, azken asteetan koronabirusagatik kutsatutako kasu positiboek eta heriotzek behera egin dute: «Izurritearen hedapena geldiaraztea eta osasun sistemaren kolapsoa saihestea lortu dugu. Osasun larrialdia gainditzea lortu dugu». Osasun publikoko txostenek diotena oinarri hartuta, uztaila da hauteskundeetara deitzeko «garai rik egokiena», Urkulluren esanetan. Gainera, hauteskundeak pertsonen osasunerako «berme guztiekin» egingo direla ziurtatu zuen.

Hauteskunde deialdiaren dekretua sinatu aurretik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan martxoaren 13an ezarritako osasun larrialdia bertan behera utzi zuenlehendakariak. Horiek horrela, osasun larrialditik irtengo da gaur Euskal Autonomia Erkidegoa, eta «kontrol eta ikuskatze» egoeran sartuko da. Egoera berrian, izurritea murrizten jarraitzeko neurriak hartzen segituko dira, eta kasu positiboen «jarraipena» eta «kontrola» indartuko da lehen arretako zentroetan. Babes Zibilerako Aholku Batzordeak atzo arratsaldean egindako bileran hartu zuten egoera batetik bestera igarotzeko erabakia.

Baina osasun arrazoiak ez ezik, juridikoak eta legezkoak ere eman zituen Urkulluk bozen deialdia argudiatzeko. Haren esanetan, hauteskundeek«funtsezko eskubide bat betetzeko» modua emango dute: «Legez, bi aukera baino ez ditugu: hauteskundeak uztailean egitea edo udazkenera atzeratzea». Uztailean egitea lehenetsi du lehendakariak, «beste aukera bat» izateko udazkenean, egoerak okerrera eginez gero. Uztailak du, lehendakariaren esanetan, «berme gehien» hauteskundeetara deitzeko. «Kontuan izanda pandemiak udan eragin txikiagoa duela eta udazkenean arrisku handiagoa dagoela, berme gehien duen data uztailaren 12a da».

Hala ere, izurria berriro hazkunde bidean jarriko balitz, bigarren aukera zabalik uzten du uztaileko deialdiak. Alde horretatik,hauteskundeetarako deialdian izurriaren garapena ebaluatzeko konpromisoa jaso du lehendakariak. Hala, uztaila bitartean pandemiaren egoerak okerrera egingo balu, deialdia bertan behera utzi eta bigarren data baterako deialdia egingo luke. Kasu horretan, irailean edo urrian izango lirateke bozak; lehendakariak ez zuen zehaztu zer data aurreikusten duen bigarren deialdi baterako.

Botoa segurtasunez eman ahal izateko neurriak ere hartuko ditu Jaurlaritzak. Lehendakariak azaldu zuenez, ez da beharrezkoa izango Espainiako Gobernuak alarma egoera kentzea bozetara deitu ahal izateko, horixe izan baitzen joan den maiatzaren 6an Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak eta EAJk lortutako akordioaren baldintzetako bat.Segurtasun saila ari da prebentzio neurriak biltzen dituen plan bat prestatzen, botoa segurtasunez eman ahal izateko.

Bozkatzea, ezinbestekoa

Ezohikoak izango dira, guztiz, uztaileko hauteskundeak. Batetik, koronabirusaren izurriteak kanpaina bera goitik behera baldintzatuko duelako —ekainaren 26an hasiko da—. Eta, bestetik, ezin aurreikus daitekeelako osasun krisialdiak zer eragin izango duen parte hartzean eta botoan. Kazetarien galderei erantzunez, Urkulluk nabarmendu zuen hauteskundeetarako «54 egun» gelditzen direla, eta hauteskunde eguneko egoera ez dela egungo bera izango. «Bi hilabete falta dira, eta, aurreikuspenak betetzen badira, ordurako arintze neurrien laugarren fasea gaindituta egongo gara. Koka gaitezen bi hilabeteren buruan». Gainera, adierazi zuen oporretan egotea ez dela aitzakia izango hauteskunde mahaian egotea egokitzen bada.

Lehendakariak gogora ekarri zuen Galizian ere hauteskundeetara deitu dutela uztailaren 12rako; horrek erakusten du, haren ustez, data hori «egokia» dela bozak egiteko.

Hauteskundeak egitearen garrantzia azpimarratu zuen Urkulluk: «Legea bete behar dugu, eta bozkatzeko oinarrizko eskubide demokratikoa bermatu». Egoera ekonomikoa «oso gordina» dela gogoratu zuen, eta horregatik dela premiazkoa «lehenbailehen» deitzea hauteskundeak. Beharrezkoa da, haren ustez, legebiltzarra eta gobernu berria martxan izatea, haiek aurrera atera ditzaten behar berrietara egokitutako aurrekontuak, legeak eta erreformak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.