Donostiako 70. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Naturaltasun zintzo bat

Andoni Imaz.
2022ko irailaren 21a
00:00
Entzun

'La maternal'



Zuzendaria: Pilar Palomero. Aktoreak: Carla Quilez, Angela Cervantes, Jordan Angel Dumes. Herrialdeak: Herrialde Katalanak, Espainia. Iraupena: 123 minutu.

Ikusi gehiago:Ama gazteen begietatik

Bideo pornografiko bateko hotsak entzuten dira filmaren hasieran, eta neska bat eta mutil bat telefono bati begira ageri dira ondoren, jolasean, sexuaren errepresentazio zakar horien aurrean artean algaraka eta «zer nazka!» esanez erreakzionatzen dutela. Carlak (Carla Quilez) hortik denbora gutxira jakingo du haurdun geratu dela nahi gabe, 14 urterekin.

Las niñas-ek (2020), Pilar Palomeroren estreinako filmak, zirrara handia eragin zuen, haren indar espresiboarengatik, batez ere: irudi horiek gai ziren gauza asko adierazteko, eta nabari zen ikusleengan eta irudietan konfiantza handia zuen norbait zegoela atzetik.

Naturaltasun haren segida da La maternal, zinemagilearen bigarren lana. Lehenengo filmean haurrekin egin zuen lan ikusgarriaren ondoren, oraingoan aktore ez-profesional talde batekin aritu da Palomero, eta antzezpen gogoangarriak lortu ditu, bereziki Quilez protagonistarena eta ama adingabeen zentroko haren kideenak. Haien keinuak modu adierazgarrian jaso ditu, enkoadratze zainduen bidez.

Palomerok sentsibilitate handiz filmatu ditu neska gazteen lekukotzak eta bizipenak, baita Carlaren eta haren amaren (Angela Cervantes) arteko harremanaren gorabeherak ere. Pertsonaien alderik zaurgarriena erakustea lortzen du, baina estreinako filmaren sotiltasuna galduta; gidoia erabat biribildu gabea da, eta kosta egiten zaio istorioen konplexutasun osoa biltzea. Eskertzekoa da, halere, esperientziak lehenestea, mezu zuzenen gainetik.

Batzuetan, planoan agertzen dena bezain interesgarria da, gainera, filmak bi elipsitan kontatzen eta ezkutatzen duena: Carlari haurdun dagoela esan dioten unea, eta erditzea. Hazkuntza, zaintza eta harremanak garrantzitsuagoak dira une mingarrietatik etekin emozionala ateratzea baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.