Donostiako 70. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Ama gazteen begietatik

Haurdun dagoen nerabe bat du protagonista Pilar Palomeroren 'La Maternal'-ek. Memoria da gai nagusia Genki Kawamuraren 'Hyakka / A Hundred Flowers'-en

'La maternal'. Pilar Palomero —erdian— eta filmeko aktore taldea, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Mikel Lizarralde - Ainhoa Sarasola
Donostia
2022ko irailaren 21a
00:00
Entzun

Errepide ertzeko jatetxe batean bizi da Carla, bere ama gaztearekin. Ez dute harreman erraza, eta gizarte zerbitzuetako langile baten bisitak jasotzen dituzte. Bere adineko mutil bat du neskak lagunik onena, eta futbolean jokatzen, bizikletan ibiltzen, koreografiak asmatzen edo sakelakoari begira pasatzen du eguna. 14 urte ditu, eta haurdun dago; hala, ama izango diren neska nerabeentzako egoitza batera eramango dute. Pilar Palomero zuzendari espainiarrak Las niñas (2021) film sarituarekin egin zuen debuta, eta bigarren lan luzean neska nerabeen munduan murgildu da berriz ere: La Maternal erakutsi du Sail Ofizialeko lehian. «Ez dakit zergatik esaten den zailagoa izan litekeela nerabeekin lan egitea; niretzat alderantziz da: dena emateko prest zeuden, eta nire eskuetan jarri ziren; beraz, zoragarria izan zen», adierazi du zuzendariak.

Ikusi gehiago:Naturaltasun zintzo bat

Carla Quilezek jokatu du protagonistaren rola, eta Angela Cervantesek haren amarena. Baina badira zeresana duten pertsonaia gehiago ere, egoitzan bere egoera berean dauden beste gazte batzuk ezagutuko baititu protagonistak. Hain zuzen, antzeko egoerak bizitako neskekin izaniko elkarrizketak izan zituen oinarri zinemagileak gidoia osatzeko, eta horietako batzuek filmean parte hartu dute. «Istorioa ez dago haien bizitza errealetan oinarrituta, baina haien izaerek eta adierazteko moduek busti dute nolabait».

Izan ere, filma haien begietatik kontatu nahi izan zuen Palomerok. «Neskak ezagutzea mugarria izan zen; haien esperientziak izan dira filma egiteko motibo nagusia. Jabetu nintzen eraldatu egin nindutela, eta hor bazegoen kontatu beharreko zerbait». Filmak ez dituela erantzunak ematen, baizik eta gaiari buruz galderak eta gogoetak proposatzen dituela. « Hori da interesatzen zaidan zinema, baita ikusle gisa gozatzen dudana ere». Quilezek, halaber, azaldu du nesken istorioak ezagutzea izan zela berarentzat proiektuko garairik zailena, baina baita ederrena ere. «Beren bizitzen alde borrokatu diren emakume zoragarriak dira». Horietako batzuk ere izan dira emanaldiaren osteko agerraldian, eta adierazi dute hainbat bizipen gogoratzea zaila izan zela haientzat, baina harro daudela filma egin izanaz.

Neska haiek kontatu zizkieten istorioek hunkitu egin zutela esan du Cervantesek ere. «Errealitate hori ez nuen gertukoa, eta errespetu handia ematen zidan lan honek, erronka bat zen niretzat, ez nekiena gaindituko ote nuen. Baina neskak ezagutu nituenean, jabetu nintzen haiek zirela izan nezakeen begiradarik onena».

Memoriaren labirintoak

Genki Kawamura zinemagile japoniarrak bere opera prima ekarri du Donostiara, Hyakka / A Hundred Flowers, alzheimerraren eta memoriaren gaiari modu lirikoan begiratzen diona. Kawamurak berak idatzitako nobela batean dago oinarrituta, eta, azaldu duenez, bere amona hil zenean erabaki zuen istorioa ikus-entzunezko formatura eramatea —hura ere alzheimerra pairatutakoa—: «Iruditu zitzaidan gehiago gerturatuko nintzela harengana istorioa irudien bitartez kontatuta».

Ikusi gehiago:Ahaztearen garrantzia

Filmak, funtsean, ama eta seme baten arteko harremana kontatzen du. Yurikori (Mieko Harada) dementzia diagnostikatuko diote, eta, adimena galduz doan heinean, haren seme Izumik oso gogoan izango du umetako oroitzapen mingarri bat, ama desagertu egin zela uste izan zuenekoa.

Filma plano-sekuentzia luzeetan filmatu du Kawamurak, eta, adierazi duenez, horrek aukera eman dio pertsona baten barnean gertatzen direnak eta pentsamenduak jasotzeko. Haradak azaldu duenez, zuzendariarekin lehenengoz hitz egin zuenean, horrek jakin-min handia piztu zion. «Eszena guztiak plano-sekuentzian ziren, eta ez nuen ondo ulertzen zergatik. Baina berak esan zidan planoan ikusten zena baino harago joan behar genuela. Eszena bera baino inportanteagoa zela eszenaren gibelean dagoena».

Errealitatearen eta ametsaren, ukigarria denaren eta oroitzapenaren artean mugitzen da filma, eta hori Japoniako kulturarekin oso lotuta dagoela uste du zuzendariak. «Japoniarrentzat, ametsa errealitatearen parte da».

Filmaren pisuaren parte handi bat Haradak eramaten du, Kawamurak azaldu duenez, Japonian antzerkiko eta zinemako «figura oso ospetsua» denak. Besteak beste, Akira Kurosawaren Ran (1985) eta Yume (1990) filmetan lan egin zuen, eta, aktoreak azaldu du ez zela erraza izan: «Presio eta tentsio handia zegoen. 30 urte igaro dira, baina ez zait ahaztu».

Pornoa eta bakardadea

Dokumentalaren eta fikzioaren artean mugitu da Manuel Abramovich zinemagile argentinarra Pornomelancolía lanean, sex influencer baten istorioa kontatzeko. Lalo Santosek biluzik agertzen den argazkiak eta etxean eginiko bideo pornoak igotzen ditu sareetara; milaka jarraitzaile ditu, baina malenkoniaz bizi du egunerokoa. Zuzendariak azaldu du pertsona-pertsonaia harremana aztertzea interesatzen zitzaiola, baita maskulinitate ereduak ere.

Ikusi gehiago:Ez bata eta ez bestea

Filmeko protagonista bada ere, Santos ez da Donostian izan, grabazioan ez zela ongi tratatua sentitu adierazi baitu. Abramovichek aitortu du «triste eta harrituta» dagoela, eta nahiko lukeela aktorea aurkezpenean izan balitz, sentitzen duena adierazteko.

 

Ikusi gehiago:Zabor usaina duen amorrua

Ikusi gehiago:Kaiolatik ihesi

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.