Mikel Taberna Irazoki.
Nafarroako Bertsolari Txapelketa. IRITZIA

Lehengo buruan txapela

2019ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Orain dela bi urteko zortzi finalistetatik, sei genituen agertoki berean. Talde hartatik Aimar Karrika eta Ander Fuentes Itturri falta genituen, baina azken horrek bere partez Leitzaldeko eskola bereko bi lagun gazte bidali dizkigu, Joanes eta Xabat Illarregi anaiak. Falta zirenak, ez dago dudarik, berriz ere ikusiko ditugu hemendik aitzinera nonahi, baina gazte etorri berri hauekin saiatu beharko dute, jostetan edo lehian. Joanesek lehenbiziko tokia bereganatu zuen bi kanporaketetan, eta segur aski horrek zertxobait lotu izanen du finalean. Ordea, iruditu zait Xabatek askeago dantzatu duela mingaina, eta bertsoaldi batzuetan lortu duela jendea inor gutxik bezala bereganatzea, trebetasunez eta edertasunez jositako hitzekin (bakarka bota dituen biak ditut burutan). Nolanahi ere, anai batak nahiz bertzeak dohainak eta gaitasun aparta agertu dute. Sumatu den bertze huts bat, aurreko finaleko berbera, Sotok hasierako agurrean salatu duena: zortzi gizon… gabezia bat igerri. Hori ere aldatuko da. Hasierako agur horretantxe Juliok honelaxe amaitu du: …ea finalak ekartzen duen diskurtsoetan zerbait berri.

Eta ikusi dugu horretan zinez saiatu dela, eta uste dugu hortik etorri zaiola saria. Ofizioko lanetan ale aipagarriak utzi ditu (larrialdiko medikuaren rolean), baina, sobera aurreikus zitezkeen bertso andana bat joan ondotik, pozgarria izan da hasierako puntua emanda osatu dituenak aditzea. Buruz burukoan ere, Lazkozekin binakako lanetan dotore aritu ondotik (biak parean ikusi ditugu), bakarka eman dizkigunak oroitzeko modukoak izan dira. Txapela Eneko Lazkozekin jokatu behar izan du, orain dela bi urte bezala. Hala espero genuen, eta ez gara harritu. Sakandarra ongi aritu da, baina erranen nuke azken duelu horretan egin duela distirarik gehien.

Gainerako lauek ere saio polita egin dute. Xabi Terreros gelditu da hirugarren, baina duda dut nahi adina gozatu ote duen. Julen Zelaieta, berriz, gustura joan izanen da etxera, gu ere kontent utzirik, eta ez bakarrik isuri dituen umore ttantta eskergarriengatik. Eneko Fernandezek ere oso bertso ederrak utzi ditu ariketa ia guzietan. Eta Xabi Maiak erakutsi du lehenbiziko aldiz finalera iristea ez zela kasualitatea izan. Joxema Leitza sakandarrak jantziko ote dio txapela sakandarrari?, erran dit lagun bizkaitarrak saioa hasi baino lehen. Ez da hala izan. Enekoren amak segituko du pentsatzen semeak hurrengoan lortuko duela, eta gu prest gaude bi urteren buruan berriz ere hitzordu honetan hutsik ez egiteko, hori hala den edo ez ikusteko.

Bizitzari emandako txapela

Anaitasuna borborka jarri du bertsoaren suak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.