ainara arratibel gascon
Tokio 2020. KEN ZAZPI [ORDU]

Modernizatu?

2021eko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Bost kirol berri daude Olinpiar Joko hauetan. Besteak beste, skateboardinga. Azken kirol hori olinpiar kirolen artean sartzea «modernizaziorako urrats bat bezala» saldu zuen Nazioarteko Olinpiar Batzordeak. Eta bide horretan beste pauso bat emango du Parisko 2024ko Olinpiar Jokoetan breakdance-a sartuz.

Kaltetuak, bestea beste, karatea eta 50 kilometroko ibilketa: aspalditik Jokoetan egon diren bi kirol. NOBk «modernizazio» gisa saltzen duen horren atzean, beste arrazoi batzuk daude. Nagusia ibilketan aritzen diren atletek salatu dute: «Telebistaren interesak daude hor. Esan digute gurea bezalako proba luze batek ez dituela ikus-entzuleak erakartzen». Berriro ere telebistek dute aginte makila NOBren erabakietan. Berriro ere bestelako interesak kirol interes eta koherentziaren gainetik.

Breakdance-ari eta skateboradingari errespetua zor zaie jarduera moduan. Baina kirol moduan hartuak izan daitezke? Ez al dira gehiago adierazpen artistiko bat?

Zergatik ez eutsi betiko kirol horiei? Baina bestelako modu batean eskainiz? 50 kilometroko ibilketa bezalako proba bat prestatzeak daukan ahalegina hor dago. Norbaitek jartzen al du zalantzan kirol bat denik? Nik, behintzat, ez dut zalantzarik.

Olinpiar Jokoak ikuskizun bat ere badira, gehienok telebista bidez ikusten ditugunak. Eta hor ere eman behar da eboluzio bat. Baina ez egiten ari diren moduan. Denak ez du balio.

NOBri gardentasuna eskatu behar zaio, eta argi azaldu ditzala zein diren irizpideak kirol berriak sartzeko orduan. Bestela, hor egongo da zalantza. Baina azken urteetan iluntasuna izan da nagusi haren erabakietan eta jokatzeko moduan. Ikusi beharko da etorkizunean zer gertatzen den kontu honekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.