Donostiako 61. Zinemaldia. Kritika. Perlak

Hildakoen itzulera

Beñat Eizagirre Indo.
2013ko irailaren 24a
00:00
Entzun
'The Face of Love'

Zuzendaria: Arie Posin. Aktoreak: Annette Bening, Ed Harris, Robin Williams, Amy Brenneman. Herrialdea: AEB. Iraupena: 92 minutu.

Ikusmin handia sortu du Arie Posin zuzendariaren bigarren film luzeak, aski ezagunak diren aktoreak ikus baitaitezke pantailan, tartean, Annette Bening, American Beauty kitzikagarrian lan egin zuen izarra. Entretenigarria da, ezbairik gabe, baina maisulana izatetik urrun dago, hala ere. Galeraren inguruko hausnarketa interesgarria proposatzen digu, eta intrigari esker ikuslea harrapatzea lortzen du. Ez da originala, baina ikuslearen interesa bereganatzea lortzen duela baieztatu daiteke zalantzarik gabe. Egilea Hitchcocken jarraitzailea dela begi bistakoa da (Vertigo-ren kartelak argi erakusten du hori) Nikki alargun koitaduak ezagutu berri duen gizona bere senarra janzten zen moduan janzten duenean. Nikki zeharo obsesionatuta dago Garrett zenarekin, eta senarra galdu zuenetik bost urte luze igaro diren arren, ez du bere bizitzako gizona ahazterik lortu. Hain dago obsesionatuta, kalean ere ikusi duela, eta beti joan ohi ziren museora ere sartu da. Hildakoa bat-batean berpiztu egin dela dirudi. Imajinazioak nahastu egin dezake norbanakoa, baita erokeriatik salbatu ere. Errealitatea onartzea zaila den kasuetan, imajinazioari askatasun osoa ematea izan daiteke ihesbide bakarra. Ruby Sparks-en Calvin Weir-Fields idazleak bere ametsetako emakumea asmatzen du Pigmalion modernoa balitz moduan, eta horrela boterea bere eskuetan edukitzeaz gain, inork ez du sekula abandonatuko. Kenya Marquez mexikarraren Fecha de caducidad (2011) umore beltzeko lanean Ramona alargunak ez du bere semearen desagerpena onartu nahi, eta haren neskalagun gisa tratatzen du bera bizi den eraikinera bizitzera etorri berri den neska gaztea. The Face of Love-n, Nikkik senarrarekin maiteminduta jarraitzen du, eta berarekin topo egingo du egun batean. Tom izena duela dio, baina senarraren igual-iguala da. Ametsa ote?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.