Helduen alfabetatze eta euskalduntzea. Doakotasuna

Oinarrizko mailan ere doakoa

Kataluniako instituzio publikoetan katalana hastapen mailan ikastea doan izan da beti, eta, iaztik, oinarrizko mailan ere ez da sosik ordaindu behar. Hautu politiko horren onurak nabarmendu dituzte.

Ikasle batzuk, Hizkuntza Normalizaziorako Partzuergoaren zentro batean. CPNL.
Igor Susaeta.
2021eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Kataluniako Generalitateak 1989an eratu zuen Hizkuntza Normalizaziorako Partzuergoa (CPNL), eta, orduz geroztik, erakunde publiko horren zentroetan doan da katalana hastapen mailan ikastea. Alde horretatik, doakotasunaren alde egindako apustua sendotu zuen administrazioak iaz: oinarrizko mailako katalan eskolak doan ematen hasi ziren. Gainera,beste mailetan ere matrikulen prezioa jaistea erabaki zuen CPNLk; «behe mailan, esate baterako, %34 murriztu da», nabarmendu du Ester Franquesa Generalitateko Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusi eta CPNLko presidenteak. «Neurri sozial horiek ikasketa prozesua eta katalanaren erabilera hauspotzen dute».

Franquesaren arabera, «politika horiek» eragin dute gorakada bat gertatzea izen emateetan; 2018tik 2019ra, adibidez, %11 areagotu ziren. «Kopuru esanguratsua da, eta azpimarratzekoa da, aldi berean, horien %69k izena eman zutela hastapen zein oinarrizko mailetan». Hau da, pertsona horiek katalanaren ezagutzarik ez dute, edo, izatekotan, hori «txikia» da. «Maila horietan izena emandakoen artean, %56,2k jatorria dute Erdialdeko Amerikan edo Hego Amerikan». Franquesaren iritziz, hizkuntza menderatuz gero, «parte hartze sozial eta kulturalerako gaitasuna handitzen da, eta lan aukera gehiagorako sarbidea irekitzen da».

Zenbaki horiek guztiak aintzat hartuta, CPNLk hastapen mailako ikastaroen eskaintza handitu du, eta helburu du, erakundeko presidentearen esanetan, «eraginkortasun handiagoarekin erantzutea herritarren beharrei; batez ere, «atzerrian jaiotakoek dituztenei». CPNL «egokitu» egin da, horrenbestez, herrialdearen premietara, «immigrazio berrien mugimendu masiboei erantzuteko intentzioarekin». Franquesasek gogoratu du «sustraitze sozialerako tramiteak» egiteko orduan, atzerritik Kataluniaren iritsitako pertsonek erakutsi behar dutela katalanaren gutxieneko ezagutza dutela, edo, bestela, 45 orduko katalan ikastaro batera joan direla.

Generalitateak, 97 udalek, eskualde mailako 37 kontseiluk eta Gironako Diputazioak osatzen dute CPNL, eta 140 zentro dauzka Katalunian. «Nagusiki» horietan ikas dezakete katalana 16 urtetik gorako herritarrek, baina baita «helduentzako eskoletan eta unibertsitateko eremuetan ere», Franquesaren hitzetan. CPNLk eskaintzen ditu, era berean, Parla.cat plataformaren bidez, Internet bidez ikastaroak. «Horietara jotzen dute, batez ere, Kataluniatik kanpo bizi direnek».

CPNLk ikastaro presentzialetan eskaintzen duen «formatu ohikoena» hiru hilabetekoa da. «45 orduko iraupena edukitzen dute, eta astero bi eskola ematen dituzte: horietako bakoitza bi ordukoa. Horrek esan nahi du kurtso oso baten baliokidea den denbora epean maila bat osatzen duten hiru moduluak bete ditzaketela ikasleek. Azkeneko urteotan hiru hilabeteko ikastaroak lehenetsi ditugu». Eta horrekin lotuta, datu gehiago: 2020-2021 kurtsoan, behe mailan, 25,50 euro ordaindu dituzte ikasleek 45 orduko ikastaro baten truke; erdiko mailan, 50,50 euro, ordu kopuru beragatik; eta nahikotasun mailan, 98,50 euro. Horiek dira prezio arruntak, baina bada matrikularen prezioa %50 edo %70 murrizteko aukerarik, baldintza jakin batzuk betez gero.

Duela hiru hamarkada pasatxo eratu zuten Hizkuntza Normalizaziorako Partzuergoa, eta Franquesak azpimarratu du 1986tik 2018ra katalanaren ezagutzari dagokionez emandako garapenean «areagotze bat» gertatu dela «trebetasun linguistiko guztietan». Hori «argiago» ikus daiteke, haren ustez, Kataluniako Estatistika Institutuak 2013an eta 2018an egindako Herritarren Hizkuntza Erabileraren Inkestaren emaitzetan. «Herritar helduek katalanaz duten ezagutza apur bat hazi da 2013az geroztik; eta hazi da bai portzentualki, baita zenbaki absolutuetan ere, lau trebetasun linguistikoetan». Herritarren %94,4k katalana ulertzen dute; %85,5ek irakurtzen dakite; %81,1ek hitz egiten dakite, eta %65,3k idazten. «Azken bost urteotan, 400.000 pertsonak idazteko gaitasuna hartu dute, 300.000 gehiagok irakurtzen dakite, 160.000 gehiagok hitz egiten, eta 128.000 gehiagok ulertu egiten dute; hau da, batez ere idazteko eta irakurtzeko gaitasuna hazi da herritarren artean».

Eta CPNLk horretan jokatuko rola azpimarratu nahi izan du Franquesak: «Zalantzarik gabe, instituzio funtsezko bat da katalanaren zabalkundean zein kohesio sozialean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.