mikel reina
HIRUKOTIK

Seven Days

2021eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Duela justu zazpi egun hasi zen Eurokopako Seven Days —zazpi egun— txapelketa. Europako bigarren lehiaketa da Euroligaren azpitik, nahiz eta talde batzuek horretan aritzeko maila duten. Bi proiektu eta izen handi nabarmentzen dira: Virtus Bologna eta Partizan Belgrad. Ez dira edozein bi talde horien gidaritza hartu dutenak. Italiara Sergio Scariolo heldu da, NBAko Toronto Raptorsen entrenatzaile laguntzaile moduan hiru denboralditan aritu ostean. Horrez gain, Espainiako selekzioarekin lortutako emaitza bikainek, bereziki duela bi urte Txinan irabazitako Munduko Txapelketak, ospea itzuli diote italiarrari. Etxera bueltatu den beste bat Zeljko Obradovic izan da. Euroliga gehien irabazi dituen entrenatzailea da serbiarra: bederatzi, bost talde desberdinekin. Lehena 1991-1992ko sasoian eskuratu zuen, Partizanekin. Han ari da berriro sasoi honetan.

Inbertsioa. Bi izen handi bi proiektu handi eramateko. Historia luzeko bi talde dira, eta haien helburua datorren denboraldian Euroligan aritzea da.Horretarako, Monakok egin bezala, Eurokopa irabazi beharrean daude. Bide onetik hasi dira biak. Biek irabazi dute lehen jardunaldian, erakustaldia emanda: Partizan 97-106 gailendu zen Hanburgoren kantxan, eta Virtus 83-101 Bursasporrenean. Bide luzea dute aurretik, baina sendoa izan da eman duten lehen pausoa. Lehiaketa sistema aldatu dute, eta ligaxka jokatu ondoren kanporaketak izango dira amaiera arte.

Inbertsioa ez dute soilik aulkian egin, baita jokalarietan ere. Ez da harritzekoa: Scarioloren eta Obradovicen izenek ate asko irekitzen dituzte. Batez ere bigarrenarenak, inork baino gehiago irabazi baitu Europan. Serbiarrak bere esanetara ditu iaz Eurokopa baino maila goragoko txapelketetan zeuden hainbat jokalari. Erakarpena zer den: Euroligan edo NBAn jokatu ondoren, koska bat edo bi behera egitea. Egiari zor, Alen Smailagicen eta Rodion Kurucksen kasuak bereziak dira, ez zutelako lekurik NBAn. Hala ere, Europara itzultzerakoan ez zituzten eskaintza gutxi izango, Euroligako taldeenak seguru, eta Partizanen bukatu dute biek. Ez da kasualitatea. Era berean, Kevin Punterrek eta Zach LeDayk Milanekin Euroligako Lauko Finalean jokatu ostean atzerapausoa eman dute, eta Belgraden ariko dira.

Bolognan (Italia) arinago hasi ziren dirua sartzen. 2020ko azaroan NBAtik zuzenean ekarri zuten Marco Belinelli, eta aurretik Milos Teodosic, besteak beste. Uda honetan aurrerapauso erabakigarria eman nahi izan dute italiarrek. NBAtik Nico Mannion italiar gaztea ekarri dute, Ekpe Udohk ere Ameriketako eta Txinako ametsa amaitutzat jo du, eta aurreko sasoiko Eurokopako jokalari onenetako bi fitxatu dituzte: Isaia Cordinier eta Kevin Hervey. Fruitua jasotzen hasi dira: denboraldi hasieran jokatutako Italiako Superkopan Sergio Scarioloren taldeak 90-84 irabazi zion Milani. 26 urte ziren ez zuela garaikur hori irabazi.

Berdintasuna. Italiarrek apustu bera egin nahi izan dute emakumezkoetan. Duela hiru denboraldi Bigarren Mailan ari ziren, eta maila nagusira igo ziren. Hurrengo sasoian, mantendu egin ziren, eta aurten, pauso nabarmena eman nahi dute. Haien helburuak liga irabaztea eta datorren sasoian Euroligan aritzea dira. Gizonezkoak bezala. Horretarako, diru asko jarri dute mahai gainean. Cecilia Zandalasini Italiako jokalaririk onena fitxatu dute Fenerbahcetik, Ivana Dojkic ere Euroligatik heldu da, eta WNBAtik zuzenean Mysha Hines-Allen eta Brianna Turner iritsi dira. Turner oraindik ez da heldu, WNBAko finalak jokatzen aritu baita. Hala ere, emaitzak ez datoz bat taldearen kalitatearekin. Eurokopako lehen jardunaldian, Lointek Gernika Bizkaiak handia egin zuen Bolognan 60-65 irabazita, eta bigarrenean, astindua jaso zuen Frantzian: 84-46. Espainiako Ligan Valentziak eginiko bideari jarraitu nahi izan diote. Roig familiaren taldea lehen mailara igo zenetik helburu denak bete ditu. Europako talderik onena den Ekaterinburg mendean hartu berri du Superkopan. Hiru garaikur irabazi ditu urte bakarrean: Eurokopa, eta Espainiako eta Europako superkopak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.