mikel reina
HIRUKOTIK

Europako egutegia

2022ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Barrutik kanpora. Badator saskibaloiko lehen aste gozagarria. Edo etsigarria etxekoentzat. Saskibaloia dago egunero, txapelketa ezberdinak, gainera. Europako txapelketak hasiko dira gaur, aste honetan hiru euskal taldek ekingo diote Europako abenturari, IDK Euskotrenekgehiago itxaron beharko du debuterako. Goreneko mailako denak ariko dira, Kutxabank Araski izan ezik. Gaur bertan Bilbo Basketek Pragan jokatuko du Txapeldunen Ligako lehen jardunaldia Nymburken aurka. Bilbotarrek aurkezpenean aditzera eman zutenez, bigarren mailako helburutzat hartu dute txapelketa. Baina ACB ligako lehen bi garaipenek ziurtasuna emango zien. Baskoniak etzi hasiko du Euroliga, ez edozelan, Valentzia Basketen Fonteta pabiloian. Valentziarrekin dagoen lehia, Joan Peñarroyaren itzulera... osagai asko lehen jardunaldirako. Gasteiztarrek gorabeherak izan dituzte ligako lehen bi partidetan, Unicajaren aurkako lehen laurdenetik, Markus Howarden erakustaldira pasatu zen; eta Bartzelonaren kontra aldaketa handia izan zen lehen eta bigarren zatien artean. Normala dela esan daiteke. Oraindik taldeak egiteke daude, denboraldiaurrean daude oraindik. Lehen sentsazioek, berriz, ilusioa piztu dute zaleen artean, Buesa Arena lepo bete zen Unicajaren aurka. Partidaren inguruan antolatutako kontzertuak, ikuskizunak... lagundu zuen. Baina protagonistak aldatu daitezke, euskarari tarte bat zabalduz, esate baterako.

Azkenean kanporantza helarazi nahi duguna garrantzitsua da oso. Asteburuan amaitu zen Australiako emakumezkoen Munduko Txapelketa. Oso ikusgarritasun gutxi izan du. Partida gutxi batzuk emititu dira, jarraipena txikia izan da. Gero, emakumezkoen saskibaloiaren babesleak direla diote. Nesken denboraldi ofizialeko egutegia ez sinestekoa da. Hiru euskal taldeen lehen partida ofiziala hiru txapelketa ezberdinetan izango da.

Hiru hasiera ezberdin. Lointek Gernika Bizkaia denboraldiaurretik kale edo baleko norgehiagoka bat jokatzera pasako da. Eurokopako atariko kanporaketako joaneko partida du bihar Phantoms Basket Boom Belgikako taldearen aurka. Partida oso garrantzitsua da, seigarren denboraldiz jarraian jokatu nahi baitute gernikarrek Eurokopa. Aldaketen sasoia da aurtengoa Busturialdean. Nagusia: 11 urteren ostean ez dugu Mario Lopez Malosteko aulkian jesarrita ikusiko, osasun arrazoiengatik. Anna Montañanak erronka handia du aurretik. Horretarako asko eta ondo inguratuta egongo da. Ohi baino berrikuntza gutxiago izango ditu taldeak, baina jokalari garrantzitsu batzuk itzuliko dira: Julie Wojta eta Nogaye Lo.

Ligako lehen jardunaldia Kutxabank Araski eta bizkaitarren artekoa izan beharko litzateke. Baina gasteiztarrek Superkoparekin emango diote hasiera ofiziala denboraldiari. Duela bi urte Miribillan jokatu zen, eta aurten Mendizorrotzak hartuko du. Talde antolatzaile moduan jokatuko dute arabarrek. Denboraldi hasiera ezberdin bat. Gironaren aurka jokatuko dute larunbatean, Baskoniak egin bezala, ilusiorako pizgarri ezin hobe bat izan daiteke. Bigarren txapelketarik ez jokatzeak talde laburrago bat eratzera eraman ditu, gutxiago bai, baina kalitate handikoak. Made Urietak Maria Asurmendi eta Tanaya Atkinson bakarrik mantentzen ditu iaztik, eta Campus Prometetik hiru jokalari ekarri ditu: Burani, Alarcon eta Diarra, hain zuzen ere. Logroñoko taldea desagertu egin zen.

Denboraldiaurrean IDK Euskotren izan da hiru euskal taldeen artean onena. Euskal Kopa eskuratu zuten lehen aldiz gipuzkoarrek. Lehen aldiz ere ariko dira Europan, atariko kanporaketarik jokatu gabe. Urriaren 27an izango dute estreinaldia Asvelen pabiloian. Frantziako taldea indartsua da. Azu Muguruzarenak izango dira denboraldia normaltasunez hasiko duten bakarrak: bihar Bembibren jokatuko dute. Ikusi beharko da ordurako Ivana Raca jokatzeko dagoen edo ez. Serbiarra izan da euskal taldeetako ordezkari bakarra Australiako munduko txapelketan. Beste jaurtitzaile bat talderako. Muguruzaren plana argia da: Coulibaly jaurtitzailez inguratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.