mikel reina
HIRUKOTIK

'Influencer'

2021eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Globalismoa. Flare, shuffle, back screen, flex, spin move, drop... Umeen marrazki bizidunetako izenak izan daitezke. Bestela, gazteek jarraitzen dituzten youtuberren izenak. Ez bata, ez bestea. Saskibaloiko terminologia da. Azkenaldian sare sozialetan, Twitterren batik bat, hitz hauek egunero agertzen zaizkio Hirukotik-i eta beste saskibaloizale askori. NBA saskibaloiaren metropoli nagusia da. Kolonialismo berria da, Estatu Batuetan egiten dena kopiatzen da. Denok zerbait asmatu nahiaren bilaketa etengabe horretan, izenekin egiten dute apustu askok. Eta gaur egun, ia denetarik dago eginda. Globalismoa da nagusi.

Gauza bera gertatzen da ingelesarekin, denek nahitaez jakin beharreko hizkuntza. Txikitatik inposatutako hori, bidaiatzeko edo lan egiteko garrantzitsua, baita saskibaloian ere. Talde askotan, egun, gero eta gehiagotan, ingelesez aritzen da gehienetan ama hizkuntzan baino. Entrenatzaileak hitz egitera behartuta daude; bestela, laguntzaileak itzulpen lanak egin behar ditu, eta mezua ez zaio jokalariari berdin helduko.

Estralurtarrak. Badago ingelesezko hitz tekniko hauen hiztegia idatzi duena ere. Argigarriena zeharkako blokeoen izenpena da, defentsan dagoen jokalariari jarritako pantaila horren angeluaren arabera, izen batez edo besteaz da ezaguna. Jokalariaren atzealdean jarriz gero, back screen da. Blokeo horiek itsuak deitu ohi izan dira, defentsak ez baititu ikusten. Alboz eta horizontalki izatekotan flare deitzen zaio. Baina blokeo hori diagonala izanez gero, shuffle motatakoa da. Asko eta askotarikoak daude.

Gauza bera gertatzen da banakako tekniken terminoekin. Badirudi ingelesez esanez gehiago dakizula. Eta dena ez da 0 urratsaren errua. Errebertsoa esan beharrean spin move esaten dutenak daude. Badirudi asmoa dela erraza dena zail bihurtzea. Hitz tekniko gehiago erabiltzeagatik ez dakizu gehiago. Piti Hurtado adituak, esate baterako, oso ondo komunikatzen ditu xehetasun tekniko eta taktiko horiek bere emankizunetan. Badakizki teknizismoak, baina lurtarrak bihurtzen ditu, denok ulertzeko modukoak, hain zuzen ere.

Ezinbestekoak. Orain, taktikoki mugimendu bakoitzak bere izen propioa dauka. Badaude aurrez ezarritako sistema batzuk betidanik izen bera izan dutenak, haien asmatzaileen omenez. Ucla, Flex, Zipper edo triple-post. 1960ko hamarkadaren inguruan sortu zituzten, eta urteak pasatu ahala, oraindik entrenatzaileen arbeltxoetan ezinbestekoak dira. Azkenean, bakoitzak bere ukituak edo xehetasunak landuko ditu, baina oinarriak direnak dira, antzinakoak. Sobietar Batasuneko sistemak garatzen dira oraindik. Alexander Gomelskiren zortziak, adibidez, eskuz eskukako mugimenduetan, orain hand-off ezagunaz, oinarritzen da, eta azkenean, blokeo zuzen bat erdialdean. Euroligan Zalgirisek asko erabiltzen du.

Modernoagoak ere badaude. Sergio Scariolo Espainiako selekzioko hautatzaileak blokeo zuzenari beste blokeo bat gehitu zion. Aldi berean antolatzaileari eta pibotari jartzen zaie pantaila. Orduz geroztik, Spain pick and roll-ez da ezaguna. Bartzelonak asko erabiltzen du. Jokalariek ere zeresana daukate. Azken urteetan Iverson Cut mugimendua modan jarri da. Bai, Allen Iversonengandik dator izena. Antolatzaileak bakarkako jokaldiak joka zitzan, hiruko marran zeharkako bi blokeo jartzen zizkioten horizontalki, berak kantxako alde batetik bestera joaterakoan baloi abantailarekin har zezan.

IƱaki Jimenezek, Iraurgiko gizonezkoen taldeko entrenatzaileak, termino sorta horietako asko erabili beharko ditu bere lan saioetan. Gipuzkoako taldeak bigarren aldiz jarraian jokatuko du Espainiako Zilarrezko Ligako kopa larunbatean. Iaz, Azpeitian garaile izan ziren Gironaren aurka, eta aurten, Bartzelonan errepikatu nahi dute. Espainiako hirugarren mailan bi multzo daude eta lehen itzulian bakoitzeko liderrek jokatuko dute finala. Partida horrek gastu asko dakartza, eta horiei aurre egiteko laguntza bila daude. Enpresa edo norbanakoa izan, edonork lagun diezaioke Iraurgiri. Koronabirusaren krisiak gogor astindu ditu herriko taldeak, eta ez dago ingelesezko marketin terminorik hori salbatuko duenik. Ez branding, engagement ezta influencer nahikorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.