Emiliano Lopez Atxurra. Ibil-eko presidentea

«Mugikortasun elektrikoa eta deskarbonizazioa ez dira Eurodisney»

Irune Lasa.
Donostia
2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Emiliano Lopez Atxurra (Zumaia, Gipuzkoa, 1956) Ibil enpresaren presidentea da, eta Petronorreko presidentea ere bai. Espainiako Gobernuak erregai fosileko autoei epemuga ezartzeko asmoa erakutsi ostean, ezin horri buruz galdetu gabe gelditu.

Erregai fosileko autoen salmenta halako urtean debekatuko dela entzutean, zer pentsatzen duzu?

Ezin dela mugikortasunaren etorkizuna pentsamolde zaharrarekin irakurri. Eta neutraltasun teknologikoa errespetatu behar dela, teknologia bat beste arrazoirik gabe azpimarratzea saihestuz. Azkenean, helburua zein da: mugikortasun elektrikoa? Ez. Helburua da deskarbonizazioa. Hori lortzeko teknologia desberdinak daude, eta horiei heldu behar zaie aurrerapausoak egiteko, osotasunean pentsatuz. Adibidez, auto elektrikoen bateriak Txinan egiten dira, aztarna ekologiko handiarekin, eta lur arraroekin berdin gertatzen da. Europaren sendotasuna berritasun teknologikoan dago, eta, esaterako, pentsatu beharko litzateke grafenoak garrantzi handia izango duela deskarbonizazioan, edota eraginkortasun energetikoak... Osotasunean pentsatu behar da, eta azterketa teknologiko mardulak egin, aintzat hartuz gure sendotasun teknologiko eta industrialak.

Ibilen hori egiten duzue?

Hala da, mugikortasuna ez dugu soilik autoen mugikortasun moduan ulertzen. Azkenean, mugikortasun elektrikoak zera esan nahi du: sistema osoaren aldaketa bat da, eta Ibilen kargalekuak biltegiratzeko guneak izan daitezke, energiaren sorkuntza banatua garatzeko bidea... Ibil bakarra izan da hamar urte hauetan kargarako azpiegitura egin duena. Gaur egun, 1.700 kargaleku ditugu; 1.500 pribatuak dira eta 200 publikoak. Eta 200 bakarrik dira oztopoak izan ditugulako.

Zein oztopo?

Oztopo administratiboak. Arkitektura juridikoak eta gobernantza publikoak ez daudelako prestatuta azpiegitura hauek errazteko. Gauza bat da diskurtsoa, eta beste gauza bat ekintza administratiboa.

Hori da Pedro Sanchezen gobernuari leporatzen diozuna, hitzetan gelditzen dela?

Neurri horiek hartzeko azterketa sendorik ez izatea leporatzen diet nik. Ez dakite gaur egun funtsean zein den arazoa. Eta arazoa da Europako eta Espainiako industria sendotasun teknologikoa. Ardatz hori gabeko neurriak hartzen badira, hau Eurodisney izango da. Eta mugikortasun elektrikoa, mugikortasun jasangarria eta deskarbonizazioa ez dira Eurodisney; errealitate sakona da, erabat lotua industriari eta teknologiari. Jokoan lidergo teknologiko eta industriala dago, eta munduko eskualdeen arteko lehia eta gure aberastasuna eta orain bizi garen moduan bizitzeko gaitasuna.

Ibil lanez lepo dabil kargalekuak ezartzen.

Hori da, jo eta su lanean ari gara Ibilen eta finantzaketa publikorik gabe. Egia da arlo publikotik EEE partaide dugula, baina kargaleku sarea finantzaketa publikorik gabe egiten ari gara, eta orain, arnas betean ekingo diogu karga lasterreko kargalekuei. Azkenean, asko inbertitu dugu azpiegitura eraginkorrak lantzeko. Eta gure helburua da elektrikoa edota hibridoa duen bezero batek gehienez hamar minutu behar izatea bere autoa kargatzeko. Karga ultralasterra gure gasolindegietan ezarriko dugu lehendabizi, baina norbaitek bere negozioan edo beste nonbait jarri nahi badu, gu prest gaude.

Lehia handia izango da.

Ez da lehia, merkatua da. Eta gu ohituta gaude merkatuan. Ez garelako izan erregulazioaren arabera bizi den enpresa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.