ainara arratibel gascon
Tokio 2020. KEN ZAZPI [ORDU]

Haien zirkua

2021eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Olinpiar esperientzia honetan kide dudan Jakes Goikoetxeak kirol kazetarien inguruan idatzi zuen herenegun, Surimia zutabean. Bertan, Espainiako kirol kazetaritza eredua aipatzen zuen. Bada, eredu horren ajeak bizi eta jasan behar izan genituen herenegun bertan, Kasaiko kanalean, Maialen Chourrauten garaipena kontatzera joandako kazetariok. Igandean, sailkatze proba amaitu ostean, hiru kazetari multzo bakarrik joan ginen harengana eta Ander Elosegirengana: gu geu, Basque Team-eko lankideak eta Espainiako Piraguismoko Federaziokoak. Astelehenean ere kazetari multzo bera Ander Elosegirekin hitz egiteko. Gertutasuna eta patxada.

Chourrauten finalerdian ere Espainiako kazetarien ia arrastorik ez. Baina zilarrezko domina irabazi eta gero, kirolarien adierazpenak egiteko gunean agertu ziren. Eta haien zirkua hasi zen. Batetik, borroka, batez ere irratikoen artean, Chourraut aurrena elkarrizketatu ahal izateko. Guztiak pinganilloa eskuetan, hari pasatzeko lehian, ahots altuan hitz egiten. Atzo mokoka jarraitzen zuten sare sozialetan, Chourraut zuzenean sartzen lehena nor izan zen eztabaidagai zutela.

Zain geunden, eta egunero kanalean izan ginen beste kazetariekiko begirunerik gabe aritu ziren. Ordu erdi inguru aritu ziren, guk ere gure lana egin behar genuela inporta gabe. Artean, Ricarda Funk txapelduna lasai eta soseguz hitz egiten aritu zen bere herrialdeko kazetariekin.

Chourrauti egin zizkioten galdera motak ere... «Zilarra falta zitzaizun. Nahiago izan duzu horren bila joan, urrea irabazi baino?». Asko ere alabaren ingurukoak, ziurrenik gizonezko kirolari bati egingo ez zizkiotenak. Aldendu gaitezen eredu horretatik, ez bakarrik landutako edukietan, baita kazetari izateko moduan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.