ainara arratibel gascon
TOKIO 2020. KEN ZAZPI [ORDU]

Suziriak ez du ilusiorik piztu

2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Hasi aurretik jakina zen japoniarren gehiengoa pandemia egoeran Olinpiar Jokoak antolatzearen aurka zegoela. Inkesten arabera, hamarretik zortzi ziren hala pentsatzen zutenak. Ilusiorik ez zegoen herritarren artean: batetik, kanpotik etorritako ordezkaritzetako jendeak birusaren hedapena handitzearen beldur ziren; eta, bestetik, kirol guneetan sartu ezinda, ezin zutelako Jokoez disfrutatu. Hiru egun igaro dira suziri olinpikoa piztu zenetik; jokatu dira lehen finalak, banatu dira lehen dominak, kirolariak beren onena ematen ari dira ikuskizun eder bat pentsatzeko...

Pentsa zitekeen horrek sortzen duen ilusioak hauspotuta japoniarren gogoa ere piztu egingo zela; unea iritsita, atxikimendu apur bat erakutsiko zutela. Baina ez da hala izan. Bero dagoen bakarra eguraldia da. Jada hiru lehiaketa egun igaro diren arren, japoniarrak Jokoetatik urruti daude oraindik ere, beren egunerokoetan murgilduta. Akreditazioa lepoan ikusten zaituztenean ere, keinu edo galderarik apenas.

Kaleetan Olinpiar Jokoetako afixa oso gutxi daude. Olinpiar guneetara gerturatzen joan behar duzu halakoak ikusteko. Gainontzean, ez zara konturatzen Jokoak egiten ari diren hiri batean zaudenik.

Olinpiar Jokoak, kirola, ilusio sortzaile diren honetan, arraroa, tristea eta etsigarria da errealitate hori ikustea. Hasierako txinparta horrekin ilusio hori piztu ez bada, zaila da hurrengo egunetan egitea. Errezeta on batek, ondo irteteko, osagai guztiak behar ditu, eta egunetik egunera agerian geratzen ari dena da Joko hauei kirolaren gatza eta piperra faltatzen ari zaiela: zaleak harmailan eta herritarren babesa. Baina, beste gauza batzuetan bezala, hemen osagai batek agintzen du: diruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.