Koronabirusa

Berako lantegi bateko agerraldia «kontrolpean» dago, Indurainen arabera

Zazpi langile kutsatu ditu izurriak. PCR proban hamabost pertsonak eman dute positibo Hegoaldean. ZIUan daudenen kopurua azken hiru hilabeteetako txikiena da

Jon Ordoñez Garmendia - Igor Susaeta
2020ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Berako (Nafarroa) Caveo Automotive lantegian koronabirus agerraldi bat izan da, eta atzo beste hiru positibo detektatu zituzten. Aste honetan Funvera lantegiko lau langilek positibo eman ostean, PCR probak egin dizkiete gainontzeko guztiei. 150 behargin dira denera, eta horietatik hiruk positibo eman dute. Guztira, beraz, zazpi dira oraingoz agerraldi horrek eragin dituen positiboak. Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak ez du baztertu besteren bat ere ateratzea, inkubatze fasean egon daitekeelako. Edonola ere, agerraldia «oso azkar» atzeman dutela azpimarratu zuen atzo, PCR proba lehen 48 orduetan eginda azkar bakartu dituztela, eta horiekin harreman estua izan dutenak agudo kontrolatu ahal izan dituztela. Azken hamar egunetan bi agerraldi izan dira Nafarroan, Sunbillan —horrekin lotuta daude, ustez, Berako lantegiko kasuak— eta Iruñean, baina, Indurainen esanetan, «kontrolpean» daude.

PCR probaren bidez beste hamabost positibo detektatu dituzte azken 24 orduetan Hego Euskal Herrian: sei Nafarroan, lau Bizkaian —hiru Bilbon eta bat Ortuellan—, hiru Araban —hirurak Gasteizen—, eta bi Gipuzkoan —biak Altzon—. Ez da hildakorik egon. Bederatzi pertsona daude ZIU zainketa intentsiboen unitatean; hau da, bezperan baino hiru gutxiago. Azkeneko hiru hilabeteotan lehen aldiz, hamar pertsona baino gutxiago daude ZIUan, Osakidetzaren eta Osasunbidearen ospitaleetan.

Aurreko egunekoak baino hobeak izan ziren atzoko datu ofizialak. Izan ere, herenegun 23 positiboren berri eman zuten osasun agintariek.

Oriokoan, gehiago

Orion (Gipuzkoa) izurriaren agerraldi bat izan da azken egunetan, eta, Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak herenegun azaldu zuenez, Gipuzkoan erregistratu ziren hiru positiboek lotura zuzena zuten agerraldi horrekin. Gaineratu zuen ikertzen ari zirela beste lau positibok Orioko agerraldiarekin harremanik ote zuten. Efe berri agentziak Osasun Sailaren iturriak aipatuz kaleratutakoaren arabera, bai, lotura dute, eta, horrenbestez, agerraldi horrekin lotutako hamazazpi pertsonari detektatu diete gaitza.

Berako lantegiko kasuei dagokienez, bestalde, Aitor Elexpuru Berako alkateak, emaitzen berri izan aurretik, kezka adierazi zion atzo BERRIAri, «alarmarik eta beldurrik gabe» bada ere. «Egoera batean egon gara orain arte, eta, emaitza horien arabera, baliteke egoera hori aldatzea», adierazi zuen. Baina Nafarroako Gobernuak jakinarazi zion itxura ona duela agerraldiaren eboluzioak.

150 langile ditu Caveoko Berako lantegiak. Aurreko egunetan positibo eman zuten lauretatik, ustez, bi sunbildarrak dira, beste bat beratarra eta beste bat Irunen (Gipuzkoa) bizi den beste beratar bat.Berako Udaleko bi zinegotzik egiten dute lan Funverako lantegian. Elexpuruk BERRIAri esan zion emaitzen araberako neurriak hartuko dituztela.

Amets Inda Sunbillako alkatea elkarrizketatu zuten herenegun ETBn, eta adierazi zuen egoera «kontrolpean» dutela. Parkeek, kiroldegiak eta igerilekuek, esaterako, itxita jarraitzen dute, baina, alkatearen arabera, hori ez da agerraldiarengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.