Koronabirusa. Alarma egoera

Salbuespen egoeraren bidean

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliogabe utzi ditu alarma egoeran harturiko neurri batzuk. Adituek uste dute auzitegiak ez zuela salbuespen egoeraren egokitasuna planteatu beharrik

Bilboko kaleak hutsik, iazko martxoan, konfinamenduaren ondorioz. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jon olano
2021eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak herenegun argitaratu zuen 2020ko martxoaren 14an ezarritako alarma egoeraren aurka Voxek jarritako helegiteari buruzko ebazpena. Magistratuek Espainiako Konstituzioaren aurkakotzat jo zituzten alarma egoeraren dekretuaren pean hartutako zenbait neurri: adibidez, etxeko konfinamendua, argudiatuta herritarren joan-etorrietarako askatasuna mugatu zela eta alarma egoerak ez zuela behar bezainbesteko babes juridikorik ematen horretarako. Sei magistratuk babestu dute tesi hori, eta bost kontra agertu dira. Martxoaren 14tik ekainaren 21era iraun zuen etxetik irteteko mugak.

Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak, ordea, eztabaida eragin du: COVID-19aren hedapen betean, Espainiako Gobernuak zer tresna erabil zitzakeen birusaren barreiatzea eteteko? Zer ondorio izan ditzake erabakiak orain? BERRIAk kontsultatutako adituek salbuespen egoeran jarri dute arreta, auzitegiak ebatzi baitu hura dela eskubideak eteteko berme juridikoa ematen duen figura.

Iñigo Urrutia Euskal Herriko Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko irakaslearen arabera, «oso larria» da erabakia: «Auzitegiak zera dio: halako krisi sanitario bat ez dagoela kudeatzerik salbuespen egoeraren bitartez ez bada». Urrutiaren esanetan, salbuespen egoerak zera dakar, «eskubide guztiak mugatu ahal izatea: prentsa askatasuna, komunikazio pribatuak izateko eskubidea... Gobernu batek tentazioak izan ditzake. Erabat neurriz kanpokoa da salbuespen egoera ezarri behar izatea halako egoera bat kudeatzeko».

Paradoxa bat nabari du: «Planteatzen du eskubideak asko mugatu direla oinarri juridiko nahikorik gabe, eta, aldi berean, esaten du salbuespen egoera ezarri beharko litzatekeela horretarako: alegia, eskubideak are gehiago murriztea». «Eskubide batzuk mugatu dira; ez da beharrezkoa eskubideak errotik kentzea», gaineratu duenez. Ildo horretatik jo dute boto partikularra aurkeztu duten zenbait magistratuk ere: eskubideak ez zirela bertan behera geratu; mugatu egin zirela pandemia testuinguru batean.

Urrutia kritikoa da alarma egoerarekin, baina uste du oinarri juridiko bat ematen duela, salbuespen egoerak ez zuena. Izan ere, alarma, salbuespen eta setio egoerak 1981eko lege organiko batean arautu ziren, eta testu horrek osasun krisiak aipatzen ditu alarma egoera ezartzeko hipotesi gisa. Arau hori gogorarazi du: «Alarma egoera askoz hobeto egokitzen da osasun krisi batera. Salbuespen egoera, berriz, ezar daiteke estatuko instituzioek ezin dituztenean kudeatu zenbait gertaera edo egoera, edo instituzioen funtzionamendua hankaz gora dagoenean. Hori ez da kasua». Legeak «ordena publikoa» aipatzen du salbuespen egoera ezartzeko argudio gisa.

Beraz, zer dio auzitegiak hori justifikatzeko? «Osasun zerbitzuak kalte handia jasaten ari zirenez, ordena publikoko arazo bat zegoela», azaldu du Naiara Arriola Deustuko Unibertsitateko Konstituzio Zuzenbideko irakasleak. Arriolak zalantzak dauzka «beharrezkoa ote zen auzitegiak zehaztea salbuespen egoera zela ezarri beharrekoa». Izan ere, haren iritziz, «auzitegiak esan zezakeen gobernua urrunegi joan zela oinarrizko eskubideak mugatzean, esan gabe salbuespen egoera zela ezarri beharrekoa».

Ebazpenak, ordea, aparteko garrantzia dauka, neurrien konstituzionaltasuna alde batera utzita, auzitegiak zehaztuta utzi duelako alarma eta salbuespen egoerak nola interpretatu beharko liratekeen, eta, beraz, osasun krisiaren testuinguru batean zein arauk ematen dituen berme juridiko handienak. «Ulertu beharko litzateke salbuespen egoera bat ezarri beharko litzatekeela», azaldu du Arriolak. Edonola ere, gaineratu du «sententzia interpretatiboak oso kritikatuak» direla, «ez dutelako esaten gauza bat egin daitekeen edo ez, baizik eta nola egin behar diren. Gehiago sartzen dira botere legegilean».

Proportzionaltasuna

Arriolaren iritziz, proportzionaltasuna aztertu behar da. Izan ere, mugitzeko askatasuna, oinarrizko eskubidea izanik, babestuago dago osasun publikorako eskubidea baino. «Proportzionaltasuna neurtzen baduzu, badirudi osasun publikorako eskubideak indarra galtzen duela. Baina magistratu batek dio errazagoa litzatekeela [mugimendu askatasuna] bizitzarako eskubidearekin kontrajartzea, hori ere oinarrizko eskubidea delako. Proportzionaltasuna neurtzean, babestu beharreko ondasun juridiko nagusia gailentzen duzu: mugimendu askatasuna ala bizitzarako eskubidea». Halere, erantsi du ordenamendu juridikoa ez zegoela prestatuta horrelako egoera baterako.

Uneari begiratu dio Urrutiak, uste baitu epaia «oso berandu» iritsi dela. Gogorarazi du Fernando Valdes magistratuak kargua utzi zuela iaz: «Bloke progresistaren eta kontserbadorearen arteko oreka hautsi egin zen». Berdinketa badago, presidentearen kalitatezko botoak apurtzen du; Juan Jose Gonzalez Rivas aurrerakoien blokekoa da presidentea, eta boto partikularra eman du. Haatik, bi blokeetakoak daude epaiaren alde eta kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.