Koronabirusa

Kalea behar, barrua husteko

Itxialdi honek jokabide aldaketa eragin dezake autismoa duten zenbait pertsonarengan, eta, hori baretzeko, kalera irteteko baimena dute. Halere, familia batzuek herritarren kexak jasan dituzte.

Haur bat etxeko leihotik kanpora begira. CABALAR / EFE.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Konfinamendua ezarri du alarma egoerak, eta herritarrak etxean egotera behartuta daude. AEN autismoaren espektroko nahasmendua dutenek,baina, aukera dute kalera irteteko. Espainiako Gobernuak eman du agindua, eta haietako bakoitzarekin laguntzaile bat ere irten daiteke, betiere kutsatzea saihesteko segurtasun neurriak gogoan izanda. Kasuak askotarikoak eta aldakorrak dira pertsona batetik bestera, baina, oro har, etxetik atera gabe egoteak egoera disruptibo larriak eragin ditzake haiengan, adituen arabera.

Autismoa dutenen egunerokoan errutina bat markatzea garrantzitsua da. «AENa dutenek zailtasunak dituzte mundua gure erara ulertzeko. Haien egunerokoan garrantzitsua da errutinak edukitzea eta eginbeharrak aurreratzea», adierazi du Garbi Goikoetxea psikologoak. Gipuzkoako Gautena autismoaren nahasmendua duten pertsonen familien elkarteko kidea da. Haren arabera, autismoa dutenek egunerokoan nahiko barneratuta dauzkate errutinak, baina konfinamenduak hankaz gora jar lezake egoera. «AENa dutenentzat guztiz ulertezina da gertatzen ari dena. Gogorra da egun osoan etxean egotea, eta egoera honek, sarritan, herstura handitzea eragiten du». Psikologoak gehitu duenez, autoerregulaziorako gaitasun txikia eduki ohi dute, eta hori jokabide disruptiboen bidez azaleratu daiteke.

Gautena elkarteko senideetako bat eta Enararen ama da Edurne Zudaire. Zizurkilen (Gipuzkoa) bizi dira etxeko bostak. Enarak 13 urte ditu, eta, Zudairek adierazi duenez, komunikazio zailtasun handia du, eta dependentzia handia. «Ez da erreza izaten bere lekuan jartzea. Ondo dagoenean, maitekorra eta zintzoa da, baina aldaketaren bat dagoenean, haren jarrera erabat aldatu daiteke». Senideak ohartarazi du halako kasuetan antsietatea, agresibitatea eta frustrazioa agertu ohi direla, eta autolesioak ere egin ditzakeela. Aitortu du konfinamenduaren beldur ere bazirela, eta Enara «aztoratuta» dabilela nabarmendu. Horregatik, eta egoera baretzeko,funtsezkoa iruditzen zaiola kalera ateratzeko baimena izatea. «Kalean energia gastatu eta 'nekatu' egin behar dugu, etxean lasaiago egoteko».

Egunerokoa zehaztu

Zudairek adierazi du Enararen kasuan kalera irteteak laguntzen diola barruko egonezinak askatzen. Besteak beste, bizikletan ibiltzen dira, eta mendira joateak ere asko lasaitzen du. Baina orain paseatzearekin konformatzen dira. «Gutxi gorabeherako errutina bat markatu dugu. Goizean esnatu ostean, dutxatu eta gosaldu egiten dugu, eta, pixka bat jolastu ondoren, kalera irteten gara», esan du Zudairek. Areago, arratsaldean ere berriro joaten dira paseo bat ematera.

Goikoetxearen ustez ere autismoa duen bati asko lagun diezaioke kalera irteteak, batez ere herstura erregulatzeko. Halaere, nabarmendu du ariketa fisikoa egitea edo jolasen bitartez energia askatzeko jarduerakegunerokoan egitea ere komenigarria dela barrua hustu ahalizateko. «Gomendatzen ez dena da ordutegi bat ezarri gabeegun guztian telebistari edo sakelakoari begira egotea. Beharrezkoa da AENa dutenak ordutegian barneratzea, denbora muga bat ezarrita». Haren ustez, ordea, familiak alarma egoerari «ederki» ari dira erantzuten, eta beren indarra erakutsi dute «beste behin».

Eguneroko horren barruan, eta autonomia lantzea helburu, psikologoak aholkatu du zeregin batzuk ezartzea ere gomendagarria dela: «Osasuna eta ongizatea bermatzen duten jarduerak barneratu behar dira; eskolako lanez gain, etxeko zereginetan egokia izan daitekeen eginkizun bat zehaztea garrantzitsua da». Enararen kasuan, esate baterako, Zudairek azaldu du mahaia jartzen eta sukaldean bizkotxoak egiten laguntzen diola, eta ariketa horren bidez autonomia lantzen dela. Adituen arabera, komenigarria da zereginak aurrez jakinaraztea. «Guk piktogramak erabiltzen ditugu eginbeharrak azaltzeko, baina agenda moduan, ekintza nagusiak aurreratzeko», gehitu du Zudairek.

Kalean, arazoak

Familia batzuk herritar zenbaiten kexu dira. «Honetarako, herritarren babesa behar dugu. Guk ez dugu arazorik izan, baina, herri handiagoetan, familia batzuek etxera joateko garrasiak jasan dituzte leihoetatik», salatu du Zudairek. Haren iritziz, egoera hau ez da erraza inorentzat, baina «beharrezkoa» da gizartean elkar ulertzea eta laguntzea. Areago, familia batzuek jantzi urdinak daramatzate kalean dauden bitartean, AENa dutenak identifikatzeko ikur gisa, besteak beste. Zudairek gaineratu du ez dutela erabiltzen, baina batzuentzat lagungarria izan dela.

Gorrotxategik, berriz, gogoan izan du kasuak eta kasuak daudela, eta, beraz, norbanako bakoitzaren arabera egokituko dela familia bakoitza. Areago, zaintzen duenak bere burua zaintzeko momentu bat hartzea ere garrantzitsua dela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.