EUSKARALDIAn BERRIA bizi

Euskarari beldurrak erauzten

Euskara ikasleak ere Euskaraldian murgildu dira. Aurten oraindik «beldurra» eta «lotsa» sentitu dute, baina euskaraz imajinatzen dute etorkizunean beren burua. Ipar Euskal Herrian, eskola batzuek hirugarren txapa bat asmatu dute: klika profila.

BERRIA.
Maialen Arteaga.
Zornotza
2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Euskara ikasleak ahots garrantzitsua dira Euskaraldian. Hizkuntzak izango duen etorkizunaren makuluetako bat dira, eta gizarte ariketak arrasto garrantzitsu bat uzten du bai etorkizun horretan bai haiengan: badute zer esana. Nola bizi dute haiek Euskaraldia? Parte hartzen al dute? Zergatik ez? Zergatik bai? Nabaritzen al dute hizkuntza praktiketan Euskaraldiaren eragina?

Raluca Gradinaru, Aitor Palacios, Vanesa Calero, Belinda Rebollo eta Xabin Agirregoikoa euskara ikasleak dira Zornotzako AEKn (Bizkaia). Bost euskara ikasle, bost errealitate. Sentsazioak, iritziak eta hausnarketak konpartitzeko, ikasgelako mahaiaren bueltan bildu dira. Gazteleraz hobeto mintzatzen direla aitortu dute bostek, baina solasaldia euskaraz egitea erabaki dute. Maskarek irribarrea estaltzen diete, baina elkarren arteko begiradetan nabari da urduritasunaz gain beste hainbat sentimendu konpartitzen dituztela.

Raluca Gradinaruk aurre egin dio urduritasunari, eta lehen hitza hartu du: «Ni seme txikiagatik hasi naiz euskara ikasten. Bera euskaraz ari da hazten, eta iruditzen zitzaidan bide horretan laguntzeko nik ere euskaraz ikasi behar nuela». Semea harro dauka: «Lagunei esaten die: 'Nire ama euskara ikasten ari da'».

Vanesa Calerok argi du bere arrazoia:«Euskal Herrian bizi naiz, eta hemengo hizkuntza euskara da». Alaba ere bada beste bultzada nagusi bat: «Harekin euskaraz hitz egin nahi dut». Aitor Palacios ere etxeko txikiengatik animatu zen: «Nik gazteleraz ikasi nuen, baina seme-alabek euskaraz ikasten dute. Orain arte haiekiko harremana ezin izan dut euskaraz eraiki, eta pena ematen dit. Gure harremana euskaraz izatea nahi dut». Iaz, murrizketa bat hartu zuen, eta denbora gehiago izango zuela aurreikusita, euskaltegian izena eman zuen.

Xabin Agirregoikoak etxean jaso zuen euskara, baina Euskal Herritik kanpo bizi izan da urte batzuk, eta hizkuntzaren jarioa guztiz galdu du. Orain, erretiroa hartu du, eta euskara berreskuratzeko erronkari ekin dio. Lagun batzuek harrituta begiratzen diote, euskara ikasteko «beranduegi» delakoan; «Orain? 61 urterekin?», galdetzen diote. Agirregoikoak beste galdera batezerantzuten: «Zergatik ez?».

Bost ikasleetatik, bik baino ez dute izena eman Euskaraldian, Calerok eta Palaciosek. Belarriprest rola hartu dute. «Lotsa» eta «segurtasun falta» aipatu dituzte besteek, baina belarriprestek ere baiezkoa egin dute buruarekin, sentimendua partekatuko balute bezala. «Ez da hizkuntzagatik: ni naiz. Oso lotsatia naiz, eta txapa eramateak beldurra ematen dit. Jendeak agian pentsatuko du euskara haiek bezain ondo dakidala, eta ez da hala», esan du Gradinaruk. Segidan, Rebollok iritzi bera agertu du: «Niri ere lotsa handia ematen dit. Oraindik ez dut solturarik gustura hitz egiteko. Hemen eroso sentitzen naiz, baina kalean, ez». Horren atzean zer dagoen argi du: «Sinistea falta zaigu, segurtasuna».

Lotsa, beldurra eta halakoak sentitzen dituzte bostek. Baina, zeri beldur? Zertaz lotsatu? «Ez dakigu zerk ematen digun lotsa. Erratzeak, akaso. Ondo egiten duen jendearekin konparatzen dugu beti geure burua», esan Rebollok, pentsakor. «Nik ere hanka sartzeko lotsa izaten dut. Euskaltegian, gustura sentitzen naiz ikaskideekin solasean. Baina kalean, urduri jartzen naiz, eta gaztelera ateratzen zait», berretsi du Agirregoikoak. Egoera horiei aurre egiteko, Euskaraldia bezalako gizarte ariketak aukera ona direla uste du Calerok: «Erosoago ikusten dut nire burua euskaraz egiteko. Dendaren batean sartu, eta arigunea dela ikustean, edo langileak txapa daramala, euskaraz eskatzera animatzen naiz».

Trabatzen direnean, ordea, egoera «deserosoa» saihestu asmoz, euskaldun askok gaztelerara jotzen dutela azaldu dute. Pazientzia gehiagoren beharretan, autorako gidabaimena ateratzearekin alderatu dute egoera:«L txapa behar dugu euskara ikasleok, learning txapa», esan du barre artean Rebollok. Klasekideek baietz, buruarekin.

Lotsarik gabe, euskaraz mintzatzen imajinatzen dute bostek etorkizuna. «Nahi badut, ziur baietz», esan du Gradinaruk, beldurrei ausardiaz begiratuta. Palaciosek txapa aldaketa imajinatzen du: «Hurrengo Euskaraldian, ahobizi, seguru». Eta, oharkabean, euskara hutsean aritu dira bostak, etorkizunerako ametsa orainean gauzatzen.

Iparraldeko klika

Ipar Euskal Herriko euskara ikasleen egoera oso bestelakoa da. Hiztun gutxiago ditu euskarak hainbat eremutan, eta, ondorioz, ariketa ezin da berdin gauzatu. Hala, bertako gau eskola batzuek ikasleentzako hirugarren profil bat diseinatu dute: klika. «Argi genuen gure ikasleak ez zirela belarriprest eta ahobizi roletan sartzen, baina hala ere zerbait sortu nahi genuen, egitasmo hori jarrai dezaten eta partaide izan daitezen», azaldu du Ttipia Lagan Itsasuko AEK-ko kideak. Hainbat ikaslek eta irakaslek proposatu zuten hirugarren txapa.

Izena ez da ausaz erabaki. Azken Korrikako leloa izateaz gain,badu esanahi metaforiko bat: «Ahobizi zein belarriprest izan gabe ere, gure ikasleek badutela modua euskararen normalizazioaren alde egiteko», azaldu du Laganek. Eta, hala, erronka pertsonal eta kolektiboei heldu diete. «Bakoitzak bere neurrira egokitutakoak beteko ditu, adibidez: 'Ogia orain euskaraz banatuko dut', edo 'Orain amari mezuak euskaraz idatziko dizkiot'».

Erronka kolektiboei dagokienez, ikasgelaka adostu dituztela zehaztu du Laganek:«Gela batek atsedenaldiak euskaraz egitea erabaki du; beste batek, WhatsApp-ean euskaraz egitea». Erabaki estrategikoa dela iruditzen zaio: «Horrela egiten dena sendoagoa da; azken finean, kontzientzia ariketa bat ere bada. Guretzat garaipen bat da ikasle batzuen artean horrelako jarrera emankorra dagoela ikustea». Ez dakite etorkizuneko Euskaraldietan berrikuntza hori txertatuko duten, baina lagungarri bada, jarraituko dutela esatera ausartu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.