Gernikaren keak

Bizkaiko bonbardaketetatik 75 urtera, aire erasoetan «astakeriak» egiten jarraitzen dela gogorarazi dute.

Izaro Mendieta - M. Peruarena
2012ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Gizateria «astakeriak» egiteko gai dela gogorarazi du Walther Bernecker Nurembergeko Unibertsitateko irakasleak: «Gai izan gara, orain ere bagara, eta izango gara. Alde horretatik, mundua ez da aldatu». Gernikako (Bizkaia) bonbardaketak munduan utzi zituen arrastoak eta ondorioak ikertzeko sinposioa antolatu dute atzo eta gaurko, eta sinposioan hitz egin zuen atzo Berneckerrek.

Populazio zibilari airez eraso egiteko zirrikitua ireki zuten Durangoko, Eibarko eta Gernikako bonbardaketek. «Besterik gabe onartu zuten herritarrak biktima izango zirela». Gernikako bonbardaketa Alemaniako aire armadarentzat probalekua izan zela azaldu zuen; «bonbek nola funtzionatzen zuten, gerra nola areagotu zitekeen, eragin etsigarriagoa nola lor zitekeen... esperimentatzen» aritu ziren, Bernerkerren ustez. Gero, Bigarren Mundu Gerran eta beste leku askotan garatuko zituzten Gernikako bonbardaketan ikasitakoak.

Erresuma Batutik, AEBetatik, Marokotik, Italiatik, Herrialde Katalanetatik, Frantziatik eta Errusiatik etorritako adituak ari dira parte hartzen kongresuan. Gaur bukatuko dira topaketak. Baina bestelako ekitaldiak ere antolatu dituzte gaurko, ordea. 12:00etan, berriz, George Steer kazetaria omenduko dute, San Juan kalean. Eta 12:30ean kazetarien topaketak egingo dituzte, gerren eta giza eskubideen urraketen kontra kazetaritzak egin behar lukeenaz eztabaidatzeko. 15:00etan Nagasakiko ordezkaritzak bere lekukotza emango du, Lizeo antzokian. Gernika Batzordeak, gainera, mahai ingurua antolatu du, 19:00etan, Lizeo antzokian. Estaturik Gabeko Nazioen Sarea aurkeztuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.