Albistea entzun

Zientzia. ARGI ALDIAN

Txertoak, gerrak eta emakumeak

Ana Galarraga Aiestaran - Elhuyar Zientzia

2021eko urtarrilak 15

Txertaketek lotura estua dute gerrekin. Adibidez, gerra askoren albo-ondorioa izan da leku eta saio hartan zegoen txertaketa-kanpaina etetea. Bestalde, gerrara joan aurretik, soldaduak txertatu izan ohi dira, borrokalekuko patogenoak hilgarriagoak izan baitaitezke, etsaiaren armak baino. Eta, txertaketetan, arrunta da hizkera militarra: kanpaina hitzak kutsu hori du, eta azkenaldian agintari aditu bati baino gehiagori entzun diogu «gerran bezala txertatu behar da».

Gerrak gizonekin lotzen dira. Alabaina, Svetlana Aleksievtx kazetari, idazle eta Literaturako Nobel saridunak, Gerrak ez du emakume aurpegirik liburuan, II.Mundu Gerran emakume sobietarrek parte hartze nabarmena izan zutela erakutsi zuen.

Gauza bera gertatzen da txertoekin. Hiru gizon agertzen dira txertoen historiako podiumean: Edward Jenner, Louis Pasteur, Jonas Salk; baztangaren, amorruaren eta poliomielitisaren aurkako txertoak lortu zituzten zientzialariak, hurrenez hurren. Baina hiru horien atzetik, edo aurretik, emakume asko izan dira eta dira funtsekoak, bai txertaketen historian, bai txertoen garapenenean.

Esaterako, Edward Jenner jaio baino 30 urte lehenago, Mary Wortley aristokrata ingelesak, Konstantinoplan zegoela, ikusi zuen hango emakumeek baztanga zuten gaixo arinei zornea hartu, eta haurrak infektatzen zituztela, nahita. Horren ondorioz, haurrek gaitz arina pairatzen zuten, eta babestuta geratzen ziren etorkizuneko infekzioekiko. Semearekin gauza bera egitea erabaki zuen, eta, Europara itzuli zenean, praktika haren berri eman zuen, han eta hemen. Jennerrek bere txertoa aurkeztu zuenerako ideia hura ezaguna izan ez balitz, agian, ez zukeen hain harrera ona izango.

Louis Pasteurren laborategiko kide garrantzitsuenetako bat, berriz, bere emaztea izan zen, Marie Laurent. Eta Jonas Salkek txertoa garatzeko erabili zituen bakterio-kulturak hazteko metodoa emakume bati zor zaio: Leone Farrell biokimikari eta mikrobiologoa.

Gaur egunera etorrita, COVID-19aren txertoen garapenean ere emakume ugari daude. Aipagarrienetako bat Katalin Karikó da. 65 urte ditu, eta Hungarian jaio zen, baina, gehien bat, AEBetan egin du bere ibilbide zientifikoa. Orain, RNA mezularian oinarritutako txertoen amatzat jotzen dute komunikabideen izenburuetan, baina, hastapenetatik eta urte luzez, itzalean aritu da, inolako aitortzarik eta babesik gabe.

Hura izan zen RNA mezularia txertoak egiteko egokia izan zitekeela proposatu zuen lehenetarikoa. Eta, ezezko bat bestearen atzetik jaso bazuen ere, ez zuen etsi. RNA mezulariak txertoetan erabiltzeko ematen dituen arazoei irtenbidea aurkitu zien, eta hiesaren eta minbizien aurkako txertoak garatzen saiatu zen, laborategi handien laguntzarik gabe. Hala ere, garapenen bat patentatzea lortu zuen.

2010ean, Moderna konpainia sortu zen, eta Karikóren lana oinarri zuen patentea erosi zuen. 2013an, berriz, Biontech enpresak Karikó kontratatu zuen; orain, zuzendariordea da. 2020aren amaieran-2021aren hasieran, Modernak eta Pfizer-Biontechek garatutako txertoak jartzen hasi dira Europan eta AEBetan, eta beste gaitz batzuetarako ere probatzen ari dira RNA mezularian oinarritutako txertoak eta tratamenduak, hala nola ebola, zika edo alboko esklerosi amiotrofikoa. Urrutira heldu da Karikóren ezkutuko lana.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Edorta Agirre. / ©Gorka Rubio, Foku

«Janari pista galduz gero, nahi duena salduko digu sistemak»

Miren Garate, Gipuzkoako Hitza

Janaren inguruan «gero eta desinteres handiagoa» ikusten du Edorta Agirrek, Amantala ta mantela liburuaren egileak. Dioenez, «zelofanez ontziratutako produktuek» hartu dute lehengaien tokia. «Horiek zer duten? Sinetsi egin behar, ez baitugu kriteriorik».

Sekulako giroa izan zen atzo Ondarroan, eguerditik hasita. ©URTZI URKIZU

'Azule', txingor euritan aurrera

Urtzi Urkizu

Bi urtez derrigorrez eten ostean, Zapato Azule jaia egin dute Ondarroan. Giro aparta izan da kaleetan, Dinamartxakoei ongietorria eman diete eta pentsiodunak omendu dituzte.
 ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Niretzat, bertsoa terapia da; arazoren bat edukiz gero, bertsotan heltzen diot»

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

40 urte igaro dira Arabako lehen bertso eskola sortu zutenetik, eta Lopez izan zen sortzaileetako bat. Ordutik, alboan izan du bertsoa, eta, eginiko lana eskertzeko, aurten berari eman diote Arabako bertsolari txapeldunari txapela jartzeko aukera.
Itziar Ituño aktoreak Malen Zubiri politikariarena egiten du <em>Intimidad</em> telesailean. ©DAVID HERRANZ / NETFLIX

'Intimidad', Netflixen gehien ikusi den telesaila, ingelesez bestekoetan

Urtzi Urkizu

Txintxua Filmsen fikzioa 58 herrialdetan sartu da Top10ean. IMDB-ko lehen 50etan kokatu da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...