Espainiako inbestidura saioa

Irailerako gainditu beharko du

Pedro Sanchezek ez du presidente izateko behar adina boto lortu inbestidura saioko bigarren eta azken bozketan. Nahiz eta eztabaida garratza izan, Iglesiasek negoziatu nahi duela erran dio PSOEri

Irailerako gainditu beharko du.
mikel rodriguez
2019ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
«Deitoratu behar dut blokeo parlamentarioak jarraitzen duela berrestea». Horrela hasi zuen Pedro Sanchezek inbestidura saioaren hirugarren eta azken eguna, atzo, Espainiako Kongresuan. Lehenbiziko bozketan ez bezala, bigarren bozketan nahikoa zuen gehiengo sinplea lortzea Espainiako Gobernuko presidente izenda zezaten, baina ez zen ezusterako tarterik izan. Bezperan,PSOEk eta Unidas Podemosek negoziazioak hautsi zituzten, eta,atzo saioa hasi baino lehentxeago azken ahalegin bat egin bazuten ere, presidentegaia tribunara igo bezain agudo argi gelditu zen saioa presidente hautatu berririk gabe bukatuko zela. Asteartean bezala, 124 boto lortu zituen Sanchezek, baina 155 diputatuk haren aurka egin zuten, eta abstentzioak 67 izan ziren. Irailera begira paratu dira orain alderdiak. Hil horren 23a da bertze inbestidura saio bat egiteko muga. Negoziatzeko prest daudela erran dute PSOEk eta Unidas Podemosek, baina atzo Kongresuan izan zuten eztabaida garratzaren ondoren, hutsetik hasi beharko lukete konfiantza eraikitzen.

Izan ere, tonu gogorrean mintzatu zitzaizkion elkarri Sanchez presidentegaia eta Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusia, baita Adriana Lastra PSOEko bozeramailea ere Iglesiasi. Egun hauetan egin dituzten negoziazioei buruz bakoitzak bere bertsioa eman zuen inbestidura saioan izan zituzten hitzaldietan, eta ez zuten inongo eragozpenik izan eztabaidagai izan dituzten ministerioen izenak eta guzti Diputatuen Kongresuan azaltzeko. Sanchezek kontatu zuenez, «presidenteordetza maila duen ministerio bat» —Gai Sozialena— eta «indar progresista batentzat berebiziko garrantzia duten hiru ministerio» eskaini zizkionPSOEk Unidas Podemosi: Osasuna eta Kontsumoa, Etxebizitza eta Ekonomia Soziala, eta Berdintasuna. Eskaintza «eskuzabala», presidentegaiaren arabera, baina erran zuen ezkerreko koalizioak ezetz erantzun ziela. «Ez dut presidenteordetza bati ezetz erran dion inor ezagutzen».

Sanchezen ustez, Unidas Podemosen asmoa zen gobernuaren kontrola hartzea. «Elkartuta dagoen gobernu bat behar du Espainiak, ez bi gobernu, gobernu bakarrean», leporatu zion Iglesiasi. «Behartzen banauzu aukeratzera Espainia zerbitzatuko ez duen gobernuko presidentetza baten eta nire uste sendoen artean, ez dut zalantzarik, nire uste sendoak aukeratzen ditut».PSOEko diputatuek txalo zaparrada batekin erantzun zioten Sanchezen esaldi horri. Gainera, Iglesiasi galdetu zion ea «berriz» bozkatu behar ote zuen «eskuinarekin eta eskuin muturrarekin batera Espainian gobernu aurrerakoi bat ez egoteko».

«Gogoeta» eskaria

Izan ere, bigarren aldia da Sanchezek huts egiten duela inbestidura saio batean. 2016an aurkeztu zen lehenbiziko aldiz, 2015eko abenduko hauteskundeetan bigarren izan ondoren eta Ciudadanos eskuineko alderdiarekin akordio bat eginda, baina bien artean ez zuten behar adinako botorik, eta PSOEko buruak Podemosi leporatu zion «gobernu aurrerakoi bat» eragotzi izana, aliantza hura babestu ez zuelako. Espainian diktadura bukatu zenetik (1978) huts egin duten inbestidura saio bakarrak izan dira Sanchezen biak.

Iglesiasek bertzelako bertsio bat eman zuen azken egunotan gertatutakoaz. Podemoseko idazkari nagusiaren arabera, bata bertzearen gibeletik onartu zituzten PSOEk ezkerreko koalizioari emandako ezezkoak, akordio bat egitearen onerako: «Estatu ministerioak ez edukitzea onartu genuen; bermeak eman genituen Kataluniarekin ez genuela marra gorririk paratuko eta gai horretan zure alderdiaren lidergoa onartuko genuela; beto pertsonal bat onartu genuen [Sanchezek Iglesiasi gobernuan ez sartzeko ezarritakoa], eta uste dut aurrekaririk gabekoa dela halako beto bat paratzea; eta onartu genuen gobernuan ez edukitzea presentzia proportzional bat». Iglesiasek Sanchezi eskatu zion «gogoeta» egiteko, ea hauteskundeez geroztik izan dituzten hartu-emanetan «errespetuz» zuzendu al zaion Unidas Podemosi. «Ezin da 48 orduan negoziatu 80 egunean egin behar zena».

Baina bortz minutuko hitzaldiaren erdian, azken orduko eskaintza bat egin zuen Iglesiasek: Lan Ministerioari uko egitea eskaini zion Sanchezi [negoziazioen azken txanpan Unidas Podemosek eskatu zuen arloa zen], enplegurako politika aktiboak kudeatzearen truke. Zurrumurru ozenak sortu ziren orduan diputatuen anitzen artean, baina eskaintza horrek ez zuen egoera aldatu. Iglesiasek eskaera batekin bukatu zuen: «Ez itzazu espainiarrak bertze hauteskunde batzuetara eraman, negoziatu gurekin».

Horretarako, ordea, bi indarrek anitz aldatu beharko dute jarrera, Lastraren agerraldiak erakutsi zuen bezala. «Negoziazioak erabili dituzu herritarrek eman ez zizutena lortzeko», erran zion Podemoseko idazkari nagusiari, apirilaren 28ko hauteskundeen emaitzak oroituz. Iglesiasi leporatu zion negoziazioei buruz errandakoekin iritzi publikoa «intoxikatzea», eta «gobernu sozialista bat bigarrenez eragoztea».

Rufianen kargu hartzea

Espainiako ezkerreko bi indarren artean sortu den ia ezin ikusizko giroa ikusita, atentzioa eman zuen Gabriel Rufian ERC Kataluniako Ezker Errepublikanoko kidearen hitzaldiak. ERCk jarrera aldatu zuen, eta asteartean Sanchezi ezetz bozkatu ondoren, atzo abstentziora jo zuen, «erantzukizun ariketa handi bat» egiteko. Rufianek kargu hartu zien biei, Sanchezi eta Iglesiasi, akordiorik egin ez dutelako, eta «eskuinera» begiratzeko eskatu zien, PPko, Ciudadanoseko eta Voxeko diputatuei. «Haiek dagoeneko adostu izanen lituzkete baita gainsoldatak ere».

Behin baino gehiagotan erran zien guztiak «damutu» eginen direla atzo akordiorik egin ez izanaz, eta irailean ezkerreko alderdien arteko itun bat lortzeko esperantza txikia agertu zuen. «Uste duzue guk irailean egin ahalko dugula erantzukizun keinu izugarri hau?». Izan ere, irailerako espero da buruzagi independentista katalanen aurkako auziaren epaia.

Kataluniako bertze indar independentistak, JxC Junts Per Catalunyak, ez zuen astearteko botoa aldatu: ezezkoa eman zion berriz Sanchezi. Espainiako jarduneko presidenteari eskatu zion Unidas Podemosekin Kataluniari buruz dituen desadostasunak konpontzeko, «eta ondoren Generalitateko presidentearengana solas egitera» joateko.

Eskuinak eta Coalicion Canariak eman zituzten ezezko bertze botoak, baina atzokoa ez zen eskuina protagonistatzat zuen debate bat. Haien estiloan mintzatu ziren, eta atezuan gelditu, hemendik irailera arte ezkerrak korapiloa askatuko ote duen. Albert Rivera Ciudadanoseko buruak, errate baterako, zazpi aldiz aipatu zuen «banda» solasa Sanchezi eta haren ustezko aliantzei buruz mintzatzean, joan den asteartean lehenbizikoz erabili ondoren termino arrakastatsua izan dela iritzita.

PP eta bipartidismoa

Oposizioko alderdi nagusiko buruak ere, Pablo Casado PPkoak, indartsu hasi zuen hitzaldia, Augusto Monterroso idazle hondurarraren mikroipuin famatua bere erara egokituz: «Eta Pedro Sanchez ernatu zenean, xingola horidun elefante morea han zegoen oraindik». Baina haren hitzaldiak izan zuen mamirik, bipartidismoa aldarrikatu baitzuen, eta PSOEri laguntza eskatu zion horretarako, «zentroa eta moderazioa» zabaltzeko, «78ko sistema elkarrekin» eraiki zutela iritzita.

Izan ere, 1980ko hamarkadatik bi alderdi horiek txandakatu dira agintean, baina 2015etik anitz aldatu da egoera politikoa: alderdi berriak agertu dira eta erabakigarri bihurtu dira gobernagarritasunerako, inbestidura saioek huts egin dute lehenbiziko aldiz, eta hiru hauteskunde orokor eta zentsura mozio bat izan dira. Gainera, irailean inork gainditu ezean, lau urtetan lau hauteskunde izanen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.