Hasi da kanpaina, albiste faltsuen artean

Ezkerreko indarrak jo eta su ari dira lanean orain, konstituzio berriaren edukia zabaltzen eta eskuinetik esaten diren gezurrak argitzen. Asteazkenean hasi eta irailaren 1era arte iraungo du kanpainak.

Txileko konstituzio berriaren behin betiko bertsioa, Santiago erdialdeko kiosko batean salgai. ALBERTO VALDES / EFE.
jon ordonez garmendia
2022ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Txileko ezkerrak asko du jokoan irailaren 4an. Orain arte, eskuak lotuta egon da, 1990ean beste plebiszitu batean Pinochet presidentetzatik kendu zuten arren, hark utzitako konstituzioak sakoneko aldaketak egiteko aukera gutxi eman baitu. Biltzar Konstituziogileak oso bestelako testu bat osatu du. Astelehenean utzi zuen Maria Elisa Quinteros Biltzarreko presidenteak Gabriel Boric presidentearen esku, eta horrek plebiszitura deitu zuen irailaren 4rako.

«Onartzen al duzu Biltzar Konstituziogileak konstituzio berri baterako proposatu duen testua?». Boto paper bakarra izango dute txiletarrek bozkalekuetan, eta hor bai edo ez adierazi beharko dute. Kanpaina asteazkenean hasi zen ofizialki, baina eragile gehienak lehenagotik ari dira iritzia ematen, batik bat, eskuina, 2021ean konstituziogileak hautatzeko bozetan arau konstituziogile berriak blokatzeko gehiengo nahikorik ez zuela izango konturatu zenetik.

Irailaren 1ean amaituko da kanpaina, eta oraingoz gauza bat argi dago: interesa eta jakin mina handia da. Konstituzio berria kalean salgai dago, Txilen ohikoak diren beste testu administratibo batzuekin, eta liburu salduenetako bat da geltoki eta kantoi askotan dauden postu horietan.

Gutxiagorako ere ez da, botoa derrigorrez eman beharko dutelako 16 urtetik gorako txiletarrek. 2013. urtera arte Txilen beti hala egiten bazen ere, gaur egun jada ez da beharrezkoa hauteskundeetan bozkatzea, baina plebisziturako arau horri berreskuratu zuten 2020an prozesu konstituziogilea diseinatu zutenek.

Eztabaida ez dago soilik kalean. Konstituzio berriaren aldekoak atez ate ari dira ezagutzera ematen testu berriaren edukia, baina hedabideetan joera kontrakoa da; horietan eta sare sozialetan eskuina albiste faltsuak zabaltzen ari dela salatzen da egunero.

Bizirik dauden lau presidente ohi daude Txilen, eta horietatik hiru konstituzio berriaren kontra daude; hirurak ere, gizonak: Eduardo Frei Ruiz-Tagle demokrata kristaua, Ricardo Lagos sozialdemokrata eta Sebastian Piñera kontserbadorea. Michelle Bachelet da konstituzio berriaren alde dagoen bakarra.

Lagosek aste honetan esan du konstituzio berriak Txile anai-arreben arteko gudu zelai bat bihurtu duela. Freiek, berriz, bakea jartzen duela arriskuan. Horien aurrean, baina, 1990etik 2010era Demokraziarako Alderdien Itunean parte hartu zuten alderdi nagusiak konstituzio berriaren alde agertu dira. Alderdi demokrata kristauaren zuzendaritzak asteazkenean bozkatu zuen, eta erabaki zuen bere jarraitzaileei eskatzea konstituzio berriaren alde jartzeko.

Kanpainak irauten duen bitartean, telebistan, aldekoek eta kontrakoek euren mezuak zabaltzeko espazioak izateaz gain, eragile sozialek eta jatorrizko herriek ere izango dute aukera, horiei ere zenbait espazio gorde baitizkiete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.