Gasteizen gazte bat atxilotu dute PPko kide bati eraso egitea egotzita

Alderdi guztiek arbuiatu dute Ander Garciaren aurkako erasoa. Larunbat gauean ukabilkada bat eman zioten Florida kalean

Ertzaintzaren furgoneta bat Gasteizko autobus geltokian. RAUL BOGAJO / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko irailaren 7a
00:00
Entzun
Ertzaintzak 20 urteko gazte bat atxilotu zuen larunbat gauean Gasteizen, Ander Garcia PPko gaztedietako kideari eraso egitea egotzita. Garciak salatu duenez, Arabako hiriburuko Florida kalean izan zen erasoa, dantzaleku baten atarian. Biktimak azaldutakoaren arabera, emakumezko batek PPko kide izateagatik egin zion eraso; erasotzailea beregana hurbildu, eta, «fatxa» deituta, ukabilkada bat eman zion. Emakumeak «gora ETA» ohiukatu zuela gaineratu du PPko kideak. Garciak azaldu duenez, ez zuen erasotzailea aurretik ezagutzen.

Garciak berak deitu zuen SOS Deietara, eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, patruilak erasoa gertatu zen lekura joan eta emakumea atxilotu zuten.

Elkartasun mezuak

Alderdi guztiek arbuiatu dute erasoa, eta Garciak esker ona adierazi die sare sozialen bitartez elkartasuna adierazi diotenei, «bereziki Euskal Herriko PPko kideei».Horrez gainera, zera adierazi du: «Ezingo dute gurekin. Ezin izan zuten armekin, are gutxiago ahalko dute ukabilkadekin».

Pablo Casado Espainiako PPko presidentea izan da erasoa gaitzetsi dutenetako bat, eta «eraso abertzalea» izan dela salatu du. Twitterren zabaldu duenez, «haiekin itunak egin ordez, gobernuak Bilduren inguruko indarkeriari aurre egin behar dio». Carlos Iturgaiz PP-C'S koalizioko lehendakariaren aburuz, «onartezina» da erasoa, eta «babes eta elkartasun guztia» adierazi du horrelako erasoen aurrean.

Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak ere adierazi dio elkartasuna, eta sare sozialetan zabaldudu «gorrotoari erabakitasunez» aurre egin behar zaiola. Eneko Andueza PSE-EEko kidearen ustez, berriz, «indarkeria ezin da justifikatu» eta «kezkagarria» da horrelakoak gertatzea. «Gertakari horiek ez dira erantzunik gabe geratu behar», gaineratu du.

Bestalde, EH Bilduk nabarmendu du erasoa «guztiz arbuiagarria» iruditzen zaiola. Indar subiranistak adierazi duenez, Gasteizkoaren moduko gertakariak «bizikidetza demokratikoa eraikitzearen aurkako norabidean doaz». Arabako Ahal Dugu-k ere «babes eta maitasun osoa» adierazi dio Garciari, eta gaineratu du «gorrotoak, indarkeriak eta tolerantzia ezak» ez dutela lekurik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.