Donostiako 61. Zinemaldia. Kritika. Perlak

Istorio tristea

Beñat Eizagirre Indo.
2013ko irailaren 24a
00:00
Entzun
'Fruitvale Station'

Zuzendaria: Ryan Coogler. Herrialdea: AEB. Iraupena: 85 minutu. Aktoreak: Michael B. Jordan, Octavia Spencer, Melonie Diaz, Ahna O'Reilly, Kevin Durand, Chad Michael Murray.

Ryan Coogler gidoigile eta zuzendari amerikarraren Fruitvale Station opera primak ikusmin handia sortu du. Ez da harritzekoa Sundancen Epaimahaiaren Sari Nagusia eta Publikoaren Saria, eta Cannesen Etorkizuneko garaikurra eskuratu dituela jakinda. Forest Whitaker ezagunak babestu du Coogler gaztearen proiektua, eta munduko jaialdirik garrantzitsuenetan lortu duen oniritzia ikusita bete-betean asmatu duela esan dezakegu.

Gutxi dira lehendabiziko filmarekin Zuzendari Berriak sailetik igaro beharrik izan gabe Perlak-era jauzi egin dezaketenak, baina, jakina denez, beti daude salbuespenak. Iazko edizioan Benh Zeitlin eta bere Beasts of the Southern Wild zirraragarria izan zen ezustekoa eman zuena; aurtengoan, berriz, Fruitvale Station hunkigarria azpimarratu behar da nahitaez. Istorioa sinplea da oso, baina benetakoa izaki, gogor jotzen du ikuslearen gogoa. AEBetako polizien arrazismoa salatzeaz batera, film ederra eskaintzen digu 27 urte besterik ez duen egileak. Istorio biribila gauzatu du. Gidoia primerakoa da, eta hasieratik amaierara arte ikuslea harrapatzea lortzen du. Sakelako telefono batekin grabatutako irudiekin hasten da filma, eta irudi horiei esker poliziaren jokabidea zuzen-zuzenean beha dezakegu. Polizia zuriek susmagarriak jipoitu eta erasotzen dituztela ikus dezakegu, eta bat-batean tiro hotsa entzuten da. Tragedia bat gertatu dela suposa dezake ikusleak, baina amaierara arte itxaron beharko du erailketaren hipotesia egiaztatzeko. Jarraian, Oscar 22 urteko gaztearen istorioa ezagutzera gonbidatzen gaitu autoreak, eta aurreiritziak aurreiritzi zintzoa eta atsegina dela ohartuko gara. Ez da gaizkilea, egin duen delitu bakarra beltz jaiotzea izan da. Iraganean egindako okerretatik ikasi nahi du, baina tamalez, urte berria hastearekin batera, poliziarekin topo egingo du. Erredentzioa zurien gauza da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.