Kontagailu bat itzali eta hamaika piztu

Datozen aste eta hilabeteetan bat egingo dute udalak, foru aldundiak, Nafarroako Gobernua eta Espainiakoa osatzeko negoziazioek

BERRIA.
Iosu Alberdi.
2023ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Udal eta foru bozetarako atzerako kontaketa zerora iritsi zen igandean, baina horrekin batera piztu dira beste kontagailu batzuk, uste baino gehiago, Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezen deialdiaren ostean. Denboran bat egingo dute udal eta foru gobernuak osatzeko negoziazioek eta Espainiako Gorteetarako kanpain(aurre)ak. Baita espazioan ere, mugimendu batzuek besteetan eragitea ekidin ezina baita.

EKAINAREN 9A.

Orduan agortuko da Espainiako Gorteetarako bozetarako koalizioak aurkezteko epea. Beraz, Podemosek eta Sumarrek —eta espazio politiko bereko gainerako alderdiek— bederatzi egun besterik ez dute lehen akordio bat egiteko.

Katalunian, berriz, JxC izan da koalizioaren ideia mahai gainean jarri duena. ERCri egin dio proposamena. Alderdiek azken hilabeteetan izandako harremanak, ordea, zaildu egiten du aukera.

EKAINAREN 16A.

Nafarroako Parlamentuko Mahaia erabakiko da; Nafarroako Gobernua eratzeko negoziazioek har dezaketen bidearen lehen aztarna. Gainera, data ez da kasualitatea, Nafarroako presidente Maria Txibitek aldatu egin baitzuen, udaletako lehen batzarren aurretik egin zedin.

EKAINAREN 17A.

Hego Euskal Herriko eta Espainiako udalak osatuko dira, eta alkateak aukeratuko. Gasteizen, PPren babesa behar dute PSE-EEk eta EAJk aginte makila hartzeko. Egun berean, ordea, PP berak Espainiako udal ugari bereganatuko ditu Voxen babesari esker.

Izatez, hori izan daiteke Sanchezen asmoetako bat: akordio horiek kanpainaurrean txertatzea. Era berean, baina, PSNren mugimenduak ere mugatu ditzake deialdiak. Alderdi hark izango du azken hitza Iruñeko Udalean: UPNren eta EH Bilduren artean hautatu beharko du, Espainiako eskuina PSOEren eta EH Bilduren arteko akordioen gaineko kritika etengabe plazaratzen ari den testuinguru batean.

EKAINAREN 19A.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara aurkezteko asmoa dutenek —ez da Ciudadanosen kasua— zerrendak prest izan beharko dituzte. Podemosen eta Sumarren arteko negoziazioen bigarren zatiak ere badu, beraz, epemuga ezarria: alderdi bakoitzaren pisua zehaztu beharko dute ordurako. Gainerako alderdiek ere lanak eginda izan beharko dituzte, ordea, eta horretarako lehenbailehen ekin beharko diote zerrendak eta zerrendaburuak hautatzeari.

EKAINA-UZTAILA.

Data zehatzik ez dago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek euren lehen bilkura egiteko, ezta ahaldun nagusiak aukeratzeko ere. Lehena, batzarkideen heren batek akta hartu ostean zehaztuko da; inbestidura saioa prestatzeko, berriz, hamabost laneguneko epea izango dute lehen batzarretik. Beraz, biak ere Espainiako Gorteetarako bozen aurretik egitea da normalena. Horrek kanpainaren atarian harrapatuko lituzke alderdiak, Gipuzkoan gertatu daitekeenari begira.

UZTAILAREN 7A.

Sei aste barru hasiko da Kongresurako eta Senaturako hauteskunde kanpaina. Halere, ez da etenik izango, alderdiek ez baitute deskantsu bat hartzeko asmorik. Aurrez aipatutako datetan ezarritakoek markatuko dute kanpainaurrea: Espainiako ezkerraren egoera, PP-Vox akordioak, EAJk PPren partetik jaso ditzakeen babesak...

UZTAILAREN 23A.

Hauteskundeen eguna. Pedro Sanchezen hordagoa ongi edo gaizki atera den adieraziko duen data. Igandeko ajea ordurako pasatu nahiko dute indarra galdu dutenek, eta olatuari eutsi gora egindakoek.

UZTAILA-ABUZTUA.

Ez dago argi noiz izan daitekeen Nafarroako presidentea izendatzeko inbestidura saioa. Espainiako Gorteetarako bozen zurrunbiloaren erdian, litekeena da PSNk horiek igaro arte luzatu nahi izatea negoziazioak, ahalik eta eragin txikiena izan dezaten. Esaterako, duela lau urte, abuztuaren 6an izendatu zuten presidente Txibite, PSNren, Geroa Bairen, Ahal Dugu-ren eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.

ABUZTUAREN 17A.

Espainiako Kongresuak eta Senatuak lehen bilkurak egingo dituzte, eta talde parlamentarioak ados jarri beharko dira bi ganberetako mahaikideak hautatzeko. Indar korrelazioen arabera, gertuago edo urrunago egongo da gobernu bat osatzea, baina egun hark argituko du nor norekin eta noraino negoziatzeko prest dagoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.