Utzikeria

David Salinas-Armendariz
2022ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Euskal gizartearen gehiengo baten eta federazioetan antolatutako kirolarien desioa da haien selekzioen nazioarteko ofizialtasuna. Euskal Selekzioek ofizialki lehiatzeko duten helburua, Eskoziak, Galesek edo Feroe Irlek egiten duten bezala, instantzia erabakigarrietan aldarrikatzeko eskubide bihurtu da. Ez inoren aurka, baizik eta euskal gehiengo sozialak sekula amore emango ez dion kultura eta kirol aldetiko berezitasuna onartzearen alde. Eta ez du amore emango interes pertsonalen, Madrildik datozen ordainen, edo publikoki gauza bat aldarrikatu orduko behetik oztopatzen edo, ahal badute, irekitako bideak zapuzten dituztenen gainetik.

Futbolean berdedun taldeak urte askoan lagun arteko partida askotxo jokatu ondoren —maila bikainarekin—, 2018ko abenduaren 12an urrats historiko bat eman zen: Euskadiko Futbol Federazioko (EFF) batzarrak, ia aho batez, erabaki zuen euskal futbolarentzat nazioarteko ofizialtasuna lortzea; baita, horretarako, baliabide juridiko guztiak erabili eta agortzea ere. Akordio hori betez, 2020ko abenduaren 15ean gauzatu zen modu berean garrantzi handia duen FIFAn eta UEFAn sartzeko eskabideen aurkezpena. Luis Maria Elustondo EFFko lehendakariak eta Nerea Zalabarria lehendakariordeak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, ezinbesteko pauso bat eman zuten, jakinda ere bidea luzea izango zela eta ziur aski kontua bukatuko zela epaitegi goren batean, entitate inplikatuen itxieraren gainetik. Horrela gertatu da irmo eta adorez defendatu behar izan duten beste lurraldeen federazioen kasuetan. Amaieraraino.

FIFAtik eta UEFAtik hasierako ezetza jaso ondoren, zegozkien helebideak prestatzeko aukera izan genuen, aurrena barnerakoak izan behar zutenak, integrazioaren aldeko eskubidea jorratuz; lehen eta orain, uste baitugu bi erakundeen zuzendaritza organoek ez dutela eskuduntzarik auzi honetan, eta bai, aldiz, bien Batzar Orokorrek. Jarrera horrek, aurrera ateraz gero, foro horietan EFFko lehendakaria izatea eragingo zuen, euskal txostena azaltzeko, gure eskaera nazioartera eramateko, baita eskaria zuzena zela defenditzeko ere. Jarrera hori gaurko federazioak guztiz eta espresuki onartu egin zuen, eta horrez gain, ezezko berri bat jasoz gero, TAS Kirol Arbitraje Epaitegira jotzekoa, gure eskubideen babes judiziala bermatzeko, aldeko dauden aurrekariei jarraikiz. UEFAren eta FIFAren ukatze irmoa ebatzita, beraz, hurrengo pausoa emateko ordua zen: TASera jo, helburu bera lortu nahi duten eta independenteak ez diren beste lurraldeetako federazioek egin zuten edo egingo duten gisan. Horretarako edozein ibilbide-orritan aurreikusita eta presente dago azken geltoki hori. Aipagarriak dira Feroe Irlen edo Gibraltarren kasuak, borobilduta gaur egun, edo Jersey eta Groenlandiarenak, ate joka oraindik. Horiek ziren, azken finean, gure kasuan ere ezinbesteko urratsak, euskal berezitasunaren defentsa nonahi egiteko pentsatuz, baita «suhiltzaile kongresu batean» ere, behar balitz, Agirre lehendakariak bere doktrina ospetsuan zioen bezala.

Gauzak horrela, azken egunotan jakin ahal izan dugu gaur egungo EFFko zuzendaritzak ez duela beteko Durangoko euskal futbolaren mandatua, zeina argia baita zalantzarik gabe eta indarrean baitago; eta indarrean dagoela azpimarratu nahi dugu. Federazioaren Batzar Orokorrari azalpenik eman gabe, eta UEFAren eta FIFAren azken idatziak —urtarrilean eta otsailean jasotakoak— azken unera arte Jaurlaritzari helarazi gabe —zeinak prozesu guztian erabateko sustapena eman baitu—, TASen esku hartzea lortzeko ezarritako epea amaitzen utzi dute. Edonon eta edozeinen aurrean argudiatuko dugu EFFren jarrera juridikoki bideragarria zela, federazioak berak onartu zuen modura, nik neuk prestatutako barne helegiteak komarik aldatu barik aurkeztean. Oinarri juridikoa bazegoen, auzia bazegoen. Baina, tamalez, lehenaldian esan behar dugu hori, gure aldeko ebazpen bat lortzea dagoeneko ez baita posible, epe prozesalak gainditu egin baitira; eta inork ezin du sinetsi oraingo buruzagiek hori ez zekitenik. Harrituta ikusten dugu, are, egungo Euskadiko Futbol Federazioko lehendakariak esatea oraindik ez dutela erabakirik hartu, nahita kontua hiltzen utzi dutenean. Tamalgarria.

Ofizialtasunak kolpe gogorra jasan du, barrutik, eta agintariek berriro euskal futbola hasiera puntura eraman dute; batzar subiranoari zein euskal gizarte osoari azalpenak eman beharko dizkiete. Kontuak eman eta erantzukizunak beren gain hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.