Itxaro Borda
LAUHAZKA

Errepublika plaza

2017ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Ekaina bero honetako arrastiri apaletan Santizpirituko Errepublika Plazara noa, hango platano zuhaitzen maldan bazterrei begira edo irakurtzen higatzeko. Betikoa, etxean ezin egon. Baina ba ote dago Baionan Katakrak argitaletxeak duela gutxi publikatu duen Robert Menasse austriar pentsalariaren Europar Mezularia liburuxkaren irensteko leku zuzenagorik? Eneko Aizpurua idazleak ederki itzuli lanari esker eta plazan lerratzen diren jende multzoen itzaletan urturiko Europaren kontzeptu hain lardaskatu horretan berriz sinesten hasteko espaziorik egokiena zait. Ez da tokirik isilena: autoak, autobusak, motorrak, oinezkoak, lasterkariak, matoaz lagundurik karrikak nekez zeharkatzen dituztenak aitzinetik pasatzen zaizkit eta soa orrialdetik gora altxatzen dut frankotan. Nire irakurraldia ez da jarraikiegia, ondikotz.

Iturriaren ondoan mundua biltzen dela iruditzen zait, mundua bere aniztasunean oparitzen zaidala eta nire egonarria eskaintzen diodala trukean. Chronoplus konpainiako bus geltokian metatzen direnak zoraturik begiztatzea aski dut: Maria portuges haserretuz mintzo da eta Estefania asturiar lagunak gazteleraz erantzuten dio, debekatua izanagatik Ferdi kurduak tu egiten du lurrera, Lina eta Rikhy kanbodiarrek lagunkiro agurtzen naute, Modou senegaldarrak epako alegera helarazten dio Mohamed BFC jatetxeko jabeari, gazte taldeak trotinetekin jolasten dabiltza zaharrak molestatzen eta gero irriz lehertzen dira NY grabatua dakarren burukoa hozkan emanez. Teresa, Pierro eta Joanes ere hor daudela ahantzi gabe, zuberotarrez mintzo lasaiki, bizitza Forges de l'Adour edo Safam ohiko burdin infernuetan higatu eta arras konkortuak. Ostiraletan arabarrak handizki apainduak dira, larunbatetan auzo honetako juduek kapelu zuri-urdinak ziztatzen dituzte ileetan eta igandeetan gizon-emazte astun bezain adinduak herrestatzen dira elizaraino mezaren entzuteko.

Eremu hertsian konfinatua bezala dago europar biztanle laginaren amets gaizto post-nazionala. Boteretsuen larderia eta manipulazioak kentzen baldin badira guztiok bakean biltzen gara eta gure harremanak lasaiak dira, batzuetan kexu puntuak nabaritzen diren arren. Behin, oihala garbitzeko makina hautsia nuelarik, plazako labanderiako —ez nintzen alta Jon Trollope— leihotik miresten nuen bizidunen batasun kalipuz bete eta bozkariotsua nola geldotu zuen urrunetik ziztuan, sirenak ozen, hurbildu zen polizia kotxe pare batek. Idoia Rodriguez Mondragon frantsesez izkiriatzen duen euskal idazlearen Etats de Crises ipuin bilduma nuen orduan eskuetan: egunerokotasun jabala bere hitzetan thriller zaintsu eta doietan pornografiko ankerra bilakatzen zen. Gustatzen zitzaidan, sobera. Baina Errepublika Plazan krisia suaren antzera hedatu zen, gazteak txori txepelen moduan eta laurogei urtekoak ahal bezala barreiatzen segitzen nituen bitartean: ikusgarria karrikan dago beti.

Merkatua, Garruzen nola, ostiraletan da Santizpiritun ere. Ikurrinak, Che Guevararen potretak, Barçaren banderak eta rastafari distiratsuen lemekiko oihalak erosten ahal dira bertan. Halaber, kamioietatik erori markako zaku, gerriko, jantzi eta Bruce Lee zein Maggie Chungekiko DVD merkeak. Orduan dira emakumeak etxeetatik jalgitzen, kopetatik oinetara burka eta nikab ilunez apainduak eta saltzaileen txosnetan erdi biluzirik lerratzen diren neskatxa furfuriadunen ondoan aurkitzen, bularretakoak eta zetazko kuleroak aukeratzeko tenorean. Arratsaldeko hiruak arte ausatzen dira zenbait eleka, hausnarrean, oihuz, azken bezeroak harrapatuko dituztela ustez. Ez dugu deusezen beharrik, kontsumoaren neurria apaltzen goaz, girgilaz mukuru dauzkagu etxeak: ahurreko lineak irakurriko dizkidazu?

Aitor bat zor dizut irakurle. Kanpoan beroegi egiten zuenean, Lauhazka hauek kometitzen iragan ditudan hiru urteotan, betazalak apaldu eta garunaren freskatzeko Minnesotako Fargo hirira eraman dut izpiritua: elur urteak, blizzard haizeak, urritasun izoztuak, odolaren gorria zuritasun subliminalean, hondorik gabeko krimenak, Wendy Lopez eta Gloria Burgle ikerlariak itxuratu ditut (Letren) Errepublika Plaza honen minetik.

Baby we were born to run… barefoot!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.