Itxaro Borda
LAUHAZKA

Saganen saga

2017ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Santizpiritu aldetik zubiaren maldan meditatzen pasatu dut herenegun, arratsaldearen parte handia. Zakurrekiko eskaleak nituen auzo, garagardo botilak tutunetik husten zituzten gazte taldeak, bi multzoak goraki eleka ari ziren baina ez zuten nire hausnarraren haria haustea lortu. Ez nuen oroitzeko gogorik eta ez nenbilen etorkizunean, antsiaz eta dudaz kateztaturik. Galdera pare bat neukan ezpain hegietan: gure lurrak justiziaren ekonomia egiten ahalko ote du? Esku ukaldi soilaz ezabatzen ahalko dira borroka izenaz bataiaturiko urterik beltzenen aztarnak? Jasan eta eragin zauriak? Ez al da mozorroak bertan behera uzteko garaia?

Erantzunik ez neukan. Begiak ireki nituen. Aldamenean neukan liburuaz ohartu nintzen, bata besteari segika zebiltzan zakurren zaunka erlastuak hauteman bitartean. Nire zalantza-minean agian, hilabeteak hilabetetegi, irakurtzen ari nintzen Françoise Sagan handiaren hitzek salbatuko ninduten gaizto, etsi eta motel bilakatzetik. Bizi-poza alabaina atxikitzekoa da, egunerokourratsen alorrean zer nahi gerta ere. La femme fardée bukatu berri eta La Laisse hastear nengoen, galderek eta zakur kokinaren ahokadek trabatzen ninduten arren. Badakit, irakurleen artean, aberezaleak badirela eta aitor dut, halaz ez nuela ttette malina ostikadaz urruntzeko saiorik egin.

Bulta honetan arrats apaletako une hotzak pasatzen ditut Françoise Saganen konpainian. 1935. urtean sortu zen Carjac herrian eta 2004an utzi gintuen Honfleureko bere itsas bazterreko egoitzan. 1954an plazaratu zuen bere arrakasta egingo zuen eta Gerardo Markuletak Tristezia, zer berri (2014) tituluarekin euskarara ekarri Bonjour Tristesse ahantzezina. Literaturaren eremu ezberdinak jorratu zituen, nobelak, antzerkiak, artikuluak, zinegintza ere bai. Literaturatik jan eta edan zuen, zendu zenean hargatik semeari zor meta erraldoiak herentzian emanez, idazki publikatu bakar bat gabe ordea. Pariseko zirkulu kultuetan le charmant petit monstre erraten zioten eta haren energia bizitorea nahikoa estimatua zen. Idaztea pasio bezain urgentzia absolutuzko premia zeukan.

Gauzarik harrigarriena da nola liburuek eta idazle batzuek irakurlea ondu dadin itxoiten duten, hazi dadin, hozitu dadin bere orrialdeetako hitzak eta ideia mikatzak irentsi ditzan pasiboki eta isilik, erraiak eraldatzen nabarituz. Izkiriatzaileak, edo hauen ingumak aspaldian zenduak baldin badira,sasien gibelean zelatari daude, aiduru. Eta aski da lehen lerroa irenstea harrapatua izateko, lepotik, ahotik, garunetik eta luzerako. Hala gertatzen zait niri, erbi urguilutsu edo xoxo beltz moko hori inozentearen pare, burdinazko xederak ebakitzen dizkidala oinak eta hegalak. Halatan eta ondorioz urteak iragaten ditut egile baten lagungoan, haren obra azken aditzeraino ustiatuz. Françoise Saganen aldia izan da aldion.

Bouquins saileko liburu mardula erosten dut, bigarren eskukoa, hamasei nobela biltzen dituena. Ez dut aspertzeko betarik. Bonjour Tristesse ospetsua berriz eta astiro irakurtzearekin hasi eta Saganen saga literarioan barnako bidaia ukigarria egin dut gauak joan, gauak etorri. Eleberriak pasatzen zitzaizkidan begi petik. Marcel Prousten pertsonaietako baten izena aukeratu zuen Françoise Quoirez gazteak, idazle nortasuna finkatzeko baina ez bakarrik hori. Prousten joera literarioa ere aurrerago eraman zuen, jendartea zirrikatuz, mundu burgesaren itzalak eta tatxak molde ironiko batean papereratuz adibidez. Saganen nobela bakoitza gozoki azukratu baten antzera ematen da ahora, baina zintzurrera iritsi orduko gostu zakar, mingar eta kiratsez zartatzen dela argi daukat.

Irakurketa betidaniko esperientzia intimoa da. Burka ilunez jantziriko hiru emazte hurbildu dira Santizpiritu zubiaren maldara markazko jantziz apaindu beraien haurrekin. Mundua kontraste bat da eta nire behinolako galderak ez dira hutsean urtu: bakeak, justizia eta egiaren zoruan errotu beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.