Itxaro Borda
LAUHAZKA

Cafe Bar Nansouty

2015eko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Goiz hartan, egunak argitu gabe sartu nintzen trenean. Euri xehea ari zuen Akitaniako kostalde guztian. Burua burdin-bide ordutegiz mukuru eduki eta, orain behingoz, geltokitik bi minututan nengoen. Nolabaiteko zortearen zortea. Sinagogaren aitzinetik pasatzean ohartu nintzen garaizegi zela soldadu zaindariak bertan zutik ikusteko. Charlie Hebdo astekari satirikoaren sarraskiaren ondoko asteetan jarri zituzten eta jendeek ausaz agurtzen dituzte.

Iragan urtarrila hasmentako Pariseko manifestaldi erraldoian nabarmen geratu zen gobernarien eta herritarren arteko lezea. Zuloaren itxura nagusi zen etorbide zabaletan. Hondorik ez zuen. Egoerak, hauteskundeen atarian beldurra hazten zuen, burtzoroa, bertigoa. Sinetsi ezina. Azkenean, hiru hamarkada hauetan gertatua gertatu da aurten ere Fronte Nazionalarekin: haroa handi, azantz eta laido asko eta emaitzak hutsaren hurrengoak. 2017an berdin agituko ote zaigun galdezka higatzen noa. Baina haria galtzen nabil, bixta laburtzen doakit eta orratzaren katua franko tapatua suertatzen zait.

Eskuin muturreko ideologiaren tentazio pornografikoak gatibatzen duen jendarteko kideen azkorriko keinuak hurbiletik jarraitu nituen Bordeleko Nansouty auzoko izen bereko tabernako mahaitik. Tentazioak alabaina ez du beti bekatua egiazki eta materialki kunplitzen dela erran nahi. Hor zeuden, hiritarrak eta zakurrak bilduak ostatuaren sabel hezean. Irrati komertzial baten sintoniak kontsumitzera akuilatzeko balioko lukeen tentsio ikaragarriaz hantzen zituen bazterrak. Manuek eta erretzaile amorratu eztul harpetsuek hausten zituzten berri-sailen eta solas-atrebituen leunak. Batek kafea hutsa eskatzen zuen, besteak esne negar batekin eta tauletarekin teman zebilenak ur baso batez lagundurik.

Hamalau graduko tenperatura iragartzen zuen eguraldi gizonak Matrix seriearen balizko laugarren atalaren trailer-ahots sakonez. Irri gutizia neukan. Soa loaz setiaturik zeukan taxi driver kulunkariak, konkortua, ile zuri uharteak kasko pelatuan, kruasanak erregutu zizkion etxeko andereari. Tabernatik lasterka atera zen, handik bost urratsetan zegoen okindegira ernatzeko. Anartean, irratian, behialako Highway to hell abestiaren notak bihikatzen zihoazen. Su-hiltzaileen kamioia pasatu zen sirenak ozen eta airean. Argitasun urdin batek urratu zuen Bordeleko zirrinta gris herabea.

Ez nintzen mahaitik kantitu. Barra atzetik emazteak xehea ekarri zidan: «Votre monnaie madame...», bezero pare bat agurtu zuen. Sud-Ouest egunkariko lehen orrialdeari behakoa bota nion: Akizera eta Mont-de-Marsanera luzatzeko AHT edo LGV proiektuari ezezkoa eman zion ez nekien zein erakundek, antza zenez funtsezko erabakia, zegoeneko, Estatuaren meneko zetzan. BERRIA irakurtzean errealitatearen bikoitzaz jabetu nintzen: nork ez zuen puntu batetik bestera ahalik agudoen joatea desiorik, garestiak diren TGV trenetan adibidez, TER tturtturlarietan apotu ordez.

Baina derrigorrezko abiadura, lehia ekonomiko eta hetero-arau morbidoak bezala, agian astiro suntsitzen gaituen optika ilusioa baino ez zen. Kanpora presatu ziren zenbait, zigarretak erretzeko, etxeko anderea barne. Bizkarretik minez tolesten zihoan senarrak ordezkatu zuen berehala kafe-makinaren parean. Oroitu nintzen laino uherrek Landetako oihana, pinudiak eta elektrika zutoi gorakoiak troxatzen zituztela Pettiren kantak entzun nituela, Baztaneko blues zirraragarriak, Bruce Springsteenen Nebraska albumeko State Trooper ezagunaren remix eguneratu bat eta maitasun galduz xifritu Björk handiosaren Atom Dance haluzinatua.

Kikara milikatu nuen mihiz, ertzetan perlatzen zitzaizkion kafe malkoak hurrupatzeko. Ez nuen ezer galtzekorik. Denbora banuen: Miquel Marti I Pol poetaren Pensaments liburua jalgi nuen zakutik Txinako hiru ibaien juntako txaboletan bildu zuhurtzia maisu baten batena bailitzan. Gogoeta hegan joan zitzaidan, ihesi, ahapez moldatzen nuen hitz bakoitza bozkarioa jantziz. Munduan nintzen, munduan izan gabe, estira eta atsegin:

La vida sempre té rao…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.