Itxaro Borda
LAUHAZKA

Fiodor 8

2017ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Ez dakit zer hauta. Hori da bizitzarekiko dudan ezintasunaren seinalea. Hondarrean Fiodor Dostoievski eta Wachowski anai-arrebak maitasun-zaku berean sartzen ditut, bihotza plastikozko poltsa arrunta baldin bada bederen. Alabaina, aurten, Sense 8 telesailarekin zorabiatu naiz, zeinetan (erlatiboen erlatibotasuna) generoa, nortasun sexualaren anitza, mundu mailako esku-zuri saldoen politika, erlijioaren arazoa irudi distiratsuetan aipatzen diren Bonbai, Seul, Nairobi, Berlin, Chicago, Mexiko, San Francisco eta Reykjavik hirietan barna. Pertsonaiak gogoan geratu zaizkit, itsatsiak: Nomi (Not me), Capheus (Morpheus ohiaren oiharra?), Will, Kala, Wolgang (Amadeus noski), Riley Gunnarsdottir (ametsetako DJa) Sun Bak, Lito (gaytasuna nola plazara ez dakiena) sentsitiboak dira, bata bestearen baitan sartzen ahal direlako lurreko zazpi muturretan elkarrengandik urrun izan arren. Globalizazio larrutzailearen aurrean, agian, jende sentsibleen arteko elkartasun mutuak salbatuko gaituela izan liteke telesaila dinamiko eta zinez positiboki ireki horren morala!

Hamahirugarren atala bukatu nuenean, otsaila hasmenta honetan, Baionako Antzokian Karamazov antzerkiaz gozatzeko zorte handia ukan dut —sarrera ordainduz, lasai—. Jean Bellorinik (1981) kudeatu Saint Denisko Gerard-Philippe Zentro Dramatikoko taldearen hatsaren luzeak harritu ninduela aitor dut. Ikusgarria muntatu zuten iragan udako Avignoneko festibalerako eta ARTE katean osorik irensteko aukera ukan nuen. Karamazov Anaiak nobela handiosean, Sense 8 ukigarrian bezala, intriga poliziala bada, amodioa, jainkoari eta errusiar izateari buruzko agerpen metafisikoak, gizon sainduen urrin zizkolatsuak, zazpi ehun orrialde liburuan, lau oren eta erdi taula gainean. Bellorinik, moldaketa egiterakoan, André Markowiczen itzulpen berria aintzakotzat hartu zuen. Markowicz ari da azken urte hamarkada hauetan literatura errusiarra frantsesera berriz egokitzen, eta bereziki Fiodor Dostoievskiren elaberri zirraragarriak.

Ikusgarri terrible eta bozkariotsu baten garapena miretsi genuen, isilik eta hausnar pozgarrian urtuak. Hiru anaiak hor ziren: Alioxa apezgaia, Ivan ideologoa eta Dimitri dirua behar zuen bestagile sentimentala. Hor ziren halaber Fiodor aita zakarra, Grouchenka aitaren eta Dimitriren ohaidea, Ivan eta Dimitriren artean nor hauta ez zekien Katarina Ivanovna, Smerdiakov, Fiodoren seme bastarta, epileptikoa, menturaz hiltzaile materiala, Ilioucha ikaslea, Kolia sozialista gaztea... den-denak genituen begien jomugan, kementsu, oihuz, xuxurlaz, antzerkilarien molekuletan gorpuztuak. Argi jokoei esker tuaren zoharra eta kopetan behera isurtzen zitzaien izerdia agerian zegokigun: erraldoi... bistaz ezagutzen nuen —Santizpiritun bizi delako— errusiar irakasle baten ahotik baimendu nezakeen testua egiazki hurbiletik errespetatu zutela egileek.

Lana eta Lili Wachowski eta Fiodor Dostoievski, garaiak salbu, antzekoak dira (barkatu konparaketak irakurle batzuk txokatzen baldin baditu, eta jakin ezazue ulertzen dudala). Biek jende izaeraren gunerik ilunenak arakatzen dituzte, bere baitan ernatzen zaion biolentzia uhin endemikoak, desesperatzeko arrazoiak. Baina ororen buruan etsipenik beltzenaren magmaren azpitik esperantza muskilak salbatzen saiatzen dira. Infernuaren muinetik ernatzen da bi obretan, sinesteko arrazoia, Bruce Springsteenek 1982an, Nebraska albumean, hain maisuki abestu zuen Reason to believe hura. Noski, ez da barda arratseko istorioa eta galderak erantzunik gabe geratzen dira: Nor da hiltzailea? Nor da erruduna? Hiltzea pentsatu duena? Kolpea ekarri duena? Ala hilketa eragotzi ez duena? Taula gainean izan ezik, eskakizun horiek gure garunak ere inarrosten dituzte etengabe.

Dostoievskiren nobelak putzu sakonak dira, buruz behera erortzen goaz eta zolaren zolan gaudenean ez dugu aire sanora ilkitzeko gutizia izpirik. Ongi gara Matrix deituko genukeen literaturak eragin eromenaren mugetan.

Baina errealitatera bueltatu behar da. Gerardo Markuletaren Denbora bere lekura bilduma eskuan apnean gatoz ur gainera: literaturak, batzuetan, hanka usain du (biok).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.