Itxaro Borda
LAUHAZKA

Lau hatzetako bi lan

2016ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Urtea bukatzear da. Hemendik gutxira egunkarietako zutabeak eta pantailak aurtengo irudi erranguratsuz (hauxe hitza, Lapurdi-Bizkaia balizko sinkretismo tinkoaren lekuko!) mukurutuko dira norberaren baitan oroimenak, argazkiak bailiran, sailkatzeko jaidura piztuz. Etorkizunak malgortzen gaituen neurrian zaintzen ditugu orain hurbila eta iragan (l)urruna. Nehoiz ez dut bilanik egiten, iraganik, orainaldirik eta gerorik gabekoa naizela nabaritzen dudalako txiki-txikitatik. Abendu hastapen honetan hargatik lau hatzetako errepaso bat eginen diot bururatzen doan 2016 honi. Inperfektua eta subjektiboa arras.

Liburu bat aipatuko nuke lehenik Paola Letalbergen Joy Stick mardulak gatibatu ninduen arren seipazazpi hilabetez. Juan Gorostidiren Zazpigarren Heriotza saiakera irakurri nuen kapituluz kapitulu, batzuek azpimarratuzizkioten huts gramatikalez axolatu gabe, idazlearen gaztaroko agerpenek nire hamazazpi udaberrietara eraman nindutela, nik ere oharkabean, euskaldunon borroka armatuaren mende erdiko afera likits horretan nuen erruaz arranguratzeraino. Galderak nituen. Ihes egiteaz salbu erantzunik ez. The act of Killing begimendu nuen eta itzuli nintzen behin ukitu ninduen Rithy Panh Kanbodiako zinegilearen L'Image manquante dokumentalera. Egia hor zegoen nonbait, aurkitu ezin bezala, egundainokoan egia hori jasanen dugun ala ez hausnartzean datzala gogorrena, egia horrek guhaur gaituelako zalantzaz lehertuko.

Bigarren aldi batean pilota partidarik perfektuena ikusi nuela aitortuko nuke. Eskoletan eredu gisa erakustekoa. Eta ez bakarrik pilota eskoletan noski. Faboritoetan jarri dut, martxoaren 12an Bilboko Bizkaia pilota lekutik, Errasti eta Lizartzak ahotsak haustear komentaturik ETB Kantxak eskaini zigun Urrutikoetxea-Olaizola II (22) eta Rezusta-Irujo (12) pareen arteko lehia distiratsua. Tanto bakoitzean zintzurra larrutzen zihoakien: baina zer da hori? Zoragarria zela aitor dut, literarioa, epikoa, eta noiztenka ETBko Nahieran saileko pilota orrialdera lerratzen naiz, batzuk euskaratik frantsesera bezain aise, plazer atabikoa errepikatzeko. Dagoeneko Irujo handia, arrano kolpatua, kantxa bazterrean dago eta belaunaldi berria ari da gibeletik bultzadaz.

Hirugarren hatza uzteko orduan barnez inarrosi nauen telesaila bat bipilduko nuke. Amerikar, ingeles, suediar eta islandiar krimitxuraz hazi eta hezi euskal idazlea naiz, besterik gabe, eta ez da nire aurarentzat biziki ona. Dante-ren Komedia ere, hiru sasoi dituela, zatikako idazki-sail distopikoa dela deritzot. Black Mirror eta Homeland haren bosgarren sasoiaren artean txapeldun egin dut 2016an TV3 kateak ekoiztu eta hedatu Nit I Dia erraldoia, hamahiru atal, bata zein bestea baino sinetsi ezinagoak, eta Sara Grau ikerlari anbiguoa, argia eta iluna bere baitan pataskari zebilzkiona. Mehatxuz kartzelaturiko eta Ada Colau buru duen Bartzelona tentsioduna gustatu zitzaidan eta Aitor Otxoa pertsonaiak irun euskaldunekiko haria. Katalanera ikasteko baliabide hoberik ba ote da? Ez dakit jarraituko duenez. Ageriko. Anartean La Riera kulebroiarekin asetzen nabil. Ez erran inori.

Eta azken urratsa eramanen dut musikarekin. Maiatzaren 17an milaka kidek Bruce Springsteen miretsi genuen Anoetan baina nik bereziki gogoan dut Maite Arroitajauregi alias Mursegok Baionako Atalante zinema gelan eskaini zuen berrogeita bost minutako show ahantz ezina: kanta oroigarriak jende gehiengoarentzat frantsesez ere aurkezten saiatuz. Gauza arraroa, seinalatua eta menturaz nolabait eskerrak merezi dituena. Duela zenbait uda Eako poesia egunetan aditu nuenetik fan naukan artistaren Eusnob abestiak, Hiri armera batentzako kunbiak eta beste hainbat zatien musika alorreko imajinazioaren askatasunak zoratzen nau taigabe (ohore zuri Super Txope!). Mursego, Andere-orkestra deitzen ahal genuke duda izpirik gabe.

Horrela maite nuen Euskal Herria libre, bizitore, (ele) aniztun, ironiko, zirikaria, bihotz bera eta baketsua. Aste eta erdi dago urtea borobiltzera.

Baise-moi zioen Virginie Despentesek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.