Bizirik ala hilik, beti, ukigarriak diren idazleak badira. Safo, Spinoza, Dostoievski edo Virginia Woolf ez ditugu ezagutu, ez behintzat Despentes, Houellebecq edo Darrieusecq gure bideetan arraiki gurutzatu ditugun eran. Hiztegiak ez ditu biziak eta hilak bereizten, zenbait, indio onen pare, hobeago baino ez direla zendu ondoren. Pentsamendua harilkatzen nuela Baztango astoak, ardiak eta (g)izakiak amesten nituen Otsondon behera zetorren arrotzaren begi zuloetara so eta galdezka: ba al dago jenderik Baztan eta Zuberoatik kanpo?
Elurraren mehatxuak eratorrira kondenatu ninduen.
Kataluniako Empuries etxeak plazaratu du ez ohiko liburua narrativa sailean. Maria Merce Marçalek bizitzako hondar urtean harturiko apunteak eta Rene Vivienen biografia mamitu zuen Jean Paul Goujon Sevillako unibertsitateko frantses irakaslearekin eduki gutun-trukaketa luzea, agertzen dira biak MMM fundazioak sustaturiko obran. Bi urtez gaixo egonik, bularretako minbiziak eraman zuen olerkaria, 1998ko uztailaren 8an. Ivarsen hazi zen 1952an Bartzelonan sorturiko bigarren mailako irakasle zereginetan zinpurtu idazlea. Ama bakartasuna eta lesbianatasuna, hala erran badaiteke, aldarrikatzen zituen. Hain zuzen ere Heura alabak eta Fina Birules andraide ohiak dute argitalpena paratu. Pere Gimferrer jaunak —egiazkoak, ez Poloniako antzezleak- kometitu du hitzaurrea, neurtitzetan, poetarekiko elkarrizketa bat aurkitzen dela eranskinetan, zeinetan poesiak noiztenka urakanaren ninikara bulkatzen ahal gaituela mailukatzen duen.
Aitortzekoa dut plazer gehiago ukan nuela Euskaltzaindiak eta Baztango Udalak berrargitaratu Mariano Izetaren Dirua galgarri hostokatzen, Maria Merce Marçalen El Senyal de la Perdua irenstean baino. Konparatzekorik ez dute, bi idazleak hilak diren arren. Alta MMM-en perpausek gatibatu ninduten ni ere, idazle zintzoarekin batera, heriora abian banintza bezala. «Sentsazio bitxia da, beldurgarria nolabait: gaur heriotzari josirik daramadan hirugarren eguna da», izkiriatzen zuen bizimina diagnostikatu zioten 1996ko uztaila bukaeran eta aitzina zerrasan: «ni, beste edozein emazteren moduan, bietarik bat omen nire ustez.Ezberdintasuna. Agian bularrik gabe iraun —amazonen antzera- gudari urguilutsua, herioari buru eginez oraino». La passio segons René Vivien nobela, arrakastatsua suertatu zitzaion eta poesia -Llengua abolida...- piska abandonatzea gogoetatzen zebilen eritasunak harrapatu zuenean.
Alabari eta maite zuen Finari azalpenak ematen segitzen dugu. Jean Paul Goujonekiko harremana ordea ez zukeen katalaneraz harilkatu, baizik eta frantsesez, eder eta sakonki bazekielako Louise Labberen eta Noailles bizkondesaren hizkuntza. Intimitate gutxi letera horietan, irakasle-ikasle lotura lantzen zuten, literatura ardatz, bakarretan pataskatzen zirela, poetari menturaz Goujon jauna gizonkoiegia zela, matxistegia alegia, zirudiolako. Alabaina, Frantzian generoa, gender ildoa erran nahi dut, ez da onartzen, gramatiketatik haste maskulinoak femeninoa gainditzen baitu. Egoerak sutan jartzen zuen Maria Merce Marçal.
Hatsankaz igo nituen Amaiurko gazteluaren hondarretarainoko patarrak. Ardi beltzek muturrak altxatu zituzten eta Nafarroako kate herdoilduak argazkitzean astoak zintzur-sudur marraka elkorra entzun arazi zidan. Bahaut! Bahaut! Haizeak balakatzen zuen kaskoan oroitu nintzen nola iritsi nintzen Maria Merce Marçalen olerkietara. Bartzelonako En Ravaleko liburutegian nengoen Helena Gonzalez galiziar adiskidearekin, ez jakin zein poesia liburu hauta etxerako autobusean ausatzeko. Contraban de Llum seinalatu zidan, oso ona da, gustatuko zaizu, gureetarik da. Yes. Ulertu nuen berehala. Ordutik ez ninduen kitatu, euskaraz apaintzen nituen bere lanak, katalanez bizitzen eta hiltzen ikasten nuela nire aldian.
Badira etengabeko tristura hazten duten irakurketak. Tristura horrek hargatik poza harilkatzen du, idaztea, bizitzea bezala dela frogatzen duelako, aditzak azken hatseraino jazartzen baitira zorigaitzaren kilikatzera.
Desprès, m'imagino, vindran tots els dols.

LAUHAZKA
Galeraren seinalea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu