Itxaro Borda
LAUHAZKA

'Expressis verbis'

2016ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Orain, ziur aski, jende gehienak oporretatik itzuliak dira, larrazkeneko depresioaren sareetan gatibu eta engoitik ezinduak, hurrengo pausaldiaren aiduru. Ni ere ibili naiz Baztanez Baztan, Orabidean barna, haize hego goiztiarrak inguruko gailurrak balakatzen zituela: ez al da egia, bakantza asteetan, herri hau zeharkatzean poeta alfer eta nagia bilakatzeko arriskua dagoela? Eta hori, noski, ez da hain ona famarentzat, nahiz eta izakia ez den bakarrik lanerako egina. Denbora irakurtzen pasatu lezake, edozer, Kanten kantikak, Nietzschen nixtak eta Kafkaren hazkak. Halaber, sei ehun orrialdeko liburu baten luzeran sinesten ahal luke bizitza eraldatzeko gai dela, Peter Sloterdijken obra mardularen gomendioei jarraituz. Kanbiatzekotan, behar da, nolabait, norberaren baitan deika ari den kaosa, huts materiala eta askatzailea den amildegi minerala onartu. Ez gara horretan…

Mihi garratzak hiztegia neurrian erabiltzera derrigortzen ditugu, zer gerta ere, Loiolako saindu atrebituak eta ñabardurak ñabardura, Sukarrietako Sabinok menderen mendeetarako formateaturiko herri honetan: loriatzen gara eleak aukeratzen, perpausak aitzinetik osatzen eta behar denean isiltasun une misteriotsuak zedarritzen. Urrundik gatoz, uda guztiez, bizirik irauteaz harrituak. Halatan, bakartasun teknikak lantzen dira, izan berezia, bakuna, sekula santa, Francis Underwood handiosaren ebazpen zinikoaren ez entzuteko: artalde hautatu du opzioan… ama-ontziaren urmaelak inarrosten dituen artaldea zorrak maneiatzen du, dagoeneko ez baita beste harreman modurik jendeen artean: zordunak gara betikoan, hartzaileak sasietan gordeak daudelarik.

Rainer Maria Rilke zoratu zuen Apolo jainkoaren paparrak Louvresko erakustokian miretsi ahal izan zuenean. Berehala, influentzia pean izkiriatu zuen olerki ospetsuak, geroztik, garunak zirikatzen dizkigu: du musst dein Leben andern, bizitza aldatu behar duzu, alegia. Sortaldeko oldeak ibilera bortxatuan etorkizunera akuilatzen dituen lemaren asmatzailetzat jo dezakegu. Rilkek aipatzen duen (ziklopearen) begiak izkina orotarik ikusten gaitu eta saparretan ezkutatu arren hegi bakoitzetik ikusgarri gaude: ez dugu ihesik. Behar bada Elokadiko artzain etxola hotzean aurkitu dezakegu aterpe, datorren abenduaren lauan. Maria eta Kattalin, hauxe da mezu kriptatua, zuentzat: mantak ez ahantzi. Poemako Apolok bururik ez du, sexurik ez du, besorik ez du, zangorik ez du, enborra baizik ez da. Baina distiratzen du gauean, larrazkeneko ilargi beteak izotzaren hedaduran bezala.

Apolo askorik ez dago gure artean. Batzuek uste duten arren, perfekzioa ez da omen da mundu honetakoa. Lanaren bidez, mintzairaren auto-kontrolaz, eskola dela medio, meditazio saioak ardatz, egitura sozio-ekonomiko osoak hobetzera deitzen eta gehienetan behartzen gaitu: manuak eta ordenak agertzen dira egunkarietan, pantailetan, mezetako brebiarioetan. Bizkitartean, beraien irudira moldatu nahi gaituzten aberats banda okituek afera likitsak kudeatzen dituzte kartel klandestinoetan, behialako Medellinekoa txikieta garbi uzteraino. Dirua eta boterea dira, dagoeneko, herritar desjabetuaren amets finkoaren zutabeak. Prest gaude, halatan, gobernu eta parlamentuetara, sorik gabeko munstroak bidaltzeko…

Baina utzi ditzagun etorriko diren balizko katastrofeen aipamenak gerorako. Ukanen dugu orduan ere zer erran. Peter Sloterdijk pentsalari alemanak alor minatuak ditu jorratzen eta irakurleari liburua aurpegira zartatzen zaio, garairik loriosenetan bezala. Modan da idazlea Europan, Ipar Ameriketan, malenkoniaz apaindu bere ikusmoldeak interesgarriak dira, elitearen talaiatik kontsideraturik bederen. Ez da zinikoa, ez da inozentea, ez ni bezain beste bederen. Testua ederra da eta muinetan galdera harrigarriak ernatzen nabaritzea gozamen hutsa, erantzunak askotan eskas eta eskasak izanagatik.

Ezinezko erronkak gainditzen saiatzen gara, txikitatik gure buruak apaldu ditugu, bizitza osoa marmolezko tentsioak malgortzen digula. Aldaketa ordena absolutuari behingoz muzin egiten bagenio: deboila larrien arduradunak ez dira sekula… barkatu marmaratzera plegatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.