Itxaro Borda
LAUHAZKA

Lekaroz negu aroz

2017ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Ibiltzen hasten garenean paisaia baten barnetik, ematen du bideak, aireak, usainak, hotzak, denak gorputzaren zirrikituetan kokatzen direla behin betiko. Memoria deitzen diote horri zenbaitek eta halaxe izango da menturaz. Ene ustez memoria baino zerbait gehiago dela iruditzen zait, izen egokia zein liteken asma ez dezakedan arren. Sinesten dugu beti hitzaren medioz zurkaizten dela oroitza, hitza dela denetan baliabiderik hobetsiena, hitza eman eta hitza harturen artean jolasten gabiltzala etengabe. Ez da arras hala, molekulak, zilbor hestearen materia idorrak, tuaren gaziak, malkoen zitalak bezalako zerak dantzan jartzen direlako leku bat, gertakari bat, deboila kolektibo bat garunetan iltzatzeko orduan. Xendra txarrean lerratzen naizela iritziko du irakurleak, galtzen garenean gutariko puska bat berriz aurkitzen dugula jakinagatik.

Ez dezagula gaur aipatuko dudana nostalgiarekin nahastu... ez baitu loturarik bat. Atzera itzultzeko gutiziarik ez dago memoria enpatikoan, funtsean nehor ez baita, izan zen, maitatu eta gorrotatu zuen ordoki biluzira bihurtzen ahal, are gutxiago urak, lurrak, makadam ketsuak, uholdeek edo hormigoi itsuak estali eremuetara. Aitzinako itxura bihotzean datza, kutun eta txukun, begiak zerratzea aski delarik burumuineko pantailan koloreak, sentsazioa, sentimenduak, nortasunak berriz haztatzeko. Gustatzen zait bereziki Euskal Herrian zehar paseatzea, oinez anitzetan, zakua bizkarrean, gaur harilkatzen ditudan itxura horien bila. Zuberoa, Bizkaia, Amikuze eta Erribera liluraren berdinaren zurrunbiloan atxikitzen ditut, altxor.

Liburu asko bada naturaren suntsiketa aztertzen duena. Rachel Carson (1907-1964) handiak, 1962an amerikarren DDT gai kimikoak —Koldo Izagirreren azken laneko ipuin batean ere ageri dena...— eragin minak salatzen zituen Udaberri Isila (Silent Spring) bukatu dut. Borroka luzea eraman zuen eta botere publikoek laborantza alorrean zikinkeria hori debekatu zutenerako Rachel Carson zendua zen. Gure etxe zuloetan uluak kalitzeko erabiltzen zen produktu horretaz nor ez da gogoratzen? Jende arruntez osatu olde mutu kutsatuak nituen kasko zokoan, iragan igandean, Lekarozko karrikatik belaian ikusten zen galtzada bati jarraituz Aroztegiara iritsi ginenean, Baztango (H)Ilbetza nobela beltzaren ohorezko ekitaldiaren karietara. Ondoko urteetan menturaz erabat aldatuko da inguru hori, urbanizatuko da salbaiki, etxe modernoak eraikiko dira, bederatzi zulorekiko golf bat zabalduko da, baina gure buruetan oinez eta hotzaren mende egin genuen ibilaldiko irudiak baizik ez dira bizi aztarna bilakatuko. Elizondoko saihets bidetik lerratzean intimoki jakingo dugu hor beste errealitate bat izan zela, gizaldi ahantzietara ihesean joan beharrik gabe.

Antzerkiak, antzerkilari pare bikainak eta ahots gorako kontakizunek dute errua, bai eta oinez lehiatzean, gorputzean mugitzen diren ezinbesteko ehun mila piezek. Pausuek presentzia fisikoa ziurtatzen ziguten, lokatzak zapatetan, haurren irriek, gatu beltzaren punpek. Orainaldiaren sekretuetan itotzen gindoazen astiro, izotza urtzen zihoala, Autza gailurra, Hokusai japoniarraren estanpetan bezala, elurrez zuri zela eta laino zoharrez troxatua. Aroztegiako afera segitzeko aukera izan dugu eta badakigu ezer ez dela erraza izan Baztango herritarrentzat: lapurreta sinboliko eta erreal bat gertatu zen, gertatu da, gertatuko da. Demokrazia ukamen argi bat. Hargatik arteak balio du, hain zuzen, gertatuarekiko harreman pazifikatuagoa edukitzeko asmoaren egiaztatzeko. Bestela bizitza bera liteke ezinezkoa. Onartzeak alabaina ez du amore ematea erran nahi, eta antzerki ibiltariari esker Aroztegia nolakoa zen ez zaigu burutik aterako.

Nahieran ikusi dezaket alabarekin Nafarroan behera abiatzen ginela dagoeneko pantanoaren uraren azpian dagoen Itoiz herriko elizaren maldan hartu genuen argazkia: ukitzen nau, hiru hamarkada beranduago. Bertan lurralde bat ito zen, hizkuntza bat, errepide bat eta agian ilargi beteko gauetan Itoizko zeinuak jotzen entzuten dira oraindik. Aroztegian behar bada etzidamu sorginak hautemanen diren moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.