Itxaro Borda
LAUHAZKA

Amets totalitarioak

2017ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Frantziako lehendakari berriak amets bat dauka: bere herrialdea, hautsia eta elkar gorrotatzen duten bi partetan banatua irudikatzen du eta bera da gizon probidentziala, herrialdea bost urteetan artatuko, gozatuko, baketu eta gantzaz estaliko duena. Diskurtsoetan nahasten ditu erregeen denborako eta iraultzarekiko erreferentziak, eskuina eta ezkerra uztartzen dituela ikuspegi globalizatzaile totalitario bakarrean. Egoera larria izanki literaturaren uhinetara buruz behera jauzi egiteko ordua dugu.

Bi ildo nagusi urratu litezke: batetik, Hannah Arendt handiak, Totalitarismoaren jatorria obra maisuan, politika mailako mugimendu etengabearen oldeetan faxismo neoliberalaren ezaugarriak finkatzen zituen eta bestetik Emile Zola trebeak 1896an plazaratu Paris nobelan, gaur bezala, sozialki eta politikoki apurtu estatuaren itxura eskaintzen zuen, III. Errepublikako gobernuak osatzeko airean zeuden ezker-eskuinak batzeko fantasmak jorratuz! De Staël andereak berak aspaldian berantetsia zuen la république apaisée haren etorrera!

En marche deitzen da Macronen atzetik dabilen saldoa, jendarte zibileko mailak oro biltzen omen dituela. Baina ikertzen bada klase ertaineko kideak dira gehienak, krisiagatik irabazle ateraiak: langile arrunt, laborari eta langabeturik ez da aurkeztuko aurten ere parlamenturako bozketara. Presidentea mintzo denean iluminatu baten predikua entzuten gaudela dirudi, aldi berean dirua maite duen printze makiavelikoa eta Napoleonen ondorengo zuzena izan nahiko balu bezala. Bizitza politikoaren globalizatzeko jaidura nabaritzen zaio eta kolonialismoaren erroetan bermaturiko Frantziaren handitasuna ez du ahanzten: le monde et l'Europe ont plus que jamais besoin de la France. Ez gutxiago. Bere zibilizazio misioan bederen sinesten du.

Iluminazio eta fede atenporalek sustatzen dituzten mugimenduak lanjerosak izan daitezke. Gatazkak zurruntzea eta leize sozialak berdintzea xede duten mesias neoliberal berrien politikez mesfidatu behar genuke. Gerra edo gerrilletako erailketak ekiditeko helburua ederra baldin bada, solasek, hizketaldiek, eztabaidek ez dute gelditzeko premiarik: jendarteak bizirik jarraitzeko eskubidea du, gertatzen dena kritikatzeko edo zergatik ez, sarkastikoki trufatzekoa ere bai. Mutur eder batek ( Nit I Dia telesaila katalaneko Clara Segurarena nahiago dudan arren) ez du baitezpada lehendakari ona egiten, bera baino bi hamarkada zaharragoa duen andreak People egunkariaren zutabeak kitzikatuagatik: Trumpen zerbait bada Macronengan.

Emile Zolak (1840-1902) XIX. mende bukaerako Frantziako garapen industrialaren urrats morbidoak hurbiletik idatzi zituen, bereziki Rougon-Macquard sagaren hogei bolumenetan. 1887ko L'Aurore izparringiko J'accuse artikuluaren egilea zen, Dreyfus aferaren karietara. Frantzia ebaki baten lekukotasuna ekarri zuen 1896an Paris eleberria plazaratu zuenean Ravacholen trakako edo Europatik ihesean etorri anarkisten atentatu terroristak biderkatzen zeuden garaietan. Geriza sozialik gabeko herritarren miseria latza zen orduan eta aberats zein aristokraten opulantzia guztiz agerikoa. Idazleak, munduen artean, gaindiezinezko holtzak altxatzen ditu, fikzioaren bahea erabiliz.

Salvat anarkistaren gillotinatzea deskribatzen digu, labanak gizon gaizoaren lepoa mozten duen uneko zarata entzunarazten digularik, martirismo kolektiboari bidea irekiz. Deus galtzekorik ez zuela, Guillaume Froment sartuko zen baltsan, berak asmatu zartagailua pausatuz La Communeko bekatuen expiatzeko eraikiriko Sacre-Coeur elizaren oinarrietan, estreina egunean: ez zaitez nehoiz joan eliza zurbil horren bisitatzera, bertan ehortziak direlako langileen eta proletario biluzien desioak! Atentatua ez zen obratuko eta behingoz Zolaren nobela bat happy end batez bukatuko zen, anaien arteko malkoek troxaturiko mundu hobe baten xedea zizelkatuz. Debaldetan: ez dira atzokoak frantsesen egungo minak, frustrazioak, herrak, zinkurinak, eta ez dituzke Macronek soilik sendatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.