Itxaro Borda
LAUHAZKA

Didaz Didam

2015eko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Apirila erditsutan ireki zen Baionako Didam deitu sorkuntza garaikidearen aterpe berria Sistiagaren margoekin. Ezkandraikoen kemenez egitarautu Etiopikoen karietara izan zen. Santizpiritu auzoan kokatu itsas aferen kudeantza ziurtatzen zuen administrazioak abandonatu egoitza, agudo eta doi konpondu zen, behialako Carre Bonnat-en ixtea balantzatzeko.

Kultura eta Kirola festibalaren aitzakian Raymond Depardon argazkilariak joko olinpiko ezberdinetan hartu potretak dilindatu ziren Didameko hormetan: Mark Spitz, Nadia Commanecci, Lasse Viren eta Valeri Borzov… Black Panthersen kide ziren txapeldunen esku mutur altxatuak Mexikoko podiumetan. Bai eta Municheko sarraskia. Zuri-beltzezko artelanek ez gintuzten gaztetzen.

Auzapezaren, axuantaren eta Vincent Maraval eragilearen mintzaldiek ekitaldia abiatu zuten, atzean zeuzkatela pantailetan distiraz zebiltzan Teddy Rinner, Boris Diaw eta beste milioi-zaku harroak. Emazte gutxi goi-mailako kirolean… aurtengo Baionako Besten afixa kitxean bezala: xahakoak, tripa-handiak, mozkorrak, begi ezkelak, frantses banderaren hiru koloreak, denak azaltzen dira, salbu emazteak. Gauza jakina da, bestak ez dira emaxtekientzat edo/eta gay xoxoloentzat.

Hondar asteotan, Kultura eta Kirola festibalaren flop ikusgarriaren ondotik Aturriko urak, Baionako herriko etxekoak baino zoharragoak direla aitortu genezake. Galderak hegalda dabiltza, demokrazia guztietan legez:diru publikoaren kopuruaz eta erabileraz, zer? Ekitaldiaren edukiaz, zer? Nondik norakoaz, zer? Quid orain arteko eta jada egingo ez diren festibalez? Herioaren ordua hurbildu zitzaien Translatines delakoei, Ruee au Jazz eta Maimorables entzutetsuei. Black and Basque jaialdia, aldiz, perfusioarekin datza, hedailo.

Depardonen estreinaldi egunean, diskurtsoak bihikatu aurretik, ezagutzen dudan hemengo Poutinezalea jarraitu nuen Baiona Maite zaitut lema ardatz bildu hiritarrek banatu fanzinea, flyers ofizialetatik kentzen. Ardoa eskuan, beranduago, zinkurinaz ari zen bera ere, dirua luzatzen zitzaiola burrustan Kultura eta Kirola jaialdiari Bonnat museoaren irekitzeko sosik ez zegoen artean. Izerdia usnatzen zen, giharren berotzeko gantzugailu eta eguzki krema karioekin dantzan. Baionako happy few gehienak han ziren-geunden (rayez les mentions inutiles) aurkarien seinale baten aiduru: elektrika joan zen oren laurden batez eta auzoak xuxurlatu zidan errudunak anonimous ospetsuak zirela! Gustatzen zaigu lanjeroski bizitzea. Alaina…

Bi urte hauetan Lapurdumeko kultura larre-motza, ibilera bortxazko ugaldizatze oldearen meneko dago, eta horrek ez du ezer onik hitz ematen: Ugalde axuantak, plantakoa eta gisakoa bestalde, sinesten du, errepikatzen duela buklean, kultura, ekonomiaren ezpata zorrotza dela, hiriari txintxina eta Lesseps kaiako bederatzi ehun metroak urbanizatzeko bultzada ekarriko diola. Jaun horrentzat mundua zartatu zenetik biribildu kultura aktarik erraldoiena 1932an gertatu zen, Baionako Bestak lehen aldiz ireki zirenean. Bost axola Victor Hugo edo Roland Barthes noizbait hemen egon zirela jakitea.

Funtsean, kontsumitu behar da, itsuki, falangaz, kirola, xingarra, txokolatea, zirkoa, herritarren diruaz Hollande presidentearen emaztegaiari joan-etorri lasterra eskainiz edo Levalloisko dojoak 8.300 euro hilabetean ordaintzen duen Teddy Rinner Baionara tirriaraziz. Eskandala bat, taldea gorrian dagoelarik finantzen aldetik. Ezen kultura, jende horientzat, ez da sekula euskarazko, okzitanozko, gaztelerazko, arabarrezko edo sefardien hizkuntzaz ekoiztu ekimen lokala. Hori da Baiona hargatik, kostaldeko edozein hiri baino anitzagoa, bihurriagoa, sentiberagoa, alaiagoa, kezkatiagoa, bere zoritxarrerako, herrikoiegia…

Bi udaberri eskas boterera hupatu udaletxeko gizon-emazteek Kultura eta Kirola festibalaren estakurua baliatu zuten, agian, hauteskunde kanpaina denboran, beraien alde, hortzez eta haginez, zutitu baionarren sariztatzeko. Porrotak, Leon erregea biluzik utzi zuen.

Eskerrak JR-ek ezezkoaz erantzun ziola BO eta AB taldeen fusioari.

Labeak bero darrai…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.