Itxaro Borda
LAUHAZKA

Dylan is Dylan

2016ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Bob Dylanek ez zuen sekulan nahi askok irudikatzen zioten profetaren tokian kokatu. Logikaz espero zen gunean igurikatzen genuen —ni ere artaldean sartzen naiz behingoz...— eta hirurehun eta hirurogei graduko bihurra hartzen zuen, berak ere pentsatzen ez zukeen basamortuetan alderrai abiatzeko. Robert Zimmerman handiak, Minnesotako ume mokoak, Elvis Presleyren gerri mugimendu lizunek zoratu zutenak ez die Suediako Nobel komitekoei erantzun eta naski ez du komentario izpirik atera mass-medietan. Jende parrasta bat kezkatzen dabil, egiazko idazleez gain, saria zuzena ez den artista bati joan zaiolako urrian. Alabaina, pronostikoen arabera Adonis siriar poeta, Philip Roth amerikarra ala Ngugi Wa Thiong'o keniarra igurikatzen ziren. Geroztik aurka diren idazleen fronteak erasoa darama egunkarien berrogeita seigarren orrialdeetan, kirolaren, iragarki sailkatuen eta horoskopoaren artean. Frantsesak lehen lerroan dira Pierre Assoulinen gibelean: saria bardo soil bati eman omen zaio eta kolpe larria da literaturarentzat. Ez da segur Stockholmera hegaldatuko denik ere, beraz…

With God on its side...

Askorentzat alabaina kantaren alorra ez da literatura eta ez du bere eremuaz kanpoko saririk merezi. Hiruzpalau mendetan idatziaren munduak, liburuak eta beranduago nobelak (asmakizun burgesa) bereziki iristekoa zen maila finkatu zuen gorenean. Idatziaren indar betearen izenean baztertu ziren ahozkotasunaren altxorrak, eresiak, auhenak, baladak, bertsoak, Mainzeko Gutenbergen berunezko inprentetatik ateratako lanak egundainokoan hobesteko. Uste barreiatu da irakurria ez denak pasibo, berdintsu eta kolektibo batean urtuak egiten gaituela, jakintza mota bat ahotsaz heldu arazten digun rapsodaren aitzinean adibidez. Liburu baten irekitzeak aldiz aktibo eta bakarti, kasik jainko txiki eratzen gaituzke hitzaren parean. Taula gainean, kanta bat, edozein, Bob Dylanen Masters of War edo Maddi Oihenarten Egün bereko alargüna izanagatik, saldoan hartzen dugu, ukiduraren mugetan, askotan ez dugula arrazoinamendua erabiltzen kontzertu batean gaudenean. Iragan maiatzean bezala, Anoetan, milaka gorputzek Bruce Springsteen, bozaz lauhazkatzen genuela, ilunean, begiak hertsirik.

The answer is blowin'in the wind...

Sariek ez dute sekula adostasunik lortzen. Ez hemen, ez han. Alderantziz. Kritikak eta galderak ernatu arazten dituzte eta funtsean, ororen buru, ez da ondorio makala. Zer da literatura? Nor da idazlea? Batzuek diote liburuak plazaratu dituena dela idazlea, apurrek ihardesten dietela liburuak ez direla irizpide bakarrak eta abestiak, melodiak eransten ez zaizkien bitartean poesiak direla, Matrix edo House Of Cards telesailaren oinarrian, paperean etzan aditz distiratsuak daudela. Idazlea baino zikoitzagorik ez dago lurraren azalean —lasai, badakit zertaz ari naizen!— Bestalde Roland Barthesek zioenez, literatura unibertsitateetan irakasten dena baizik ez da. Gainerakoan, formak zein edukiak anitzak dira eta guztiak zilegi, idazkuntza komunikatzea eta jendarte bat islatzea, zergatik ez jorratzea, xede denean.

Knock, knock, knockin' on heaven's door...

Nobeleko epaimahaikideek halatan liburua eta irakurketa bereizi dituzte eta zenbaitentzat une horretan hasten da mendebaldeko europar kulturaren gainbehera. Ikuspegi katastrofistak ugariak dira azkenotan. Ez dakigu gehiago neurria atxikitzen. Alta Desolation Row izkiriatu, sudur ahotsez eta bi gitarrez zurkaizturik kantatu zuen artistari, aspaldian zor zitzaion horrelako ohorea: gauaren minean, desesperantzaren mugetan, EH barnealdea zeharkatzeko tenorean entzuteko puskarik hautuena da, ederrena ez baldin bada. Zirrara eragiten du eta badu orain mende erdia agertu zela Highway 61 Revisited albuma. 1978an Ameriketan egon nintzenean erosi nuela ezin dut ahantzi: emakumea burdina-gorriz markatzen du horrek. Nork ez du begietsi No Direction Home dokumentala, 2005ean, Martin Scorsese ospetsuak zuri-beltzean bildua? Fotogramaz fotograma, hiru oreneko bidaia harilkatzen digu Bob Dylanen itzalean. Zintzotasunaren holtzean dilinda,

On Desolation Row...

Leku egokia Nobel Saria emateko aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.