Itxaro Borda
LAUHAZKA

Amets gaizto atomikoak

2016ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Literaturako muturreko esperientzia da zartatze atomikoa irudikatzea eta horren ondorengo galaxiaren asmatzea. 1945eko abuztuaren 15ean Hiroshima eta Nagasaki mendeetarako kolpatu zuen Enola Gay amerikarren H bonbaren inguruan lan asko garatu ziren eta pentsamendu berri bat ernatu zen, katastrofista bezain apokaliptikoa neurri handi batean. Mad Max saileko filmetako pertsonaia biolento eta paisaia suntsituak ikustean nonbait eta nolabait istorioaren oinarrian behialako zartatze atomikoa dagoela susmatzera behartuak gara. Energia iturriak agortuak dira, sozietatea ezabatua da erabat, baina Notbushen sortu Tina Turner uhergarriak oraindik ere we don't need another hero oihukatu dezake. Dena ez dela galdua seinale…

La Décroissance hilabetekaria erosten dut Baionako Alsace Lorraine karrikako Balto taberna-denda lagunkinean. Aldizkaria ireki aitzin azken orrialdeko artikulura lehiatzen naiz: Negawatt elkarteko kide batek gaurko nuklear industriaren egoeraz zutabe jarraitua orrazten du eta nik, gazura bailitzan, irentsi dezaket EDF, AREVA, EPR eta atomoaren destinoak marraztu gertakari sinets ezinen kronika argitsua. Aktiboa baino, irrati-aktiboa sentitzen naiz erraienen sakonetik, ikara, daldara eta txika-txika zurrun. Kraftwerk krautrock taldearen musika zati elektrikoa bilakatua banintza bezala. J'adore! Japoniarekin batera, Frantzian da zentral nuklear kopuru gehiena kausitzen eta hauen erabilpen epea, berrikitan, oraino 20 urtez luzatu zuen Segolene Royal ekologiako ministroak, jakin arren anitz eta asko azken hatsetan direla jadanik. Bospasei geldituak dira, arazo teknikoak direla kausa.

Frantziako arduradunak energia nuklearrari biziatuak dira, ezin higuinduak, drogatuak, obsesionatuak. Diru publikoa zurrupatzen duen putzua da, hondorik gabekoa. Radioactif izeneko eleberrian, Vincent Crouzet idazleak AREVA enpresaren inguruko finantza alorreko manipulazio erraldoiaren mekanismoak atalez atal ikertzen ditu fikzioaren sarea baliatuz. Kongo ekialdean eta Namibian erosi zuen uranio ustia leku pare bat bere funtsezko balioaren haragoko dirualde munstro baten trukean. Bi miliar dolar pasako sos publikoa nora joan den ari dira Parisko epaitegiak aztertzen, 2007 eta 2012an gobernuan ziren txorimaloak deklaratzera deituz, ohiko mahai peko eta atzera-komisioak galdezka gai alabaina, hala nola Patrick Balkany Levalloisko auzapeza, Sarkozyren eskuin apuña. Anne Lauvergeon, alias Atomic Anne, AREVAren zuzendari ohiak ere arazoak ditu justiziarekin. AREVAren bankarrota iragarria da eta menturaz herritarrek zergetatik ordaindu beharko dute bakar batzuen handi nahikeriaren hutsala!

Vincent Crouzeten Radioactif nobelan eskandalu horren itzal guneak plazaratzen dira, zehazki, lekuak eta pertsonaien izenak aldatuak direlarik. Nortasunak ez ordea. Errealitatearen eta fikzioaren artean ibili da egilea eta irakurlea, dakienetik, deituren gibelean benetako izanak jartzera jolasten ahal da abantzu lau ehun orrialdeetan zehar. 2014an atera zen, jadanik AREVA aferaren nondik norako gehienak ezagutuak zirela. Baina kontuz dabiltza guztiak, jukutriaren eta iruzurraren birusak kontaminatutako enpresarekin, nagusiek auzitegietara edonor igortzeko ahur prestua dutelako. Nuklear sakro-sainduaren aurkako iritziak azaltzen dituzten aldizkariei adibidez, publizitate bidezko laguntzak ere ukatzen dizkiete.

Atomoaren garaia pentsamenduaren iraunkortasunaren zero gradua bihurtua da mende erdi honetan. 1956an Gunter Anders filosofo alemanak, Hannah Arendten senar izanak, izkiriatu zuen bi tomotan banaturiko Gizakiaren Zaharkitasuna (Die Antiquiertheit Des Menschen) hausnarketa sarkorrean zartatze nuklearraren (gerrarako, entseguetarako ala nuklear zibilerako engoitik) ondorio etikoak bihikatzen dizkigu: antsiaren indar hedatua, prekarietatearen hegala, nihilismoaren normaltasun izugarria, sekretukeria maltzurra, atomoaren mutil izatera apaldu mundu mailako jendartearen kritika larrutua eskaintzen zigula.

You want it darker abesten zuen Leonard Cohen (jada) zenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.